Eskola mailako pala sendotzen ari da apurka-apurka, mutilen zein nesken artean. Hala ere, bidea daukate egiteko, oraindik ez baitago errotuta Bizkaia osoan. Hainbat klub daude, batzuk tradizio handikoak, hala nola Sestao, Larrabetzu, Gatika, Zalla edo Sopela. Eta horietan dauden pilotari gehienak. Tradiziorik egon ez den herrietan palaren modalitatea sustatzea ez da erraza; horregatik, hazkunde prozesua trabatuta gelditzen da denboraldi batzuetan. "2013tik handitu egin da larruzko paletaren modalitateko inskripzio kopurua baina, aurten, esaterako, bikoteren bat gutxiago daukagu. Guztira, 60 pilotari inguru ditugu txapelketan", esan du Iker Gardokik, Bizkaiko pilota federazioko eskola mailako arduradunak.

Larruzko paletako eskola liga urrian hasten da eta prozedura jakin bati jarraitzen dio, pilotariak sailkatzeari dagokionez. Lehenik eta behin, eskola kirolean izena eman behar dute; ondoren, federazioak kontzentrazio bat egiten du, maila ikusteko. Hortik aurrera, bakoitzaren kategoria zein den zehaztu eta talde batean sartzen dira. Denboraldian zehar, igandero jokatzen dira partidak, maiatzaren 3ra arte. Orduan izaten dira eskola mailako finalak. Iker Gardokik azaldu digu zergatik erabaki den beti igandeetan jokatzea. "Ligako beste jokalari batzuek beste kirol batzuk praktikatzen zituzten; gehienek futbola, eta, hasieran, egokitzen saiatzen ginen, baina jende asko kexatu zen eta partida guztiak igandez egitea erabaki genuen. Horrela, ez zegoen arazorik".

Topaketa bakoitza bi jokotan bana tzen da: bakoitzarentzako 15 tantokoa haur eta kadete kategorietan; eta 12 tantokoa kimu eta benjamin kategorietan. Berdinketa gertatzekotan, hirugarren joko bat egiten da.

Pasa den igandean, Bilboko Deportivo frontoian haur eta kadete kategorietako jokalariak elkartu ziren. Historiaz betetako esparru horretan palaren munduko jokalari ospetsuak izan dira. Horietako bat Pablo Fusto da, hainbat aldiz munduko txapeldun izandakoa, bai banakako kategorian, baita binakakoan ere. Ezinbestean aipatu beharreko izena da, kirol honetaz ari garenean.

Orain Larrabetzuko klubean entrenatzen du eta igandean epaile gisa aritu zen Bilbon. Guztira, lau partida jokatu ziren: Sestao C eta Sestao, Mungia eta Sopela, eta Larrabetzu eta Zallaren arteko norgehiagoka bikoitza.

Larruzko paleta eskasago dabil aurten; gomazko paleta, aldiz, goraka doa, eta pasa den urtean baino hamar bikote gehiago daude. Nesken palarekiko afizioak goraka jarraitzen du, baina, oraindik ere esku-pilota da titular gehien biltzen dituena. Eskola mailan, denbora darama errotuta, Larrabetzu, Durango, Igorre edo beste herri ba tzuetako klubek egindako lanari esker. Aurten, gainera, Basauri hasi da, eskuzko modalitatean tradizio handiagoa duena.

Nesken liga bi fasetan bereizten da: Hasierako fasea urritik urtarrilera izaten da, eta amaierako fasea otsailaren hasieran abiatu eta maiatzean bukatzen da Bizkaiko Eskolarteko Kirol Jokoekin batera. Aldi horretan, sailkatzeko partidak jokatzen dira, hainbat kategoriatako bikoteak finaletarako sailkatu arte. Partiden kirol aspektuari dagokionez, nabarmentzekoa da jokalariak posizio aldaketara egokitzen saiatzen direla. Horrela izanik, lehenengo jokoan aurrean jokatzen duena gero atzera pasatzen da; eta aldaketa horietan sortzen dira zailtasunak. "Bi kokalekuetan trebatzeko modua da", ziurtatu dute federaziotik.

Nabarmendu behar da eskolarteko palan desberdintasun bat dagoela nesken kategorien artean; pilota, hain zuzen ere. Palariek gomazko paletan jokatzen dute, baina beren kategoriaren arabera, pilota forma batekoa ala bestekoa izango da. Jokoaren modalitatea antzekoa da, baina pilota desberdina da. Hasteko, kimuen kategorian, neskak mailaka daude banatuta, beren trebetasunen arabera. B eta C mailetan jokatzen duten palariek presiorik gabeko gomazko pilota batekin jokatzen dute, eta A mailakoek eta haur-kategoriakoek, aldiz, gomazko pilota ere erabiltzen dute, baina astunagoa.