BERMEO - Euskadiko baxura flotako ontziek urteko lehen arrantzaldiari ekingo diote bihartik aurrera. Azken hilabeteetan portutan geldirik egon ostean, Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleak itsasora aterako dira bokartaren eta berdelaren kanpainei hasiera emateko. Guztira 140 ontzik hartuko dute parte arrantzaldiotan. 50 on-tzik inguraketa sarea erabiliko dute antxoa eta berdela harrapa-tzeko. Bestalde, beste 90 bat ontzi berdeletan ariko dira amu-tertzak erabilita.

Gogoratu behar da baxura flota luzaroan egon dela itsasoratu barik. Ontzi batzuk portuan egon dira geldirik abuztuaren 27an Madrileko gobernuak hegaluzearen arrantzaldia itxi zuenetik. Beste askok, azaroaren erdialdean egin zuten azken itsasoratzea, aurreko asteetan sardina gutxi harrapatu ostean. Arrantzaleek ez dute eguraldia lagun izango eta baliteke itsasoratzea atzeratu behar izatea. Izan ere, iragarpenen arabera olatu handiak espero dira datozen orduetarako Bizkaiko Golkoko uretan.

Antxoaren arrantzaldia urteko garrantzitsuenetakoa da euskal arrantzaleentzat. Aurreko urtean, 13.200 tona saldu ziren Bizkaia eta Gipuzkoako kofradietan. Porturatutako arrainaren balioa 17 milioi eurokoa izan zen eta kiloaren batez besteko prezioa 1,29 eurokoa. Aurreko urtearekin alderatuta, 2018arekin hain zuzen ere, porturatutako antxoa kopurua %12,8a jaitsi zen eta arrainaren balioa ere %12,3 txikiagoa izan zen. Batez besteko prezioari dagokionez, ez zen ia aldaketarik egon.

2019ko antxoaren kosterak berezitasun batzuk izan zituen: alde batetik porturatutako bokarta handiaren zati nabarmen bat Kantabriako kostaldetik hurbil harrapatu zen eta ondorioz Kantabriako portuek jasotako arrain kopuruak gorakada izan zuen, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuen kaltetan. Bestalde, merkaturatutako antxoaren tamaina nahi baino txikiagoa izan zenez, batez besteko prezioak ere jaitsiera izan zuen, aurreko urtean gertatu zen bezala. Nolanahi ere, arran-tzaleek antxoa asko aurkitu zuten itsasoan eta harrapaketak onak izan ziren. Izan ere, Madrileko gobernuko arrantza arduradunek zarratu egin zuten antxoaren arrantzaldia ekaineko lehenengo astean, Kantauriko flotak urteko lehen seihilerako zuen harrapaketa muga bete zuelako.

2020ko bokartaren harrapaketa mugak jaitsiera txiki bat izan du. Izan ere, aurreko urtean egindako ikerketen arabera, antxoa gaztearen kopurua aurreko urteetakoa baino txikiagoa da eta aurtengo arran-tzaldirako rekluta berrien kopurua ere txikiagoa izango delakoan, Bruselak harrapaketa muga jaistea erabaki du. Nolanahi ere, jaitsiera %3,4 koa baino ez da izango. Guztira, 28.702 tona antxoa harrapatu ahal izango ditu Kantauriko baxura flotak, iaz baino 1.000 tona gutxiago.

Gipuzkoa eta Bizkaiko 50 ontzi itsasoratuko dira bihartik aurrera. 40 inguru, Gipuzkoak dira eta gainerako 10ak Bizkaikoak. Ontzi gehienak, 18, Hondarribikoak dira eta 15 Getariakoak. Bizkaiko flotari dagokionez, Bermeok eta Santurtzik hiruna ontzi dituzte, Zierbenak bi, Lekeitiok bat eta Ondarroak beste bat. Azken urteetako kanpainak oso onak izan dira eta arrantzaleek antxoa asko aurkitu dute itsasoan. 2018an 15.100 tona saldu ziren Euskadiko portuetan eta 16.753 2017an. Nolanahi ere, harrapatutako arrain gehiena gaztea izan zen. Arrantzaleek, baina, antxoa handia harrapatu nahi dute, honen prezioa handiagoa delako. “Itsasora atera aurretik inoiz ez dakigu zer aurkituko dugun. Azken urteetan antxoa asko harrapatu dugu gure kostaldetik hurbil. Arrain handia, baina, oso gutxi aurkitu dugu eta gure-tzat arrain hori da erakargarriena ondo saltzen delako” adierazi du Bermeoko ontzi bateko patroiak.

Euskadin saltzen den antxoa kopuruaren erdia baino gehiago Ondarroako portuan merkatura-tzen da. 7.230 tona sartu ziren aurreko urtean, 2.600 Getariako portuan, 2.051 Hondarribin, 683 tn Bermeon eta 608 Pasaian. Euskal arrantzaleekin batera, Kantabria, Asturias eta Galiziatik etorritako ontziek hartuko dute parte antxoaren arrantzaldian. Galiziatik etorritako ontzi kopuruak gorakada handia izan du azken urteotan.

Berdel kuotaren igoera Berdelaren arrantzaldiari dagokionez, hiru flotak hartzen dute parte eta euren artean dago banatuta Espainiak daukan kuota. %36,97a amuak erabiltzen dituzten ontziei dagokie, %34,29a inguraketa sarearekin arrantzan egiten duten ontzientzat eta gainerako %28,74a altura flotako arraston-tzientzat.

Berdelaren kuotak jaitsiera handia izan zuen aurreko urtean, ikerketa zientifikoen arabera biomasaren egoera larria zelako. Balorazio hori aldatu egin dute biologoek datu berriak aztertu ondoren. Ondorioz, 2020ko berdelaren harrapaketa muga %41,1 hasi da eta Kantauriko arrantza-ontziek 34.708 tona harrapatu ahal izango dituzte, aurreko urtean baino 10.000 tona gehiago. Igoera nabarmena izan arren, Espainiari dagokion kuota oso txikia da Europa mailan. Izan ere, 410.000 tona harrapatzeko aukera izango du aurten Europako arrantza flotak.

9.576 tona berdel saldu ziran iaz Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Arrainaren balioa 13,1 milioi eurokoa izan zen eta kiloaren batez besteko prezioa 1,37 eurokoa. Inoiz ez da saldu hain garesti berdela. Lehenengoz historian, berdel kiloa bokartarena baino garestiago saldu zen. Pasaiak 2.589 tona jaso zituen, 1.822 Bermeok, 1.470 Ondarroak, 1.446 Hondarribik, 1.240 Getarik eta 223 Lekeitiok.

Euskadiko 140 ontzi inguruk hartuko du parte berdelaren arran-tzaldian. 50 ontzik inguraketa sarea erabiliz egingo dute arrantzan eta 4.000 tona inguru harrapatu ahal izango dute. Ontzi txikienek amuak erabiliz arrantzatuko dute berdela. Guztira 90 on-tzi inguruk osatzen dute flota hau eta 4.500 tonako kuota dute. Beste alde batetik, harrapaketa aukerak handitu egingo dira Kantauriko flotarentzat, Espainiako gobernuak Europako beste estatu batzuekin egingo dituen kuota trukaketei esker. Ikusteko dago zelan banatuko dituen Madrilek tona horiek. Izan ere, Asturias eta Galiziako kofradiek berdel gehiago eskatu diote Espainiako gobernuari, egun indarrean dagoen banaketa sistemak kaltetu egiten dituela argudiatuz.