Beste urte bat gurpilen gainean, erritmo onean
Hockey irristaketa gorantz doan kirola da, batez ere bere haurrean kategorian. Bi talde gehiago daude: Mungiako bat eta Kantrabriako beste bat
DUELA pare bat aste ekin zioten eskola mailako hockey ligari, ilusioz, ez soilik parte-hartzaileen artean, baita Federazioko kideen artean ere. Izan ere, diziplina honen oinarriak sendotzen ari dira haur eta kadete kategorietan, eta kategoria zailak izaten dira, berez. Aurten, sorpresa handia izan dute, haur kategorian bi talde berri sortu baitira, eta ziur polito ibiliko direla. Batetik, Mungiako talde misto bat dago, aurten hasiko dena; bestetik, Kantabriako talde bat, Asonhockey izenekoa, bertan ligarik ez dagoela ikusita, Bizkaira gerturatu dena. Modesto Marínek, Bizkaiko federazioko hockey irristaketaren arduradunak, azaldu digu Kantabriako taldea hona gerturatzearen arrazoia. “Asonhockey Laredoko taldea da baina bertan ez dago eskola mailako ligarik. Hori ikusita, eskualdeko beste haur batzuekin elkartu eta talde bat osatu zuten. Jokatu ezin zutenez, guri eta Bizkaiko Foru Aldundiari hemen jokatzeko baimena eskatu ziguten. Baiezko erantzuna jaso zuten, noski, eta jokatzen hasi dira”. Arazo horixe bera izan zuten Gipuzkoa eta Arabako bi taldek. Hainbat urte daramate Bizkaiko ligan jokatzen.
Klub horiez gain, Getxon berri bat sortu da, Getxo irristan deiturikoa. Urdaneta eta Santutxu taldeetan aritutako getxoztarrek sortutakoa da. “Zerotik hasi dira, beraz, oraindik ere sustapen lana egin behar dute eta euren burua ezagutzera eman. Familiei zuzendutako jarduerak egiten dituzte eta agian bi urtetan taldeak ateratzeko moduan izango dira. Kontuan izan behar da diziplina ikasi behar dutela, eta prest daudenean guk poz-pozik egingo diegu eskola ligarako harrera”, esan du Marinek.
Aurten, taldeek 20 partida edo jokatuko dituzte, Aldundiak markatutakoak. Partidu bakoitza 10 minutuko hiru zatitan jokatuko da, nagusienak izan ezik. Horiek 15 minutuko zatiak egingo dituzte, erlojua geldituta. Bestalde, segurtasuna beti izan da garrantzitsua, bai federazioarentzat, baita Aldundiarentzat ere, beraz, azken urteetan bereziki zaindu da arlo hori. “Kaskoak derrigorrezkoak dira, baina Bizkaiko araua da, soilik. 15 urte daramatzagu hori egiten, arazoa da ez dagoela homologatutako kaskorik eta izotz gaineko hockeykoak erabili behar ditugula. Hala ere, baten bat homologatzeko saiakerak egiten ari gara”, nabarmendu du.Mailari dagokionez, Bizkaian zaila da igotzea; entrenamendu-ordu asko egin beharko lirateke eta entrenatzaileek ere maila handiagoko prestakuntza beharko lukete. Hala ere, gabezia horiek urtean zehar jokatzen diren txapelketen bidez estaltzen dira. Kadete ligaren kasuan, berdintasuna erabatekoa izan da. Pasa den denboraldian hainbat talde saiatu ziren lehen postua lortzen.
Hala ere, maila benetan ikusten da taldeak Euskaditik kanpo jokatzera irteten direnean. “Kanpoan duten maila ikaragarria da, batez ere Katalunian. Talde asko daude eta ligak oso sendoak dira. Gure neska-mutikoentzako positiboa da beste talde batzuen jokoa ezagutzea” baieztatu du Marínek. Lorpenei begiratuta, esan behar da Jolasetako senior taldea lehen dibisiora igo dela; lorpen handia da hori. Beheko kategorietan, Urdanetak Espainiako kimu txapelketan parte hartu zuen eta zortzigarren geratu zen. Aldiz, Loyola Indautxu zazpigarren geratu zen junior kategorian.
Oinarrian egiten ari den lanari esker, haur eta kadete kategorietan gero eta haur gehiago daude aurrera jarraitzeko prest, eta horiek izaten dira maila konplikatuenak. Gurasoen inplikazioa ere aipatu beharra dago, beren seme-alabak aurrera jarraitzera animatzen dituztelako. Gainera, neskak animatzen ari dira, talde asko mistoak dira eta batzuetan neskak gehiengoa ere badira.
Aurten ere, hockey irristaketa aurrera doa. Gero eta zale gehiago erakartzen ari den kirola da. Betiko klubek gero eta talde gehiago dituzte eta berriak sortuz doaz.