Monotoniarekin hausteko bidaia

Mondragon Unibertsitateko sei ikaslek 'Hurrengo Geltokia' film-laburra sortu dute. Norberaren bizitzaren inguruan hausnartzera gonbidatzen du laburmetraiak

19.04.2022 | 11:04
Garazi Beloki eta Jon Ander Urresti dira filmaren protagonistak.

Bizitza arrunta dauka Pauk. Goizean goiz esnatzen da eta kafea prestatzen du. Egunero tren berdina hartu eta lanera abiatzen da. Eta hurrengo egunean berdin. Eta hurrengoan ere bai. Eta baita hurrengoan ere. Naia Aizpuruak (Mendaro, 2000) monotonia eta errutinaren inguruko hausnarketa egin du honako proiektuan. Bera da istorioaren sortzailea eta 'Hurrengo geltokia' laburmetraiaren zuzendaria. Unibertsitateko klase batean gidoi bat egitea eskatu zieten eta Aizpurua aspaldian lagun batek kontatutako istorio bat gogoratu zuen. Hortik abiatu eta forma emanez Pauren istorioa sortu du.

Gizartearen isla

Bizitza monotonoa dauka protagonistak, errutina batean murgilduta dago eta hori gizartean antzematen dela uste du zuzendariak. "Nik uste dut askotan aldaketa horri beldur diogula. Bukle batean sartzen gara, hasten ditugu gauza batzuk, errutina batzuk, eta hortik irtetea asko kostatzen zaigu. Ez dakit kezkatu baina bai pentsarazten didala, gidoia idazterakoan bereziki eta gero grabaketan eta lan guzti honen prozesuan presente izan dut gai hori". Kontrara, Aizpuruak oso pertsona aktibotzat du bere burua, eta asko gustatzen zaio gauza berriei ekitea eta ikastea. Agian horregatik aukeratu du hain zuzen ere gai hau.

Geltokiaren eta trenaren figurak oso garrantzitsuak dira filmean eta kontatzen den istorioan. "Trenak bizitza iradokitzen du, bizitza pasatzen dela eta trenak hartu behar dituzula, bestela joan egiten zaizkizu".

Sei kidek sortu dute lan-taldea: zuzendariaz aparte, Angello Eloiztaga argazki zuzendaritzan egon da, Natalia Artetxe ekoizle buru bezala, Uxue Morales zuzendari laguntzailea, Ander Zelaia arte zuzendaria eta Julen Leturiondo soinu burua. Ikaskideak izateaz gain lagunak ere badira eta oso ondo moldatu dira. Ondo ezagutzen dute elkar eta guztiek oso argi izan dute zein zen bakoitzaren rola.

Dialogorik gabe

Gidoiaren idazketa horretan, Aizpuruak erronka handia hartu zuen erabaki baitzuen laburmetraia elkarrizketarik gabe egitea. "Gauza oso natural bat bezala atera zen hori. Ni idazten ari nintzenean istorioa kontatzen ari nintzen, pertsonaiek egiten zituzten ekintzak, baina ez nuen dialogorik sartzeko beharrik ikusten. Pau oso pertsona bakartia denez, eta denbora asko pasatzen duenez bakarrik, ikusi nuen ez zegoela elkarrizketa bat izateko beharrik", azaldu du. Bukatzerakoan hitz bakar bat ez zegoela konturatu zen. Gidoigintzako irakasleak esan zion arriskatua eta ausarta zela aldi berean, baina funtzionatu zezakeela. Eta emaitza ikusita, badirudi hala izan dela, guztiz funtzionatu baitu.

Pertsonaien artean elkarrizketarik egon ez arren, soinuak eta irudiek indar asko dute film laburrean. "Begiraden arteko hizkuntza bat" sortu dela adierazi dute sortzaileek. Komunikatzeko hitzak erabili ez dituztenez, begiradek, keinuek eta soinuek komunikatzeko paper hori jokatu dute.

Hitzik ez erabiltzeak ere monotonia hori transmititzen lagundu du. Eszena geldoak dira eta erritmo lasaia eta mantsoa mantentzen da laburmetrai osoan zehar. Horrez gain, argitasunak ere asko eragiten du kontatzen ari den horretan.

Lehenengo aldiz aritu da Aizpurua zuzendari gisa. Aurretik behin edo behin hartuta zuen rol hori, baina hau izan da lehenengo aldia propio film oso bat zuzendu duena. Gainera, aktore profesionalekin lan egin dute, eta hori "konpromiso" handia izan da gaztearentzat. Hala ere, asko disfrutatu du esperientzia berriaz. Jon Ander Urresti (Pau) eta Garazi Beloki (Ruth) aktoreak dira filmaren protagonistak. Oso eskertuta daude sortzaileak, izan ere, Belokiren kasuan Madriletik etorri zen haiekin grabatzeko. Urrestiren kasuan ere, protagonistaren papera egiten duenez, prozesu guztian zehar egon da, eta asko lagundu die.

Filmeko protagonistak egunero hartzen du tren berbera, geltoki berean. Angello Eloizaga

Proiektua 2021eko ekainean amaitu zuten eta irailean Gazteak Auzolanean bekaren berri izan zuten. "Unibertsitateko lanak askotan bertan gelditzen dira, kajoian sartuta" adierazi du zuzendariak. Horregatik, bekan jasotako dirua film-laburrari hedapena emateko erabili dute, kajoitik atera eta jende gehiagorengana iritsi ahal izateko. Oso lagungarria egin zaie, eta horri esker orain herriz herri proiekzioak egiten ari dira, labur-biran sartu dira eta bidea ematen ari diote egindako lanari.

Proiekzioetan familiengandik eta lagunengandik babes handia jasotzen ari dira, baina gustatuko litzaieke hori irekitzea eta pertsona gehiagorengana iristea. Horrelako proiektu txikiei ikusgarritasuna eman behar zaiela uste du zuzendariak eta eskatu du sektoreko jendea animatzea eta proiektu hauek sustatzea. Proiektuaren sare sozialetan, @hurrengo.geltokia, aurkitu daitezke hurrengo proiekzioen datak.

noticias de deia