HEGAZTI atseginak dira txoriak, hala iruditzen zaigu gehienoi; gozoak gertatzen zaizkigu. Kantuan egiten dute, batzuetan hitz egiteko ahalmena ere eman diegu ipuin eta filmetan? Batetik bestera hegan eginaz, berriak barreiatzen dituzte, doinuak, kontu-kontari jarduteko elkarrizketak, filmak, fikzioa... Horregatik erabaki zuten herri honetako agintariek Euskadik ere bere txoria izango zuela; eta bi eginkizun eman zizkioten, batik bat, txori hari: Euskadiko doinuak erabiltzea eta Euskadiko berriak hedatzea. Jakitun ziren doinu bat baino gehiago genituela, baina horietatik bat hemengoa zela, eta ez beste inongoa. Geuri zegokigula doinua zaindu eta indartzea, horretan ez zigulako beste inork lagunduko. Ez zen harritzekoa, beraz, doinu horretaz arduratzeko eskatzea txoriari. Egia esan, txoriaren emankizunak nola sortu ziren eta erabakiak noiz hartu ziren kontuan hartuta, geure doinu propioan jarduteko agindu zi-tzaion lehenik; ondoren etorri zen geurea ere baden beste doinuan jarduteko eskakizuna. Bestalde, gizakiok begiak eta belarriak ditugunez, txoriak bi modutan bete zezakeen agindu zitzaiona: geure begien aurrean azalduaz, etxeko leihoa irekitzen bagenion, edo belarrietara kantatuaz; txoria ez dugu ikusten, baina bai entzuten zer duen guri esateko. Badira hogeita hamar urte (ia) erabakia hartu zutela eta esango nuke jendea poztu egin zela. Urteak joan, urteak etorri, askok eta askok pozik ireki diote etxeko leihoa txoriari; pozik ireki dizkiote belarriak txoriaren doinuei.

Txori batzuek besteek baino hobeto kantatzen omen dute, doinu politagoak sortzen dituzte; edo urrunago egiten dute hegan. Bakoitzak baditu bere berezitasunak, ez dira guztiak berdinak. Egia da txori-mota asko dagoela munduan, eta txori-mota bat edo beste izango duzula bizi zaren lekuan, ezinezkoa da-eta txori-mota guztiak aurkitzea munduko edozein txokotan. Euskadiri dagokionez, ezagunak zaizkigu txepetxak, txantxangorriak, birigarroak, urretxindorrak, zozoak, amilotxak, kukuak, okilak? eta baita beste hamaika txori-mota ere. Horien guztien artetik, zein aukeratu zuten agintariek gure berri- eta doinu-hedatzaile izateko? Ez dakigu. Txoria zela, besterik ez. Nik neure aukera badut: txepetxa da. Zergatik txepetxa, pentsatuko duzue? Estimu handitan dudalako Pello Mari Otaño bertsolaria, eta haren bertsoak; eta Otañok txepetxaz esan zituenak oso egokitzat dauzkadalako. Pello Mari Otañoz gain, estimu handitan ditudalako bertsolariak, haien lana, eta, artikulu hau Euskararen Egunean idazten ari naizenez, bertsolariek euskarari ematen dioten aberastasuna. Baina txepetxa aukeratzeko arrazoiez ari nintzen. Egia da, Otañok berak dioen bezala, ez dela inguruan dugun txoririk ederrena, ezta kantaririk bikainena ere: Euskal lurreko txorietan den / txikitxoena da bera / gaztaina kolore bakarrekoa / nahi bada ez da ederra; / begi argiak, buru xapala / moko tentea aurrera, / gorputza motza, hanka laburrak, / saltokako ibilera / zalapartako hegalaria / eta kantari ergela. Baina, txikitxoena izan arren, erleek eta txindurriek adina erakuts diezagukeen txoria, Otañoren iritziz.

Baina, txepetxari ere, beste edozein txoriri bezala, hegoak ebakitzen bazaizkio txepetx izateari utziko dio. Eta ez dakit geurea izango litzatekeen ala ez. Guztiok izaten dugu modu batera edo bestera txoriei hegoak ebakitzeko tentazioa. Etengabeko tirabira izaten da txoriaren askatasun nahia, eta txoriaren joan-etorriak eta doinuak "bideratu" nahia. Orain arte, zailtasunak zailtasun eta gorabeherak gorabehera, nahikoa libre ibili da gure txepetxa, eta taxuz bete ditu hasieran eman zitzaizkion eginkizunak: herri honetako txori izan batik bat, baina mundu zabaleko berri ekartzeari utzi gabe; geure doinu propioa zaindu, geure herrian sortzen dena sarrarazi egunero irekitzen diogun leiho horretatik.

