ICCATek 62.000 tonatan ezarri du atun mojaren harrapaketa muga 2022rako

Arrainak biltzeko gailuak erabiltzeko debekualdia 72 egunekoa izango da, urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra

28.11.2021 | 00:25
Bermeoko ontzi bat Atlantikoan. Argazkia: Ramon Basaldua

bermeo – Atlantikoko atunaren ustiaketa kudeatzen duen erakundeak, ICCATek, 62.000 tonako harrapaketa muga jarri du atun mojarentzat 2022rako, aurreko urtean baino 500 tona gehiago. Tunido tropikalak kontserbatzeko eta antolatzeko urte anitzeko plana luzatzeko lortutako akordioaren arabera ezarri dute datorren urterako kopuru hori. Beste alde batetik, eta atun moja eta atun hega-horiko ale gazteen arrantza-hilkortasuna murrizteko helburuarekin, urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra arte ontziek ezingo dituzte erabili arraina biltzeko gailuak.

Aurreko urtean, hiru hilabetekoa izan zen debekualdia. Ontzi bakoi- tzak ezingo du erabili 300 gailu baino gehiago eta ontzi laguntzaileen kopurua bere horretan mantenduko da. Atun hega horiari dagokionez, urteko harrapaketa muga aldaketa barik mantentzea erabaki dute ICCATen eta ontziek 110.000 tona arran-tzatu ahal izango dituzte 2022an. Gogoratu, marradun atunak edo serrutxoak ez daukala harrapaketa mugarik stockaren egoera osasun-tsua dalako.

Hiru espezie horiek arrantzatzen dituzte euskal atunontzi handiek Guineako Golkoan eta Atlantikoaren ekialdean. Bermeoko hemeretzi atunontzi eta hamabi bat laguntzaile ari dira hango uretan inguraketa sareak erabilita eta ICCATek urteko batzar nagusian hartutako erabakiek garrantzi handia dute haien jardunean. "Atun mojaren stockaren azken azterketak aurrekoak baino emaitza hobeak eman ditu eta hobekuntza horretan oinarrituta uste dogu posible zala arrainak biltzeko gailuak erabiltzeko debekualdia gehiago murriztea" adierazi dute ANABACetik. Bermeoko atunontzien enpresa talde bat batzen duen alkarteak nabarmendu duenez, "2020 eta 2021 urteak oso gogorrak izan dira Atlantikoan arran-tzan ari diren ontzientzat eta hurrengo urterako arrainak biltzeko gailuak erabiltzeko debekualdia hamazazpi egunetan murriztu bada ere, uste dugu galera sozio-ekonomikoak larriak izaten jarraituko dutela hirugarren urtez jarraian". ANABAC elkarteko zortzi atunontzi ari dira arrantzan Atlantikoko ekialdean. OPAGAC elkarteko arduradunen ustez, arrainak biltzeko gailuak erabiltzeko ezarritako debekualdiak kalte handia egiten dio euskal flotari. "Zientzilarien arabera atun mojaren egoerak hoberantz egin badu ere, herrialde batzuei asko kostatzen zaie eskua zabaltzea guretzat hain garrantzitsua den arlo horretan. Azken minutuan akordio bat adostu genuen gure flotari kalte handia egiten dion arraina biltzeko gailuak erabiltzeko debekualdia hirurogeita hamabi egunera murrizteko eta harrapaketa muga handitzeko, apur bat baino ez bada ere".

Atun moja garrantzi estrategikoa du Atlantiko ekialdeko uretan arrantzan ari diren euskal ontzientzat. Ez da flotak gehien arrantzatzen duen tunidoa baina goitik behera balditzantzen du atunontzien jarduna. Izan ere, atun mojaren kuota agortuz gero, flotak ezingo luke itsasoratu beste tunido batzuk arrantzatzera, ezingo lukeelako ekidin espezie horretako aleak harrapatzea beste tunidoekin batera. Beraz, ontziak lotuta geratu beharko lirateke portuan. Atun mojaren harrapaketa kopuruak beherakada nabarmena izan du. 2015-2019 tartean 77.000 tona harrapatu zuten. Iaz, 57.400 tonako zenbatu ziren. Aurten ICCATeko biologoek stockaren azterketa egin dute eta emaitzak duela hiru urte egindako azterketakoak baino hobeak dira. Stockak jasaten duen arrantza presioak behera egin du eta biologoen arabera, urtean 61.500 tona inguru arrantzatuta ez da gehiegizko presioa egongo.

noticias de deia