BILBO. Kutxabanken jabetzakoak diren Etxebizitzen Gizarte Fondoko etxeetan bizi diren eta koronabirusaren krisialdiaren eraginak jasaten ari direnek ez dituzte apirila, maiatza eta ekaineko alokairu-errentak ordaindu beharko. Horrela erabaki du entitateak, Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoak konpontzen laguntzako.

Babeserako neurri hau etxebizitzen esparruan administrazio guztiekin hitzartuta dituen antzeko edozein programari ezarriko zaio, eta osasun larrialdiak beren egoera ekonomikoan aldaketa sakonak izan dituzten familia eta norbanakoak izango dira onuradunak.

Honela, enplegu erregulazioan daudenek -EED edo AEED-, lanik gabe gelditu diren familiek, edo jarduera eten behar izan duten autonomoek, edo jardueran %40ko murrizketa izan dutenek eskatu ahal izango dute.

Laguntza alarma egoera bukatzen den bitartean izango da indarrean, eta zaurgarritasun egoeran dauden familiei laguntzea du helburu, pandemiak beren egoera ekonomikoan sortutako eragin kaltegarriei erosoago aurre egin diezaieten.

Erabaki honekin batera, finantza Taldeak beste hainbat laguntza ipini ditu indarrean, lankide dituen enpresa, familia eta norbanakoentzat arinagoa izan dadin osasun egoera honek sortutako egoerari aurre egitea. Tartean pentsioen ordainketa martxoaren 25era aurreratzea erabaki zuen finantza Erakundeak.

Kutxabankek informazioa emateko sistema berezia ere jarri du abian egoera honi erantzuteko. "Hemen gaude zu etxean egoteko" kanpainan www.kutxabank.es web orrian ikus daitezke bezeroek eta langileek kutsadura arriskuak ekiditeko jarrai ditzaketen neurriak, eta finantza-jarduerak tresna telematikoen bitartez egiteko jarraibideak ere eskaintzen dira (online Bankaren eta App-en bidez), edo telefonoz. Gainera zabalik dauden bulegoen eta kutxazainen berri ematen du.