BILBO. Igande honetan, urtarrilak 31, Bizkaia Frontoiak emakumeen esku-pilotako Bizkaia Txapelketaren hirugarren edizioko finala jasoko du. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendi eta Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi bikoteek Bizkaiko txapeldunak izateko partida hasiko dute. Horren aurretik, Amaia Aldayk eta Oihana Orbegozok Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreren aurka jokatuko dute hirugarren eta laugarren postuetarako partida.

Lorea Bilbao diputatuak torneoaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, "Bizkaia Torneoa emakume pelotariei partidak lehiatuteko, jokatuteko eta euren joko kalidadea eta profesionaltasuna kantxan erakusteko aukera emoteko sortu da. Emakume pelotari oso onak daukaguzalako, oso kirolari onak. Ea ahalik lasterren heltzen garen kirolari bezala baloratzera, eta ez emakume kirolari bezala. Edota bestela gizonezko kirolari eta emakume kirolari esaten hasi. Biak ala biak dira kirolariak, biak ala biak behar doguz sendo eta lehiakor, biak ala biak behar ditugu gure kirolak, gure herriak aurrera egin daian, biak ala biak behar ditu pilotak. Horregaitik gure lurraldean pelotearen arloan daukagun zaletasun handiak frontoira be heldu behar dau andrazkoek be jokatzen dabenean, euren jokoak merezidu daualako. Ezinbestekoa da erreferenteak sortutea, gero eta emakume eta neska gehiagok pelotan jokatutea erabagi daien, holan hain geurea dan kirola indartzen lagunduz".

Guztira, sei bikotek jokatu dute eta finala Bizkaia Frontoiko Facebook-en eta ETB1en ikusi ahal izango da. Txapelketa urtarrilaren 8an hasi zen eta bi partida jokatu ziren Bizkaia Frontoian (Amaia Alday eta Oihana Orbegozo Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra; eta, bigarren partidan Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreren kontra arituko ziren); Urtarrilaren 15ean izan zen andrazkoen torneoaren bigarren jardunaldia Bizkaia Frontoian, eta bi partida jokatu ziren (Miren Larrarte eta Gentzane Alday Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra; eta, bigarren partidan Iera Agirre eta Arrate Bergara Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra aritu ziren). Hirugarren jardunaldia urtarrilaren 22an izan zen Bizkaia Frontoian (Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre Iera Agirre eta Arrate Bergararen kontra; eta, bigarren partidan Amaia Alday eta Oihana Orbegozo Miren Larrarte eta Gentzane Aldayren kontra). Finala urtarrilaren 31n izango da, 12:00etan, Bizkaia Frontoian.