Adri Nogalesek 30 urte ditu. Zinema analogikoa eta digitala ikasi du, eta argazki zuzendaria da lanbidez. EHUtik eta ESCACetik pasatu ondoren, publizitatean egin du lan. Hori ez ezik, fikzioan ere lan egin du. Bere ibilbidean hainbat proiektu nahastu ditu, eta bere lehenengo telesaila Euskal Herrian grabatzen eta ekoizten den Irabazi arte deiturikoa izan zen. Aktiboki lanean egon ez ezik, irakaslea ere bada hainbat zinema eskoletan.
Orain, ASC Vision Mentorship programan parte hartzeko aukera irabazi du, eta horretan, tutore batekin arituko da lanbidearen inguruan ikasten. Bere esanetan, proiektuz proiektu hazten jarraitzen du, bere begirada fintzen eta argazki zuzendaritzaren bidez istorioak kontatzeko modua lantzen.
Zer da argazki zuzendaritza? Ikus-entzunezko produkzio orok du berea, baina publikoak ez du ezagutzen zer den…
Niretzat, argazki zuzendaria izatea istorioaren eta istorio hori zuzentzen duen zerbitzura egotea da. Emozioak irudi bihurtzeko eta kontatzen dugunarekin giro zintzoa eraikitzeko modua bezala ikusten dut. Ez da soilik estetika, eszena bakoitzaren tonua eta atmosferak zaintzea da. Aurreprodukzioan saiatzen naiz ondo ulertzen zuzendaria zer nahi duena, eta errodajean asko entzuten dut, uste dut konbo honek laguntzen duela dena naturaltasun handiagoz joan dadin.
Argazki zuzendari batek istorio bat lente baten bidez kontatzen jakin behar du, ezta?
Lente bat beste tresna bat besterik ez dela uste dut, baina bai, eszenari nondik begiratzen diozun eta zer uzten duzun kanpoan erabakitzera behartzen zaitu. Ez dut ikusten zerbait tekniko gisa bakarrik, eszenari ondoen laguntzen dion distantzia ere aurkitzea da.
Zeintzuk dira argazki zuzendari batek hartzen dituen erabakiak?
Erabakiak dira zer argik, lentek edo kamera-mugimenduk laguntzen duten eszena bat hobeto ulertzen. Nire ustez, zer sakrifikatu ere jakin behar da, set-ean, non denborak urrea den, ezin duzu dena izan, beraz, istoriorako eta zuzendariarentzat benetan garrantzitsua dena aukeratzen duzu. Zer kontatu nahi dugun baldin badakigu, erabakitzea dezente sinpleagoa izan ohi da. Uste dut asko laguntzen duela zuzendariarekin lerrokatuta egoteak.
ASC Vision Mentorship Program eskuratu berri duzu. Zer suposa-tzen du horrek zuretzat?
Niretzat betetako amets txiki bat izan da, lorpen pertsonala eta profesionala. Urte luzez kanpotik begiratzen nion programa honi. Proiektu batekin ez zaudenean, batzuetan bakarti samar senti zaitezke, eta hain esperientzia handia duen norbaiten gida izateak perspektiba ematen dizu. Argazki-zuzendari batekin horrela hitz egiteak lurrera jaisten zaitu, enfokatu egiten zaitu eta dena astiro joango dela gogorarazten dizu.
Zertan datza tutoretza-programa hau? Aukera itzela izan behar da, ezta?
Bai, ikaragarria. Oraindik ez du guztiz sinesten. Tutoretza zuzena da, bilerak ditugu, lanak berrikusten ditugu eta aipatzen genituen prozesu edo erabaki hartze batzuei buruz hitz egiten dugu. Ez da klase bat, ezta hain formala ere; laguntza bat da, irizpedia fintzeko eta jada hau guztia bizi izan duen norbaitekin hazteko.
Nola iristen da zu bezalako pertsona bat argazki zuzendaritzara? Ulertzen dut zinema interesatzen zitzaizula, baina kargu hau oso zehatza da…
Bada, egia esan, pixka bat nahi gabe iritsi nintzela uste dut. Bisuala zena erakartzen ninduen, baina tira, nik oso berandu ikasi nuen argazkiak ateratzen, ideiarik ere ez neukan. Argazkiekin hasi nintzen eta denborarekin konturatu nintzen gehien gozatzen nuena irudi batean pentsatzea zela, eta irudi horrek nola balio zuen ideia bati laguntzeko, istorio edo proiektu baten barruan zentzu bat zuenean. Ez zen oso bilaketa pentsatua izan, honekin aurkitu nintzen eta konturatu nintzenerako honetan sartuta nengoen jada.
Dakidanez, ikasketak amaitu eta Super 16mm bat eskuratzea hasi zen dena. Gogoratzen al duzu egin zenuen lehenengoa gauza?
