Euzkadi

Euskal jokalariz osatutako taldea zen hura: Buenos Airesetik Club Deportivo Vasco-n jolastera bereziki etorria zen Kepa Areso “nazioarteko atzelari handia”; Loiola Sport Club-eko Triki, Gerardo Bilbao, Joaquin Yarritu, Iñaki Irure, Imanol Valdés, Joseba Badiola eta Eugenio Olabarrieta; Mexikotik heldu zen José Miguel Terremoto Diez bilbotarra; Belardi, Jorge García eta Félix García Litoral OSP taldetik. Bestetik, Julian Lizarraldek, Juan Olasagastik, Juan Urbistazuk, Marquetek, Ricardo Azpiritxagak, Domingo Irurek eta Jose Elgezabalek osatu zuten taldearen lehen zuzendaritza batzordea. Venezuelako Unibertsitate Zentraleko estadio olinpikoa zen euren zelaia eta Seiak Bat euren ikurra. Koloreak, gorria, zuria eta berdea.

Azkar erakarri zuen talde gazteak afizioa lehen bi partiduetan erabakitasunez irabaziz. Hara non eta lehen partidua Deportivo Español taldearen kontra tokatu zitzaion jokatzea. 1945eko urtarrilaren 27an izan zen hori; harmailetan publiko zalaparta-tsua eta bi taldeak ongi jolastu ziren: Ikurriña ugari eta “Gora Euskadi Askatuta” etengabean entzun zuten jokalariek laurogeita hamar minutuz. Berez, talde espainiarreko kide eta jarraitzaile asko errepublikar erbesteratuak zirenez Venezuelako legazio frankistako kideek trago mingotsa irentsi behar izan zuten. Garaipen horri buruz, La Esfera egunkariko kirol kronikariak honakoa idatzi zuen: “Txapelketaren taulako goiko aldean dauden hiru Deportivo-etatik bik, alegia, Deportivo Vasco eta Deportivo Español, atzo jolastu zuten bezalako futbol partidurik ez dugu aspaldian ikusi. Ez dugu aspaldi atzo bezalako lehen zatirik ikusi ere ez. Izan ere, izugarrizko partidu bat ikusi genuela esan ere ez dugu behar eta, esan ere esan genezake, latinez egingo bagenu bezala: Football habemus! Lehen zatia ederra, ausarta, adore-tsua izan zen, abiadura handikoa; ez ausardia handienarekin eraso egin zuten aurrelari hispano zoragarriek, ez adorez eta gogoz defentsan aritu zirenek ere ezin izan zioten jokoaren abiadari aurre egin. Zalantzarik ez dago, bi talde hauek futbol arratsalde bikainak oparituko dizkigute txapelketan zehar. Txapelketako txandetan Español eta Vasco kirol taldeen arteko talka iragartzen denean, harmailak ez dira nahikoa izango partidua ikustera etorriko den publikoa jasotzeko”.

Unión taldearen aurkako bigarren partiduan euskal taldea 2 eta 1 nagusitu zen. Kirol erreportarien arabera “estu” irabazi zuten euskaldunek partidu hau. Atxerrek, La Esfera egunkariko kirol kronikariak, honakoa idatzi zuen: “Hau da euskal taldearen martxa futbol txapelketa nazionalean. Distiratsua orain arte, konfian-tza dugu gure Euskal Herri maitearen ohorean aintza eta garaipen egunak errepikatuko direla”. Denbora batez taldea sailkapenean gailendu zen eta Terremoto Díez bere lehen 18 golekin txapelketako pitxitxi eztabaidaezina bihurtu zen. Ligako talde guztiei egin zien gola, txapelketako talde nagusia zen Loiola taldearen aurka egin zituen hiru golak barne. Guztira 27 gol sartu zituen ligako 21 partiduetan. Bere goitizenaz galdetuta, pitxitxik adierazi zuen “Kuban eman zidaten kirol ezizena da… baina, egia esan, haize gozo leuna naiz”. Taldeak hirugarren postuan amaitu zuen liga Dos Caminos eta Loyola taldeen atzetik. Bitartean, erreserbako txapelketan ari zen eusko etxeko bigarren taldea txapeldun izan zen.

