BILBO. Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistikak 2017. urteko errentari buruzko datuak ezaguarazi ditu. Bertan, euskaldunen errenta pertsonala % 3,9 igo zela ikusi ahal da, aurreko urtearekin konparatuta. Familia-errentari dagokionez, % 1,9ko igoera izan zuen Euskadin. Batez besteko errenta pertsonala 21.083 €-koa zen.

Lurralde-banaketari dagokionez, ia 2.000 €-ko aldea dago Gipuzkoan lortutako batez besteko errenta pertsonalaren (22.086 €) eta Bizkaian (20.654 €) eta Araban (20.410 €) lortutakoen artean. Bizkaiak gorakada handiagoa izan du aurreko urtearekin alderatuta (+%4,2), Gipuzkoaren (+%3,9) eta Arabaren (+%2,6) aldean.

Hiriburuetan, aipatutako lurralde arteko aldeak areagotu egiten dira: Donostian bizi diren pertsonen batez besteko errenta 25.141 €-koa da, Bilboko 21.245 €-koa eta Gasteizko 20.643 €-koa baino handiagoa. Donostiak eta Bilbok Euskal AEko batezbestekoa gainditzen dute, eta Gasteiz, berriz, azpian da.

18 urte eta gehiago dituzten egoiliarren artean eta errentaren banaketari dagokionez, %60,1 daude Euskal AEko batez besteko errentaren azpitik, baina hartu behar da kontuan, dena den, ezen multzo horretan daudela sartuak baita 2017an errentarik batere jaso ez dutenak ere (%12,9). Beste muturrean, populazioaren %11k du batezbestekoa bikoizten duen errentarik; alegia, 42.166 € pasa.

Biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den adierazten duen adierazlea da mediana. 2017an balio hori 16.371 €-koa izan da; hau da, Euskal AEko adin nagusiko biztanleen erdiek urtean 16.371 €-tik gorako batez besteko errenta pertsonala dute, eta beste erdiek errenta txikiagoa.

Errenta erabilgarria kontuan hartuta ?hots, guztizko errentari errentaren gaineko zerga eta langilearen konturako gizarte-kotizazioak kenduta?, alde batzuk dira hiru lurraldeen artean. Halatan, 2017an Euskal AEko osorako errenta erabilgarria 17.615 €-koa izan zen (aurreko urtean baino %3,6 gehiago), eta Gipuzkoan 18.470 €-koa, Bizkaian 17.238 €-koa eta Araban 17.084 €-koa.

Genero-aldeari dagokionez, ikus daiteke Euskal AEko gizonen errenta emakumeena baino 10.000 € handiagoa dela. Hala, gizonek 26.519 €-ko batez besteko errenta dute, eta emakumeek 16.074 €-koa. Alderik handiena 65-69 urte bitartekoen artean erregistratu da; tarte horretan gizonek 17.309 €-tan gainditzen dituzte emakumeak.

Adinaren arabera, guztizko errenta pertsonal handiena 55 eta 59 urte bitartean lortzen da, bai emakumeen kasuan, bai gizonen kasuan ere, eta 27.387 €-ko batez besteko errenta lortzen da multzo osorako, emakumeentzat 20.747 €-koa eta gizonentzat 34.436 €-koa.

Errentaren %60,1 lanetik dator

Euskal AEko egoiliarrek 2017ko ekitaldian jasotako errentaren osaerari dagokionez, errentaren %60,1 lanetik dator, batez beste 12.681 € (aurreko urtean baino 500 € gehiago), %26,9 transferentzia edo gizarte-prestazioetatik (5.662 €), %4,7 jarduera ekonomikoetatik (995 €) eta %8,3 kapitaletik, higigarria zein higiezina (1.744 €).