Bat eginda
Sopela Irristaketa Taldeak 20 urte daramatza lanean, baina azken 10 urteetan zentratu da bereziki modalitate artistikoan
Irristaketa artistikoak gorakada itzela izan du; hainbeste, klub batzuk lanari ezin helduta dabiltza. Kirol honen inguruko zaletasuna telebistako serie eta irristaketa txapelketen ondorioz errotu da. Orain dela urte gutxira arte jende gutxi zebilen honetan. Gaur egun, aldiz, eskolaz kanpoko jarduera gisa gehien aukeratzen den kiroletako bat da. Sopela Irristaketa Taldea hazkunde itzela izan duen klub horietako bat da. Ordezkariak azaldu digu Uribe Kostako talde honen bilakaera. “Hiru urteetan izen-emate kopurua ia bikoiztu egin da. 30 patinatzaile izatetik 56 izatera pasa gara. Guretzat sorpresa handia izan da, baina ez daukagu arauzko pistarik eta ezin gara askoz gehiago hazi”.
Sopelako klubak Zipiriñe ikastetxean dauka entrenatzeko lekua. Orain dela urte batzuk eraiki zuten pista, eta ordura arte lineako irristaketa soilik praktikatu zezaketen. Orain, pista estaliari esker entrenatzeko aukera daukate, baina espazioa oso mugatua da. “Sopelako kiroldegian ez dago patinatzeko pista egokirik, beraz, ikastetxean egiten dugu. Arazoa tamaina da; txikia denez, ezin da jardunaldi ez txapelketarik antolatu eta ez daukagu patinatzaile gehiago hartzeko azpiegitura nahikorik. Talde gehiago sortu nahiko genituzke, baina zail daukagu. Sopelako Udalarekin hitz egin dugu, Urko kiroldegian erreforma egiten dutenean zorua aldatzeko eskatuz, guk bertan patinatu ahal izateko”, esan digu Iñigok.
Bestalde, entrenatzaile gutxi daude eta horrek ere ez digu laguntzen talde gehiago sortzen. Zaila da teknikari titulatuak aurkitzea. Sopelako entrenatzaileak, esaterako, Barakaldon ere entrenatzen du. Sopela Irristaketa Taldeak egiten duena zera da: patinatzaile nagusiei entrenatzaile izan daitezen laguntza ematea. “Klubean ditugun neskek laguntzeko gogoa dute eta guri oso ondo datorkigu, titulazioa duten entrenatzaile gutxi daude eta. Aldundiak ematen duen monitore titulua lortzen laguntzen diegu eta ofiziala ere lor dezaten animatzen ditugu”, esan du Iñigok.
Sopela Irristaketa Taldeak Zipiriñe ikastetxeko patinatzaileak hartzen ditu, batez ere, baina eskualdeko beste udalerri batzuetakoek ere ematen dute izena eta klubaren arrakastaren zati handi bat gurasoei zor zaie. Haien egitekoa funtsezkoa da eta haiek arduratzen dira jarduerak aurrera irten daitezen. Haiek izan ziren sortzaileak; haiek egiten dute lan patinatzaileak gustura egon daitezen eta gehien atsegin duten kirola praktikatu dezaten. “Gurasook proiektua aurrera eramateko ahalegina egiten dugu. Gure denbora librean txangoak antolatzen ditugu eta txapelketetara joaten gara. Talde sendoa sortu dugu; patinatzaileen arteko harremana ona da eta giroa polita daukagu”, esan du ordezkariak.
Guraso horien lanari esker, Sopela Irristaketa Taldearen lehenengo txapelketa antolatu zen eta DEIAren babesa izan zuten. Sopelako klubak hainbat hilabete zeramatzan ekitaldia prestatzen, ahalegin eta mimo handiz. Izan ere, hogei urteko ibilbidearen ostean, urteotan txapelketetara gonbidatu dituzten talde guztiei mesedea itzuli nahi zieten. Horrela izanik, Bizkaiko hainbat talde eta kanpoko batzuk ere egon ziren; Kantabria, Errioxa eta Soriakoak, hain zuzen. 14 talde elkartu ziren, eta Espainiako senior txapelketarekin kointziditu izan ez balu, gehiago izango liratekeen. “Oso esperientzia polita izan zen. Taldeek primeran pasa zuten. Urdulizko Iparralde kiroldegian egin genuen, guk pista nahikorik ez genuelako, eta sentsazio onarekin amaitu genuen”, azaldu du ordezkariak. Orain dela egun batzuk irristaketa artistikoko eskola liga hasi zen eta Sopela Irristaketa Taldeak izena eman zuen. Pasa den denboraldian oso emaitza onak lortu ziren. Esaterako, 18 pertsonak gainditu zuten maila, eta hori oso positiboa da klubarentzat. Hala ere, nabarmendu dute garrantzitsuena patinatzaileek ondo pasatzea dela. Gainera, urtero joaten dira kanpora lehiatzera eta hori oso esperientzia aberasgarria da.
Azkenik, esan behar da gero eta mutiko gehiago ikusten ari garela irristaketa artistikoan. Apurka-apurka haiek ere animatzen hasi dira, mutil patinatzaile handien ereduari esker, hala nola Javier Fernández, titulu ugari irabazitakoa. “Hiru mutiko daude; horietako bik denbora daramate gurekin, eta onak dira. Kirolzale amorratuak dira. Hirugarrenak bost urte ditu eta espero dugu gurekin jarraitzea”, esan digu Iñigok.
Txapelketa hasi berri da eta Sopela Irristaketa Taldeak denboraldi ona egiteko itxaropena dauka, eta noski, berriro ere torneoa antolatu ahal izatekoa.