bEREZ ez dirudi zaila denik galderari erantzutea. Errezelorik ez sortzeko, RAEren (Espainolaren Errege Akademiaren) hiztegira jo dut definizio bila: "decisión de los pobladores de una unidad territorial acerca de su futuro estatuto político". Hara! Itxuraz erraza zena, konplikatzen hasi! Izan ere, zer da "unidad territorial" delako hori? Nork erabakitzen du, esaterako, Euskadi "unidad territorial" den ala ez? Kontuak ez dira argiago geratzen gure entziklopedietara joz gero. Lur Eskolarako Hiztegi Entziklopedikoaren arabera, "nazio bateko biztanleek nazioaren politika estatutua libreki aukeratzea" da autodeterminazioa. Nazio esan ordez, herri dio Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoak ("herri bateko biztanleek bere estatutu politikoa libreki hautatzea"). Definizio batzuk eta besteak alderatuta, ez dago zalantzarik etorkizunean zein egitura politiko nahi den erabakitzea dela autodeterminazioa, eta erabaki hori herriek edo nazioek izan ohi dutela (edo, nahiago bada, batasuna duen lurralde bateko biztanleek). Hortxe dago, ordea, gakoa: nork duen erabakitzeko eskubidea.
Zer esan dugu honetaz geurean, plurala dela esaten dugun herri/nazio/lurralde honetan? Ibilbide luzea egin dugu, zalan-tzarik gabe. Hain zuzen ere, azken egunotan irakurritako adierazpen batzuk jarri didate burua dantzan, eta hortik sortu dira ondoko lerroak. Luzeegi joko luke Erdi Arora, are XIX. mendera atzera egiteak; aski izango da 1980ra arteko atzera bidaia egitea. Garaikoetxea buru zuen lehen Jaurlaritza hark inolako zalantzarik gabe aldarrikatu zuen geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea. Jaurlaritzaren ondoan, alderdi politikoek eta Legebiltzarrak berak ere aldarrikatu dute eskubide hori.
1988ko urtarrilean sinatu zen Ajuria-Eneako Itunak onartzen zuen espainiar Estatuak errespetatu eta onartu egin beharko zuela gehiengoaren borondatea; baldintza bakarra jartzen zuen, bide demokratikoak, bakezkoak, erabiliz adieraziko zela borondate hori. Hala eginez gero, esparru juridikoa aldatzeko aukera ere aurreikusten zuen. Gatazka politikoa bazela onar-tzen zuten Ituna sinatu zuten alderdi politikoek, baita Alderdi Popularrak ere.
1990ean, Eusko Legebiltzarra izan zen aldarrikatu zuena Euskal Herriak bazuela autodeterminaziorako eskubidea, hau da, lurralde honetako biztanleek bazutela eskubidea demokratikoki eta libreki erabaki-tzeko nolako estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala izan nahi zuten. Gertuago geratzen zaigu 2001eko Kursaaleko Adierazpena, 2004ko Estatutu Politiko Berrirako Proposamena eta 2008ko Kon-tsulta Legea. Baina gure artean aspaldi hasi ginen kontrako ahotsak eta iritziak entzuten; alderdi politiko batzuek Ajuria-Eneako Ituna sinatu bai, baina ez dute pausorik eman bide horretatik aurrera egiteko. Zergatik?
Berez, autodeterminazio eskubidea, etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeak ez dakar nahitaez independen-tziaren edo sezesioaren aldeko erabakia. Baina horretarako bide eman dezake, eta horrek hainbatengan benetako kezka eragiten du. Eta hor etorri zaizkigu modu bateko eta besteko ustezko argudio eta arrazoiak: koloniek bakarrik dute autodeterminazio-eskubidea, edo diktadura baten pean egin diren herriek, inola ere ez demokrazia betean bizi direnek. Edo, autodeterminazio eskubidea ez da existitzen; hemen ez dago horrelako eskubiderik izan dezakeen naziorik. Edo, Espainiako Gorteetan dago subiranotasuna; Euskal Herriak ez du kontsultarik egiteko ahalmen juridikorik. Edo, Europar Batasunak ez du onartuko bere barnean horrelakorik?