Jose Ibarguenek, Venezuelako EAJ-ko lurraldez kanpoko batzordeko presidenteak, Doroteo Ziaurritzi idatzi zion. Azken honen aburuz, eusko etxeko taldea hain ongi jokatu zen, iritzi publikoaren arabera txapelketako txapelduna kontsideratuta zegoela. Ibarguenek ere adierazi zion kirol kronikariak ados zeudela euskal taldeak ligari egindako ekarpenari esker futbolarekiko zaletasuna Caracasen areagotu zuela esatean. Izan ere, Venezuelako Futbol Federazioak asko baloratu zuen euskal komunitatearen ahalmena futbolaren aldeko ilusioa garatzeko pizgarri gisa.

1946. urteko denboraldia ona izan zen euskal hamaikentzat. 1946ko ekainaren 8an Deportivo Vasco-k errekorra lortu zuen Litoral taldeari 7 eta 0 irabaztean; emaitzak Litoral taldeko bi jokalarien arteko borroka suspertu zuen eta biak kanporatu zituen arbitroak. Irailaren 10ean eusko etxeko taldeak 7 eta 1 irabazi zion Venezuela taldeari Terremoto-ren lau golekin eta irailaren 28an Loiolari 7 eta 2 irabazi zion pitxitxiaren beste lau golekin. 1946ko azaroaren 21ean jokatu zuten euskaldunek Venezuelako historian argi artifizialarekin jokatu zen lehen partidua. Venezuelako selekzioarekin lagunarteko partidua izan zen hura, San Bernardino-ko Cervecería Caracas delako estadioan jokatu zena, hiru mila ikusleren aurrean. Carmen Amaya artistaren sakearen ostean, euskal taldeak 4 eta 3 irabazi zuen. Hain emai-tza onak lortu arren, nazioarteko jokalarien galerak Deportivo Vasco taularen laugarren postuan kokatu zuen. Bestalde, Venezuelan “tanganak” deitzen zutena gertatzen hasi ziren, hots, zelaira jauzi egiten zuten hainbat jarraitzaileen arteko borrokak. González Zulaika euskal arbitroak pairatu behar izan zuena bezala, Deportivo Venezuela eta Dos Caminos taldeen arteko partidu batean istilua osatu zenean.

1947an, Terremoto Diezi eta Blas Garateri eskatu zien Caracasko eusko etxeko zuzendaritzak Euskal Herriko futbolariak aurkitzeko lehen mailako talde berri bat osatzeko. Talde eraginkorra osatu zuten eta 1953an Deportivo Vasco-k hirugarren postuan amaitu zuen liga eta 1954an, Máximo Andonegiren zuzendaritzapean, Venezuelako lehen mailako txapelduna bihurtu zen taldea Loiolari irabazi ondoren -hara noiz eta Iñazio deunaren egunean!-. Taldea garai hartako ospe handiko euskal futbolariz osatuta zegoen: Elgezabal, Aitor, Gurutzeaga, Aizpurua, Mantxobitas, Caballero, Rada, Noel Díaz, Fano, Akorreta, Lazkurain, Arriaga, Cojito, Etxaburu, Garate, Aso, Burgaña, Leizaola, Mantxobas, Ojanguren, Peláez, Duplay eta Douglas. Mandaluniz zen entrenatzailea.

Bi urte geroago sailkapeneko bigarren postua partekatu zuten La Salle taldearekin, Dos Caminos txapeldun izan zelarik. 1957an, Deportivo Vasco Venezuelako futbol liga profesionala osatu zuten sei talde sortzaileetako bat izan zen. 1964an lortu zuen taldeak lehenengo dibisioan bere azken trofeoa Caracas Cup txapelketako Copa Disciplina irabazi zuenean.

Geroztik, Deportivo Vasco nabarmendu zen beteranoen kategorian eta honako garaikurrak lortu zituen 1954 eta 1966 bitarte:

1954 Txapeldun ordea

1955 Txapeldun

1957 Txapeldun

1958 Txapeldun ordea

1960 Txapeldun

1963 Txapeldun ordea

1964 Txapeldun

1966 Txapeldun ordea

Gainera, 1950ean eusko etxeko bigarren taldeak bigarren mailako promozio txapelketa irabazi zuen eta 1960an jokalari gazteenek haurren C txapelketa irabazi zuten.

1966an, Deportivo Vasco-k behin betiko utzi zuen Venezuelako lehen dibisioa euskal jokalariak erabiltzeko politikari uko egin gabe, hogei urtez amets, zaletasun eta borondateari gogoz eutsiz.