BILBO. Ofiziala da. Bilbao Arenak emakumeen Endesa Ligako Superkoparen formatu berria hartuko du irailaren 12an eta 13an. Bi egun horietan Perfumerías Avenida (Erreginaren Kopako txapelduna), Spar Girona, Valencia BC eta Lointek Gernika Bizkaia (iazko denboraldiko 2., 3. eta 4. sailkatuak) lehiatu egingo dira. Denboraldiko lehenengo titulua egongo da jokoan, finalaurrekoetan eta finaletan jokatuko dena.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, Bilbao Arenan maila goreneko kirol-lehiaketa hau egitea "aukera paregabea da hiriko jarduera ekonomikorako, turismoaren eta ostalaritzaren sektoreentzat, besteak beste". Alkatea pozik agertu da "Bilbo Superkoparen egoitza izateko aukeratu dutelako; horrek erakusten baitu uri erakargarria izaten jarraitzen duela, ekitaldi handiak antolatzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak dituena eta horretarako prestatuta dagoena".

Azkenik, Juan Mari Aburtok gogorarazi du Bilboko Udalak emakumeen kirola bultzatzeko eta sustatzeko apustu "irmoa" egin duela, "ezberdintasunak ezabatzeko eta gizarte esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko gakoetako bat delako".

Covid-19aren pandemiak konfinamendua eta lehia gerarazitako hilabeteak igaro ondoren, txapelketa itzultzea antolatzaileen, taldeen, Espainiako eta erkidegoetako federazioen, jokalarien, arbitroen eta Superkopa berriaren lehen edizioan parte hartuko duten teknikari eta zerbitzuetako langile guztien garaipen kolektiboa izango da.

Prebentzio-protokoloak errespetatu eta osasun-agintariek ekitaldiaren unean ezartzen dituzten arauak bete beharko ditu jendeak uneoro, betiere parte-hartzaileen eta zaleen segurtasuna lehenetsiz. Ildo beretik, sarreren salmenta aurrerago iragarriko da, Miribillan emakumeen saskibaloiko asteburu hau jokatzeko agintari horiek ezartzen dituzten jarraibideen arabera.

Spar Gironak aurreko denboraldian Kataluniako hirian lortutako titulua defendatuko du, eta Perfumerias Avenida jaun eta jabe da Superkopan, zortzi titulurekin. Valentzia BC eta Lointek Gernika Bizkaia taldeek lehen aldiz parte hartuko dute txapelketan.