Hasieratik ez dut gauza asko konkretuki gogoratzen, fragoa gehiago ziren eta zer gertatzen zen ikustea. Ikastera joan nintzenean iritsi zen benetako puntu eta aparte moduko bat. Hor bai gogoratzen dut filmatu genuen lehen planoa, koadro baten argia imitatu behar genuen ariketa bat zen eta Isabel Guerraren ‘La lectora’ aukeratu nuen. Intuizio handiz egin nuen, teknika justua bainuen.
Publizitatea, film laburrak… Nola hasi zen zuretzat bide guzti hau?
Gurutzatzen nindoan jendearekin hasi zen. Nigan konfiantza izan zuten lehen zuzendariak deitu zidaten bere film laburretarako, bai fikziozkoak, bai dokumentalak, eta hortik aurrera dena oso naturala izan zen. Beren lehen proiektuetarako deitzen dizute, zuk haiekin ikasten duzu eta azkenean elkarrekin hazten zarete. Ez zen plan handirik egon, gehiago izan zen konektatzen nuen jendeari laguntzea.
Zinemarekiko interesa gaztetik datorkizu?
Zinema beti gustatu zait, baina uste dut benetako interesa ikasten ari nintzenean hasi zela, gauzak ulertzen hasten nintzenean.
Ondoren, telesail bat etorri zen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Argazki zuzendari gisa egin dudan lehen seria ‘Irabazi arte’ izan da. Ikasten bukatu nuenean elektriko gisa lanean hasi nintzen telesail berdina. Nire ustez, zorte handia izan zen argazkiaren begiradatik itzuli ahal izatea, taldea eta proiektua ezagutzen nituelako.
Erreferenterik al duzu?
Uf! Jeff Wall, ikaragarri gustatzen zait nola eraikitzen dituen eszenak eta argiak, dena oso pentsatuta dauka, baina bere argazkiak ikusten dituzu eta dena oso naturala ematen du. Eta Rodrigo Prieto ere, asko gustatzen zait zelan moldatzen den film bakoitzera eta nola hainbat hizkuntza bisual erabiltzen dituen bere bihotzik galdu gabe.
Arlo estetikoan, zeri ematen diozu garrantzi gehien?
Gehien axola zaidana da ez oztopatzea. Hau da, ez ikuslea ez oztopatzea pelikula ikustean. Aurreprodukzioan edo jada set-ean hartutako erabaki estetiko batek zuzendariaren ideiari laguntzen ez badio, ez du balio.
Zer iruditzen zaizu garrantzitsua sekuentzia batean?
Niretzat sekuentzia batean gauzarik garrantzitsuena da ulertzea zer paper duen pelikularen barruan, eta ikuslearengan zer emozio sentiarazi nahi dugun pelikula ikusten ari denean. Eszena bakoitzak funtzio bat betetzen du, eta horrek gidatzen ditu erabaki guztiak, kameraren mugimendua, argia… Hau da, sekuentziak kontatu behar duena jakitea da garrantzitsuena.
Oso lan garrantzitsuak egin dituzu. Bata Aitanaren Cuarto Azul diskoaren iragarkia da, nolakoa da halako ekoizpen batean lan egitea?
Presioa aldatu egiten da, lehen aldian asko nabaritu nuen. Baina prozesua antzekoa da. Aurreprodukzioan gogoratzen dut mila betile irekita edukitzea erreferente guztiekin, nahiko urduri nengoen lehen ideia bat ez zetorrelako… Baina behin set-ean, presio hori joan egin zen. Filmatzen hainbeste gozatu nuen, urduri nengoela ahaztu egin zitzaidala.
Aitana ez ezik, Xiaomi eta Goiko Grill markentzat ere egin duzu lan Nico WIlliamsekin batera. Zaila al da bezero bati egokitzea norberaren estiloa ere garrantzitsua denean?
Publizitatean uste dut lanaren parte dela markara egokitzea. Bezero bakoitzak tonu eta asmo desberdina du, eta hori ulertzea gure aurreprodukzioko lana da. Norberaren estiloa gehiago agertzen da grabatzen gaudenean arazoak agertzen badira horiek konpontzeko moduan. Fikzioan antzeko zerbait gertatzen da, azkenean zuzendariak istorio hori kontatzen duen moduari jarraitzen diozu, eta hortik aurrera laguntzen duzu, edo proposatzen duzu.
Adri, gaztea zara, eta denetarik egin duzu. Bideoklipak, iragarkiak, film laburrak… Zer geratzen zaizu aurretik?
Aurretik geratzen zaidana ikasten jarraitzea da, asko asko berrikastea. Noizbait film bat iritsiko da, presarik gabe, pixkanaka-pixkanaka. Horrela hazten jarraitu ahal badut, niretzat hori jada asko izango da.