Azken aldian gero eta oihartzun gehiago lortzen ari den kirola da OCR. Ingelesetik jasotzen ditu sigla horiek, eta sigla horiekin ezaguna bihurtu da mundu osoan: Obstacle Course Race. Euskaraz, oztopo-lasterketa deituko geniokeen horri da OCR, baina noski, buruan dituzun baino askoz zorrotzagoak diren baldintza batzuekin.
Aratz Lakuntza 25 urteko donostiarra da, baita OCR kirolaria ere. Nahiz eta duela urte bat hasi zen OCR-n, leku esanguratsu bat lortu du kirol honetan: txapelketak irabazi ditu, eta etorkizun oparoa izango duela aurreikusi daiteke.
Lakuntzaren eskutik OCR-ren definizio zehatzago bat ezagutu ahal dugu: “Karrera bat da azken finean, eta karrerak duen distantzia horretan oztopoak daude”. Asier Landart bere entrenatzailea da. Landart OCR Denontzat Irun zentroko zuzendaria da, eta gainera, OCRA (gazteleraz “Asociación Española de Obstáculos”) elkarteko zuzendari teknikoa ere bada.
Aratz Lakuntzaren ibilbidea
Esan bezala, 24 urterekin hasi zen OCR-n, hau da, duela urte bat. Berak dioen bezala, kirolari konpletoa izan da txikitatik, eta beti ona izan da hainbat kiroletan. Kirol anitzetan zuen gaitasunagatik frogatu zuen bere burua OCRan: “Alde guztietatik gorputz garatu bat izatea garrantzitsua da OCR-an”. Lakuntzak dioen bezala, OCR-an ona izateko, ez zara ona izan behar zerbait zehatzean: “Ez du askotarako balio %100eko korrikalari bat izatea gero oztopoetan ez bazara ona”. Horregatik berarentzat gakoa oreka da.
24 urterekin hasi zen entrenatzen, eta urte berean lehiatzen hasi zen. Lehenengoa karrera egin eta gero konturatu zen bere kirola zela, eta entrenatzaile bat behar zuela. Hortik aurrera, entrenatzailearekin eta nutrizionistarekin ibili da lanean. Urtarrilean hasi zen entrenatzen. 2023ko abenduan lehenengo entrenamendua egin zuen eta 2024ko otsailean bere lehenengo karrera egin zuen.
Hala ere, bere lorpenak eta karrera motak azaldu baino lehen, Aratz Lakuntzak kirol honen kategoriak eta karrera mota guztiak ezagutu behar ditugula zehazten du.
OCR-aren nondik norakoak
Oztopo-lasterketa hauetan, korrika egin ez ezik, Lakuntzak azaldu duen bezala, oztopoak gainditu behar dira. Gainera, oztopoak ez dira mota bakarrekoak: “Oztopoak hiru multzotan sailkatu ahal ditugu. Indar oztopoak, oreka oztopoak eta suspentsio oztopoak”. Asier Landartek, Lakuntzaren entrenatzaileak, dioen bezala, korrika da aktibitate nagusia: “Nire ustez, garrantzitsuena korrika egitea da. Gure entrenamenduaren %70 izan behar da karrera bat irabazi nahi baduzu. Oztopoak eta trantsizioak %30 dira”. Korrika egitea eta oztopoak zer diren argi gelditu zaigu, baina… Zer dira trantsizioak?
“Trantsizioak oztopo artean korrikalari bakoitzak ezartzen duen erritmoa da”, dio Landartek. Hau da, kirolari batek oso azkar egin dezake korrika 10 kilometrotan, “30 segundoz kruzero erritmoari eusteko gaitasuna duelako”. Landartek zehaztu du erritmoa mozten dizunean datorrela arazoa, dela lasterketa bera aldatu delako, dela giharretako nekeagatik. Une honetan, korrikalari askok behera egiten dute beren errendimenduan.
Badira, aldiz, 10 kilometro horiek egiten motelagoak izan daitezkeen beste atleta batzuk, “baina oztopo artean duten erritmoan intentsitate altuagoa mantentzeko gai dira”.
Laburbilduz, kirolariak korrika egiteari utzi eta oztopoari heltzeko behar duen denbora da. Kirolariak irtetean eta oztopoetan sartzean sar dezakeen erritmoa, eta, distantzia handirik ez badago, oztopoen artean sar dezakeen erritmoa.
“A eta B oztopoen artean 100 metro baldin badaude, trantsizioa da. Kilometro bat baldin badago, lehen 200 metroak trantsizioa lirateke. Gune horretatik aurrera, zure lasterketa erritmo ‘normalak’ protagonismoa hartuko luke berriro”.
Eskumuturrekoak arrakastaren adierazle
Korrika egitea kirol honen oinarria argi gelditu bada ere, beste zenbait ezaugarri berezi ditu. Oztopoak ez ezik, beste kiroletan aurkitzen ez ditugun arau batzuk daude. Esanguratsuenak, eskumuturrekoak eta penalizazioak.
Lasterketa baten funtzionamendua ondo ulertzeko, argi gelditu behar zaigun lehengo gauza hurrengoa da: denbora gutxien behar duena karrera bukatzeko izango da lasterketa horren irabazlea. Noski, bakarrik horrela izango balitz, lasterketa edo ohiko maratoi baten funtzionamenduaz arituko ginateke. Hortxe sartzen dira jokoan eskumuturrekoak: “Oztopo batean erortzen bazara, eskumuturreko bat galtzen duzu”. Froga bakoitzean ikuskariak egongo dira, eta ikuskari horiek izango dira eskumuturrekoa mozteko arduradunak. Hirurak galtzen badituzu, lasterketatik kanpo gelditzen zara.
Penalizazioak, eskumuturrekoak berreskuratzeko modua
Esan bezala, ohiko lasterketetan, irteera puntu bat daukazu eta helmuga bat. Helmugara heltzen den lehenengoa izango da irabazlea. OCR-n ez, helburua izan behar delako helmugara iristea 3 eskumuturrekoekin. Ez bazara hirurekin heltzen, errekuperatu beharko dituzu galdutakoak. Nola? Penalizazioen bidez.
Karrera osoa egin eta gero, helmugara heldu baino pixka bat lehenago, esan behar duzu zenbat eskumuturreko dituzun. Denak badituzu, jarraitu ahalko duzu, baina bestela… “galdu duzun eskumuturreko bakoitzeko, froga bat egin beharko duzu. Froga hori izango litzateke penalizazioa”, dio Lakuntzka. Froga bat izan daiteke pisuren bat 300 metroz garraiatzea. Hori egiten duzun bitartean, zu baino lehen beste pertsona bat heltzen bada helmugara 3 eskumuturrekoekin, zure aurretik geldituko da sailkapenean.