Bada bestelako argudio modu bat ere: horrelako proposamen eta aldarrikapenek zatitu egiten dute gizarte hau, gizartearen zati bat bestearen aurka jartzen dute; edo, gizartearen zati bat kanpoan uzten dute, ukatu egiten diote benetako euskaldun izaera. Urtetan entzun dugu indarkeria zela oztopoa; indarkeriarik ezean, egitasmo politiko guztiak izango zirela zilegi, harik eta bestelakoak esaten hasi diren arte. Bestelako horien artean azkena Antonio Basagoiti Euskal Alderdi Popularreko presidentearen baieztapena: ETA gaur autodeterminazioa da, pistolak baino areago (luze joko luke ETA zer den eta zer ez den, azken urteetan esandakoa aztertzeak ere, baina hobe hurrengo baterako uztea). Erakundeetan indartu eta hortik gizartea desestabilizatu, hori omen da gaur ETAren helburua. Lehengora gatoz, indarkeriarik gabeko gizartean, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen gehiengoa izatea, gizartea desestabilizatzea da.
Eta zer ikusten dugu nazioartean? Kosovoren kasuak ez zuela zerikusirik gurearekin esan digute, Montenegroren kasuak ez duela zerikusirik gurearekin esan digute. Eta Kanadak? Edo Groenlandiak, edo Eskoziak? Kanadako Konstituzioak ez zuen autodeterminazio eskubiderik aurreikusten, baina bi bider galdetu zaie quebectarrei Kanadaren zati izaten jarraitu nahi duten ala ez. Eta quebectarren gehiengoak sezesioaren alde egingo balu, Quebec-ek ezingo lioke erabaki hori Kanadari inposatu, baina ezta alderantziz ere. Halakorik gertatuko balitz, negoziatu egin beharko lukete bi aldeek nola gauzatu, nola jaso ordenamendu juridikoan quebectarren erabaki demokratikoa. Oso antzeko bidea egin du Groenlandiak ere: hango biztanleen gehiengo zabalak eman zion baiezkoa independentziari atea zabaltzeko aukerari. Kon-tsulta hutsa ze, ez zen loteslea, bi aldeetako legebiltzarrek berretsi beharko zuten; baina alderdi politiko guztiek zuten konpromisoa hartua herritarren iritzia errespetatzekoa.
Eta zer esan Eskoziaz? Erreferenduma banderatzat hartu eta azken hauteskundeetan gehiengoa lortu ondoren, 2014ari begira daude guztien begiak jarrita. Londresko gobernua saiatuko da eskoziarrek independentziaren aldeko botorik eman ez dezaten, baina ez du inondik inora erreferenduma galaraziko. Londresekin nolako harremana nahi duten erabakitzeko eskubidea emango zaie, itxura guztien arabera, Eskoziako gizon-emakumeei. Europak, jakina, ez du hitz erdirik esan.
Horren guztiaren indargarri, Hagan egoi-tza duen Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2010ean ebatzi zuen nazioarteko legeriak ez duela independentzia aldarrikapena debekatzen; estatuen arteko harremanari dagokion auzia da.
Laster izango ditugu hauteskundeak eta oso litekeena da erabakitzeko eskubidea defendatzen duten alderdiek gehiengoa izatea Eusko Legebiltzarrean. Zer erakutsi digute Europako eta Amerikako demokraziek? Zer da zuhurragoa, zer da demokratikoagoa? Ez garela nazio esaten jarraitzea, zatiketa eta bazterketa ekarriko duela esaten jarraitzea, gizartearen zati bat kanpoan utziko dugula esaten jarraitzea, autodeterminazioa eta ETA parekatzea? Ala Kanadako eredua gogoan izanik, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitea? Adostu euskal gizon-emakumeei galdetzea, eta adostu nola gauzatuko den gehiengoaren erantzunak islatzen duen borondatea. Hori ez dago gure esku bakarrik, Espainiak ere badu zeresanik; baina hor ditu Kanada, Danimarka edo Ingalaterraren ereduak. Aro berri baten atarian gaude, politika egiteko garaian, indarkeria alde batera utzi eta demokrazian ohikoak diren bideak erabiliaz, egitasmoak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta gehiengoaren babesa izango duten akordioak lortzeko garaian. Benetan sinesten badugu hala dela, bakoitza bere trintxeratik irten eta elkarrekin bidea egiten has gaitezen, elkarrekin, guztion artean, etorkizuna presta-tzen.