Baina txoriari nondik nora ibili behar zuen esaten ziotenak aldatu egin dira. Orain arte txepetxak ematen zuena ez omen zuten identifikatzen herri honekin, ez omen zuten beren burua islatua ikusten txepetxaren doinuetan. Eta doinuak eta mezuak aldatzen saiatu dira; orain arte inoiz egin ez den moduan, gainera. Gure txoriak, agintariez gain, bazituen zaintzaileak ere, jaten ematen ziotenak, doinuak prestatzen laguntzen ziotenak. Eta langile horiek abisua eman dute gehiegi ari direla estutzen txepetxa. Hegoak moztuta, ez dela gehiago txepetxa izango. Mezuak eta doinuak aldatu nahi dizkiotenek, ostera, pentsatuko dute agian hobe duela herri honek beste txori-mota bat izatea: amilotxa, kukua, okila? ez dakit zein, baina beste bat. Kontua da azkenean herri honetako gizon-emakumeek erabaki-tzen dutela txoriari leihoa ireki nahi dioten ala ez. Eta azken urte honetako ibilbidearen arabera, badirudi ez dutela oso gogoko txori-mota berria. Edo, hegoak ebakitako txepetxa dugula uste baduzue, herri honek egunero erakusten du ez duela horrelakorik nahi, hegoak ebakiaz ez dela geurea izango. Txepetxa nahi dugu, herri garelako, herri honen berri emango diguna. Eta txoriari leihoak itxi zaizkiola ikusita, alferrik da errua inori leporatzea. Gizon-emakume helduak gara hemen bizi garenak; ez digu inork esan behar leihoa noiz ireki eta noiz itxi behar dugun. Arrazoi merkea da inoren boikota aipatzea. Alferrik da zeruan txori-mota asko dabiltzala hegan esatea. Orain dela hogeita hamar urte baino askoz gehiago ibiliko dira, baina, hala ere, beste herrialde ba-tzuetan oso ondo identifikatzen dute, gaur ere, zein den beren txoria. Zalantzarik duenak Katalunia aldera begiratu baino ez du. Han ere aldatu ziren txoriaren gidariak, baina bertako gizon-emakumeek inoiz baino sendoago ikusten dute beren txoria (urretxindorra agian? Rosignol que vas a França?). Herri hartako txori izaten segi-tzen du, beren nortasuna islatzen duena. Eta horixe da, nik uste, gure herriak ere eska-tzen duena.

Baina ez dezagun esperantza gal. Otañoren bertsoei erreparatuz gero, zuhurra da txepetxa, seguru jokatu zalea: Txotx batek aisa jasoko luke / nola karga gutxi duan, / baina gustatzen zaio jartzea / adar sendoxeagoan; / amildu arren ez leike galdu / dakielako hegoan; / baina aurkitzen baldin bada ere / burnizko aldamioan, / hiru-lau aldiz zanpatutzen du / seguru ote dagoan. Eta ausarta, aldi berean; badaki aurrea hartzen, udaberrian habia gainerakoek baino lehen egiten: udaberrian lehendabiziko / habia txepetxarena / azaldutzen da ta ezaguna: / goroldiozkoa dena; / arbola-gerrian, huntza-tartean / du lekurik maitiena, / ta gizon askok ikusitzean / irispidean dagoena, / esan ohi dute: "Zer konfiantza / txori txar honek duena". Konfiantza du, bai, gure txepetxak. Libre utziz gero, konfiantza du zertan ari den, konfiantza du leihoak irekiko dizkiogula eta harengandik espero dugun doinua eta mezua ekarriko dizkigula.

Baina, batez ere, eta horrela amaitzen ditu Otañok txepetxari eskainitako bertsoak, ate bat ixten zaionean, beste bat zabalik izaten badaki. Zuhurtziaren seinale hori ere, zer gerta ere, irtenbidea prest izan. Garai zailak etor daitezkeela aurreikusi, eta irtenbidea bilatzen saiatu: ta edozeinek esan lezake, / berari begiratzean, / arretarikan ez daukala / egin leiokeen gaitzean; / ez-idurian hark habiari / beste zuloa atzean / egiten dio, handik joateko / aurrerakoa tapatzean, / erakutsiaz pentsa zagula / nola atera sartzean.

Amilotxak, kukuak edo okilak ez dira berez txarrak, horiei ere zabaltzen diegu etxeko leihoa. Are gehiago, nahiago ditugu egiazko amilotxak, kukuak edo okilak, txepetx itxurakoak baino. Badakit txepetxa benetako txepetx dela ikusten dugunean, eta ez beste txori-mota baten ordezkari, herri honek pozik irekiko dizkiola berriro ere leihoak.