Eskola kiroleko denboraldi ofizialaren azken txanpan gaude. Honen ostean, klubek antolatutako torneo eta txapelketak helduko dira baina, dudarik gabe, denboraldiari amaiera ematen dion ekitaldia Bizkaiko Eskola Jokoena izaten da. Aurten 38. edizioa izan da eta Getxo izan da egoitza nagusia. Proba gehienak bertako instalazioetan jokatu dira. Horrela izanik, pasa den asteburuan hainbat kirol txapelketa egin ziren Eskuinalde osoan zehar. Esaterako, Fadurako kiroldegian izan ziren jarduera gehienak; horien artean, honakoak: atletismoa, mahai-tenisa, heziki, boleibola, igeriketa sinkronizatua, waterpoloa, abiadura irristaketa edota errugbia. Gobelako kiroldegian, bestalde, linea hockey modalitateko finalak izan ziren; eta, Jolaseta klubean, neskek hockey jardunaldia. Azkenik, Areetako skate park eremuan eta Ereagako hondartzan Roller free style eta hondartza boleiboleko jardunaldiak izan ziren, hurrenez hurren.

Hala ere, jokoetako batzuk beste udalerri batzuetan jokatu dira. Esaterako, padela Leioan izan zen, zehazki, Torresolo klubean; eskubaloia Urdulizko kiroldegian; txirrindularitza ginkana Ondarroan; eta esku-pilota eta pala Sopelako pilotalekuan.

Hain zuzen ere, nesken paleta gomako finalak izan ziren larunbateko jarduerarik jendetsuenetakoak, bost partida jokatu baitziren. Elorrio, Areatza, Atxondo, Zeanuri eta Orozkoko klubek beren bikote finalistak aurkeztu zituzten umeen, gaztetxoen eta kadeteen kategorietan. Areatzako bikote biak, esaterako, Bizkaiko txapeldun izan ziren, Elorrio eta Atxondo garaitu ostean, umeen kategorian.

Nesken liga bi fasetan bereizten da: Hasierako fasea urritik urtarrilera izaten da, eta amaierako fasea otsailaren hasieran abiatu eta maiatzean bukatzen da Bizkaiko Eskolarteko Kirol Jokoekin batera. Aldi horretan, sailkatzeko partidak jokatzen dira, hainbat kategoriatako bikoteak finaletarako sailkatu arte. Jokoari dagokionez, partidak bi jokotan banatzen dira, eta hamabi tanto egiten dituen lehen bikoteak irabazten du. Bigarren jokoan bikote berak irabazten badu, norgehiagoka bukatu egiten da, baina besteak irabazten badu, berdinketa hausteko sei tantorako joko bat jokatu behar dute.

Arratsaldez, leku berean jokatu ziren mutilen larru paletaren finalak, eta modalitate horretako zein goma modalitateko haur kategoriako bikote irabazleek Euskadiko Eskola Jokoetako finaletan parte hartu ahal izango dute. Aurten, Santurtzin izango dira.

Pasa den asteburua kirol jardueraz bete egon zen, baina larunbat eta igande honetarako, oraindik ere, hainbat jarduera daude programatuta, beraz, kirolzaleek bere saltsan jarraituko dute. Gure kirol egitaraua larunbatean hasiko da, Faduran, atletismoko finalekin. Areto futboleko partidak kirol ani-tzeko pistan jokatuko dira; horretaz gain, igeriketako probak ere egongo dira. Getxotik irten gabe, Gobelako kiroldegian, saskibaloi eta futboleko finalak izango ditugu. Herri kirolen zaleentzat, Andra Mari frontoian jai handi bat izango dugu; Bizkaiko hainbat ikastetxetako pertsonak elkartuko dira eta elkarrekin egingo dituzte hainbat proba. Jolaseta klubak stickak utzi eta erraketak hartuko ditu; gainera, tenis finalak jokatu dira, goiz eta arratsaldez. Esku-pilota nahiago izanez gero, Sopelako pilotalekua kirol horren zentro neuralgikoa izango da berriz ere.

Igandean, bukatzen joateko, xakeko taldekako finalak jokatuko dira, Fadurako kiroldegiko ekitaldi aretoan. Txikibox eta patinaje artistikoa ere Faduran izango dira. Karate jarduerak Gobelara aldatuko dira: gimnastika erritmikoa eta aerobica Sakonetako kiroldegian izango dira, Leioan; eta zesta punta eta trinketea Gernikan eta Bilboko pilotalekuan izango dira, hurrenez hurren.

Ikus daitekeenez, kirolez betetako egunak ditugu aurretik; izan ere, Bizkaiko Aldundiaren leloak dion moduan: Egin kirola, have fun.