BILBO. Eusko Jaurlaritzak Renove Industrialdeak Plana berritu du 3,1 milioi euro gehiagorekin. Ikusirik zenbat eskaera jaso ziren aurreko deialdian, Eusko Jaurlaritzak beste zuzkidura bat onartzea erabaki du. Laguntzaren helburua da aurrera jarraitzea neurri zuzentzaileak detektatu eta aplikatzen Euskadiko industrialde eta enpresa parke gehienetako egoera ahula hobetzeko.

Ikusirik zenbat eskaera jaso ziren aurreko deialdian (101 espediente, 64k aldeko ebazpena izan dutelarik) eta zein azkar agortu zen aurrekontua (2018ko abenduan amaitu zen), Eusko Jaurlaritzak beste zuzkidura bat onartu du Renove Industrialdeak Planarentzat, EAEko espazio eta azpiegitura industrialen sarea modernizatzeko eta berritzeko.

2019ko deialdiaren nobedadea da laguntza gehiago bideratu direla eremu ahulenetara (Talka-eremuak) eta orobat handitu egin direla Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak onartutako Eremu Ahuletarako Talka Planaren laguntzen gehienezko zenbatekoak eta portzentajeak. Eskainiko diren baliabide ekonomikoetatik (3,1 milioi euro), 1,2 milioi bideratuko dira Talka Planean jasotako eremu industrialetara: Muskiz, Trapagaran, Abanto eta Zierbena, Santurtzi, Sestao, Portugalete, Ortuella, Erandio eta Barakaldo Bizkaian, eta, Oiartzun, Lezo, Pasaia, Errenteria, Irun eta Hondarribia Gipuzkoan.

Laguntza-ildoen helburua da jarduera ekonomikoko guneetako lursail, urbanizazio, ekipazio, zuzkidura eta jabari publikoak Berrurbanizatu, Zaharberritu eta Birgaitzeko Proiektuak idatzi nahiz gauzatzea. Era berean, diruz lagunduko dira espazio horien gaineko Diagnostiko Azterketen erredakzioa eta euren kudeaketa integrala hobetzeko ekintzak, helburu honekin: administrazioen eta enpresen arteko erantzukidetasuna, lankidetza eta kudeaketa partekatua bultzatzea, jarduera ekonomikoetarako guneak egoki mantendu eta hobetu daitezen.

Renove Industrialdeak Plana beraizik zuzentzen zaie tokiko administrazioei, mankomunitateei, kontserbazioko hirigintza-erakundeei, jabe-komunitateei, enpresa elkarteei, enpresa pribatuei, partikularrei... Laguntzen onuradun izateko ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta egotea eta jasoko den dirulaguntza espreski erabiltzea Euskadiko enpresa-guneren batean garatuko diren proiektu eta ekintzetara.

Gainera, Talka Planean integratutako eremuen kasuan, laguntza gehigarriak emango dira eraikinak eraisteko eta lurrak deskontaminatzeko proiektuentzat, enpresek eta erabiltzaileek berritu, zaharberritu eta balioan jar ditzaten espazio horiek.