BILBO. Osteguenan hasiko den Bizkaiko Errenta Kanpainak 180 milioi euro itzuliko dizkie 200.000tik gorako zergadunei. Kanpainarekin batera, zergadunari laguntzeko aitorpenak lurralde osoko 300 banku-bulegotan doan egiteko aukera ematen da.

PFEZ aitorpena aurkezteko kanpaina, zeinaren bidez 577.000 likidazio inguru izapidetzea aurreikusten duen Foru Ogasunak. Hiru zergadunetako batek, baina, ez du izapiderik egin beharko; izan ere, kanpainaren lehen egunetan, Foru Ogasunak zergadun bakoitzari likidazioaren emaitza sartuko dio bankuko kontu-zenbakian.

Zehazki, Ogasunak 180 milioi euro itzuliko dizkie itzultzeko diren Errenta Etxean eta Errenta Web proposamenak onartu dituzten 204.639 zergadunei. Proposamenok apirilean bidali zitzaizkien. Azken hilabetean, proposamenak prestatzeaz gainera, zergadunari laguntzeko beste zerbitzu batzuk eduki ditu martxan Ogasunak; 94.608.3000 telefonoa, adibidez. Zerbitzu hori, hain zuzen, martxoaren 25ean jarri zen erabilgarri, eta, ordutik. errenta-aitorpenari buruzko 64.358 kontsulta edo izapideri erantzun zaie. Telefono bidezko zerbitzua 08:30etik 19:00etara ematen da, astelehenetik ostiralera.

Kanpaina hastearekin batera, zergadunari laguntzeko beste zerbitzu batzuk abiaraziko dira, hala nola aitorpenak lurralde osoko 300 banku-bulegotan doan egiteko aukera, edo aitorpena Foru Ogasunaren bulegoetan edo errentaren web-orrian aurkeztekoa. Azken kasu horretan, laguntza-programa bat erabil daiteke, bai eta datu fiskalak deskargatzeko zerbitzua ere. Foru Ogasunak, gainera, jarraituko du aurrez aurreko laguntza ematen Bilbo,Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Mungia eta Portugaleteko bulegoetan.

604 milioi euro gizarte-kenkarietan

Ekainaren 28ra arte ?orduan amaituko da kanpaina?, Foru Ogasunak 576.800 aitorpen izapidetzea aurreikusten du; haietatik, 401.000 itzultzeko izango dira, itzuli beharreko zenbatekoaren batezbestekoa, berriz, mila euro. Ordaintzeko diren 175.800 aitorpenek, guztira, 334,0 milioi euro ekarriko dizkiote Ogasunari; beraz, batez beste, 1.900 euro aitorpen bakoitzeko. Kanpainaren emaitzak, guztira, 67 milioi euro ekarriko dizkio Ogasunari.

Errenta-kanpaina honetan, Ogasunak aurreikusita dauka Bizkaiko zergadunek 604 milioi euroren baino gehiagoren onura izatea Bizkaiko PFEZari buruzko Foru Arauan ezarritako gizarte-kenkariak direla eta. Gizarte-kenkari erabilienak ondorengoei dagozkienak izango dira, 284.000 zergaduni aplikatuko baitzaizkie. 213.000 bizkaitarrek ohiko etxebizitzaren kenkaria erabiliko dute; 151.000 bizkaitarrek BGAEei, pentsio-planei eta mutualitateei eginiko ekarpenena. 65 urtetik gorako 114.000 pertsonak baliatuko dute adinaren ziozko kenkaria, eta 66.500 pertsonak, berriz, desgaitasunaren ziozkoa.

2018ko ekitaldiko ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko kanpainan, Ogasunak aurreikusten du areagotze txiki bat egongo dela zerga likidatu behar duten zergadunen kopuruan: iaz, 7.427 izan ziren zergadunak eta aurten 7.600 izango dira. Zergadun-kopuruak gora egitean, handiagoa izango da kanpaina honetako emaitza. Guztira, 80,0 milioi euro izango dira, 2017ko ondare-kanpainan baiko 1,3 milioi gehiago.