MILAKA euskaltzale bildu ziren atzo Donostian Korrika 17ren ibilbideari amaiera emateko ekitaldian, Euskal Herrian barna eta 11 egunetan zehar 2.500 kilometro baino gehiagoko bidea atsedenik gabe egin ostean. Aurten ere, aurreko edizioetan bezala, milaka eta milaka pertsonek parte hartu dute, ekimen honen eskutik euskararen aldeko konpromisoa, euskal hizkuntzaren defentsa baita hiztunen eskubideak ere aldarrikatzeko. Korrikaren lehenengo edizioa 1980an egin zen. Momentu horretan herri-ekimenak borborrean ziren, eta euskararen egoera larriak herritarren berebiziko bultzada bat behar zuela gogoan hartu zuten. Era berean, oraindik umotzeke zeuden euskal instituzioek ere, autogobernuaren garapenaren ondorioz sortuko zirenek, hizkuntza sustatzeko lan egin beharko zuten. Bide horretatik, Alfabetatze eta Euskalduntzerako Koordinakundearen zorioneko ideia hark harrera ezinhobea izan zuen hasiera-hasieratik euskal gizartearen baitan eta bi urtero berdin gertatu izan da, herritarren parte-hartze joria Korrikaren bereizgarri izan delarik beti. Horrek guztiak agerian uzten du gizartearen euskararen inguruko adostasuna sendotu egin dela, baita pauso berrien beharra ere. Azken 31 urteotan, hizkuntzaren egoera erabat eta oso modu adierazgarrian aldatu da. Ekimen publikoek zein pribatuek garatutako funtsezko lanak eta euskal gizartearen gehiengo zabal baten apostu ausart eta hausturarik gabekoak, milaka pertsonen eguneroko bizitzan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea erdietsi dute. Hezkuntzak -eta, horren barnean, gurasoek bereganatutako ardura eta ikastolek eta AEK edo unibertsitateetako euskaltegiek egindako lana-, euskal instituzioek hezurmamitutako hizkuntza-politikak eta milaka ekarpen anonimoek, hiritarren konpromisoarekin batera, euskara putzu beltzetik ateratzea lortu dute. Hortik hizkun-tzaren ezagutza orokorraren hazkunde onargarri bat etorri da, hobetu egin daitekeena beti ere. Pauso bat falta da baina, eta erabakigarria gainera. Aurten Korrikak euskalakari hitzaren inguruan eraiki duen goiburu aproposaren bidetik, asko dago oraindik egiteko euskararen erabilerari dagokionez. Ezagutza-maila jakin batek soilik ez du jada hizkuntzaren etorkizuna segurtatzen, hori argi dago. Euskara ikaragarrizko presiopean bizi da, bestelako hizkuntza indartsuagoen eta tresna eta bide askoz eta boteretsuagodunen aldean egoera benetan kaxkarrean dago eta. Euskararen erabilera euskaldunen artean zabaltzea beharrezkoa da, baita neurri handiagoan edo txikiagoan ikasi dutenen artean ere. Hori da Korrikak Donostiaraino ekarri duen lekukoaren mezua, Euskadiko gehiengoaren aburu berekoa dena. "Gu euskalakari, zuek euskalakari, denok euskalakari!".