Nafarroako sagardo sagar ekoizleek Sagarrica Elkartea sortu dute sektorea antolatzeko eta elkarlana susta-tzeko. Fruitel Elkartea bidelagun, 2022 urtearen amaieran Sagarrica Nafarroako sagardo sagar ekoizleen elkartea sortu zuten ondoko helburuekin: Nafarroako sagar ekoizleak elkar ezagutzea, bertako sagar barietate zaharrak berreskuratzea, Euskal Sagardoa jatorri deituran sartzeko urratsak ematea eta sagarren ekoizpenaren sektorearen errentagarritasuna lortzea.
Doneztebeko, Baldorbako, San Adriango eta Oskozko lau sagar ekoizle zeuden hasieran, baina pixkanaka jende gehiago taldera batzen joan zen, eta gaur egun hamabost ekoizle daude Sagarrica Elkartean sartuta. Ekoizle txikiak izan arren, denen artean 80 bat sagar hektarea dauzkate.
Nafarroa ere sagarrondo herrialde bat da, eta Iparraldeaz gain, historikoki Ebroko Erriberan eta Arga ibaiaren ertzean sagastiak egon dira: “Sagar barietateei dagokionez, aberastasun genetiko handia dago Nafarroan: bertan, baditugu 200 sagar barietate sagardotarako zein mahairako”, adierazi du elkarteko presidente Lander Sagaseta sagar ekoizleak.
Barietate zaharrak berreskuratu
Sagarraren zaintzak garrantzia handia du, eta bertako sagar barietate zaharrak berreskuratzea elkartearen helburuetako bat da: “Sagar barietate berdinak tokiaren arabera ezberdin funtzionatzen du, eta hori gerta-tzen da Narbarteko Gorria sagar barietatearekin. Jatorria Narbarten duenez, ondo aklimatatzen da Baztan-Bidasoa aldean zein Erriberan, baina beste lekuetan su-gorrinak kaltetzen du”.
Lander Sagasetak bere lurretan ekoizten dituen sagarrak Gipuzkoako sagardotegiek hartzen dituzte, sagardoa egiteko. Sagarrica elkartean sagardo sagar ekoizleak bakarrik sartuta daude, eta nahiz eta sagarrak Gipuzkoako sagardotegietara ekarri, Nafarroako sagardo ekoizleek ere erabiltzen dituzte beren sagardoa ekoiztu ahal izateko.
Sagarrica elkartearen sorrera Nafarroan sagarrondoen inguruan dagoen tradizioa eta kultura biziberritzeko bultzada izan da, eta sektorea hobetzeko helburuarekin ari dira lanean: “Etorkizunera begirako gure erronkarik nagusietakoa sagarraren ekoizpena erregulatzea da, horrek egiten dugun lanean segurtasuna bermatuko digulako eta sagardotarako sagarren ekoizpenaren sektoreari errentagarritasuna lortzeko aukera emango diolako”, azpimarratu dute.
50 sagar barietate
2017az geroztik, Nafarroako sagardo sagar ekoizpena Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenean onartua izateko lanean dihardu elkarteak, hauen ustez jatorri deituraren barruan egoteak kalitate gorenean lan egiteko aukera emango dielako Sagarrica Elkarteko sagar ekoizleei: “Nafarroan baditugu Jatorri Izendapenaren barruan sar daitezkeen 50 sagar barietate. Beraz, ekarpen hori egingo genioke jatorri izendapenari”.