EUskadin maila altua dago kirol honetan; eskola mailako zein federatuen mailako kategorietan domina ugari lortu dira. Estatu mailan egiten diren txapelketetan, ohikoa izaten da euskaldunen bat dominaren batekin heltzea etxera. Bizkaiko klub batzuek, hala nola Basauriko The Masters edota Arrigorriagako Garriko, lan bikaina egiten dute eta horrek emaitzan izaten ditu. Gainera, taekwondoa da, judoa eta karatearekin batera, eskola ikasleek gehien praktikatzen duten arte martziala, ez soilik klubetan; ikastetxeetan ere praktikatzen da, izan ere, eskolaz kanpoko jarduera moduan eskaintzen dute, leku batzuetan. Gaur egun, harrobia nahiko sendoa da, eta hori argi ikus daiteke borroka zein teknika arloko txapelketetan. Arte martzial horren filosofia ez da aldatu, betikoa da: “Errespetua, umiltasuna eta kidetasuna”.

Larunbatean, Bizkaia pilotalekuan, bi hitzordu garrantzitsu izan ziren; batetik, eskola mailako borroka txapelketa; eta, bestetik, 21 urtetik beherakoen Euskadiko txapelketa. Gainera, duela bi aste teknikari buruzko eskola jardunaldi bat egin zen, beraz, haurrek bi egun izan dituzte beren gaitasunak erakusteko.

Borrokaren kasuan, haur kategoriako haurrak soilik aurkeztu ahal izan ziren, eta kanporaketa batzuk egin ziren, adinaren eta pisuaren arabera. Horrela, borroka bakoitza minutu eta erdiko bi asaltotan garatu zen, eta honela puntuatu zen: Bularrera egindako ostiko zuzen bakoitzeko, bi puntu eman ziren; petora emandako ukabilkada bakoitzeko puntu bat; ostiko birakaria lau puntu; ostiko zuzena kaskora hiru puntu; ostiko birakaria kaskora bost puntu. Azken hori izan zen puntuazio altuena.

21 urtez azpikoen Euskadiko txapelketari dagokionez, berrogeita hamar parte-hartzaile inguru aurkeztu ziren. Horien artean, dominak eskuratu izan dituzten hainbat egon ziren, taldean leku bat egin nahian. Talde hori federazioko teknikariek gidatuko dute eta Euskadi ordezkatuko du ekainean izango diren estatu mailako txapelketetan.

Bestalde, teknika jardunaldia duela bi aste garatu zen, parte-hartze maila on batekin. Pumse delakoak teknikaren parte dira. Defentsa eta eraso mugimenduak egiten dira, aurkaria imajinatuz. Ariketa fisiko espezifikoa da teknika horietan parte hartzen duten muskuluak lantzeko. Beraz, ariketa horiek burutzeko beharrezko baldintzak lantzen dira; koordinazioa, psikomotrizitatea, lateralitatea, malgutasuna eta potentzia, muskuluak, tendoiak eta ligamenduak indartuz. Hala ere, borrokak ez bezala, pumsak oso errepikakorrak izan daitezke. Pumse zehatz batzuk daude eta horiek buruz ikasi beharra dago. Txapelketetarako prestatzen ditugu eta gero zozketa bidez bat egiten da. Banaka, bikoteka edo hirunaka egin daitezke; azken kasu bi horietan, sinkronizazioa eta elkar ulertzea funtsezkoak dira. Pumse horiek karateko katen antzekoak dira; kasu bietan egin behar dira eraso eta defentsak aurkaria imajinatuz, eta, gainera, modalitate bietan egiten da oihu, mugimenduei enfasia emateko. Ikasturtean zehar egiten diren eskola jarduerez gain, Bizkaiko federazioak ikastaro, teknifikazio eta entrenamenduekin osatzen ditu. “Teknika eta pumse jardunaldiak antolatzen dira, baina, horretaz gain, beste aspektu batzuk lantzeko teknifikazioak ere baditugu. Entrenatzaileentzako ere antolatzen dira jarduerak; esaterako, nazioarteko federazioek erabakitzen badute pumse bat aldatu behar dela, informatuta egon behar dugu, horregatik, ikastaroak egiten ditugu, gero gure federazioan horren berri zabaltzeko”, esan digu Isabel Tejadok, Zorrotzako Ratxei klubeko entrenatzailea.

Parte-hartzeari dagokionez, Isabel Tejadok uste du mantentzen direla. Urte batzuetan beste batzuetan baino jende gehiagok ematen du izena, baina, orokorrean, haur askok praktikatzen du taekwondoa. Hasiera batean, diziplina honek kirol agresiboaren ospea eduki zuen, beste arte martzialen moduan. “Zorionez, gaur egun, jendeak dagoeneko ez du horrela ikusten. Dakartzan onura fisiko eta psikologikoak ikusten dira”, esan du Isabel Tejadok, amaitzeko.