Shavon Shields, Kirolbet Baskoniaren jokalari berria
Jannis Timmal Olympiacosen jokatuko du hurrengo denboraldian
GASTEIZ. Kirolbet Baskonia saskibaloi taldeak jokalari berria fitxatu du, Shavon Shields eskolta estatubatuarra hain zuzen ere. Beste alde batetik, taldeak Jannis Timma letoniarra Olympiacos talde greziarrara alde egingo duela eman du aditzera.
Shavon Shields Aquila Basket Trento talde italiarrean jokatu zuen iaz , eta 24 urte eta 2.01 metroko garaiera ditu. Hurrengo bi denboraldiaetan Gasteizen jokatzeko kontratua lortu du Kirolbet Baskoniarekin, taldeak adierazi duenez.
Partidako 13.1 puntu, 3.6 errebote eta 2.6 asistentziako batez bestekoekin nabarmendu zen joan den denboraldian Italiako Ligan. Eurocup lehiaketan aldiz, 11.7 puntu, 3.1 errebote eta 2.3 asistentziako batez bestekoak lortu zituen.
Italiara heldu aurreko denboraldian Alemanian jokatu zuen, Fraport Skyliners taldean, eta orain Endesa Ligara helduko da, NBA udako ligan irudi ona utzi ondoren: New Orleans Pelicans taldean jokatu du, partidako 10 puntu, 5 errebote eta 3.3 asistentziako batez bestekoekin.
Shavon Shields talde gasteiztarrak uda honetan egin duen bigarren fitxaketa da, asteartean Youssoupha Fall 2.21 metroko pibot senegaldarra fitxatu zuela iragarri ondoren.
Bestalde, Kirolbet Baskoniak iragarri du Jannis Timma hegaleko letoniarra taldea utzi eta Olympiacosen jokatuko duela, 2020. urtera arte. Letoniarra iazko udan heldu zen Gasteizera, Zenit San Petersburgotik. Euroligan 33 eta Endesa Ligan 43 partida jokatu ditu Baskoniarekin. Europan, partidako 7.6 puntu, 2.4 errebote eta 1.6 asistentziako batez bestekoak lortu zituen, eta Endesa Ligan 8 puntu sartu zituen batez beste, 7 puntuko balorazio lortzeko.