Taldean osatutako proiektu pertsonala

Eroann eta Red Carmine musika taldeetan hasi zen, 2010ean sei urteko geldialdia egin zuen amatasunagatik eta bakarlari gisara itzuli zen 2017an. Birkit izen artistikoz ezaguna, Birkite Alonsok 2017an ekarri zuen 'Emen', bere gitarra elektriko eta piano hutsak lagunduta. 2022an eman du azken lana, berriz taldeko formatura itzulita: 'Inertzia'

24.01.2022 | 15:47
Taldean osatutako proiektu pertsonala

Ezin hitz bakarrean bildu Inertzia. Kantautorearen ukitua eta taldearen instrumentalizazioa nahasten dira estilo anitzek bustitako bederatzi kantutan. Popetik, folketik, post-rocketik, rock eklektikotik eta progresibotik edan du Birkite Alonsok abestiok sortzerakoan. "Horien nahasketa bat da, zaila da modu zehatz bakarrean deskriba-tzea", azaldu du, gaineratuz "edertasunean intentsoa" dela.

Diskoari "garbia", "ederra" eta "lasai entzutekoa" deritzo; zuzenekoetan, ordea, "gogor" eta "gordin" ageri omen da laukotea. Distortsiotik datorren artista da Birkit, gitarra elektrikoaren eta looperraren kide fina. Bakarrik sortutako kantuak taldean lantzerakoan, baina, azken urteetako dinamika aldatu eta bere gitarra soinu "zikina" garbitu du. Pandemiak horretan lagun egin diela aitortu du: "Denbora izan dugu abestiak gehiago lantzeko". 2020ko udazkenean dena grabatzeko prest zuten, baina itxialdiak lanari beste buelta bat ematera eraman zituen eta on egin diela uste du artistak.

Bakarlaria taldean 2003tik Eroann eta Red Carmine taldeetan aritu ondoren, 2010ean sei urteko geldialdia egin zuen Birkite Alonsok ama izan zela-eta. 2017an bakarrik egin zuen publiko aurrera itzulera, Emen lanarekin. Iner-tzia, aldiz, argi zeukan taldean egin nahi zuela. "Oso gustura egon naiz bakarrik, baina niretzat talde formatua egokiagoa da", aitortu du begirada atzera eginez. Gitarra-jo-tzaile gisara bere burua proba-tzeko, esperimentatzeko, sortzeko askatasuna izateko eta, hein handi batean, amatasunaren mugetara egokitzeko, bakarrik aritzeko hautua egin zuen. Alta, une horretatik bertatik argi zeukan taldean jotzea nahiago zuela: "Hasieratik oso argi neukan hori izango zela bakarrik egingo nuen lan bakarra". Taldeak instrumentalizazioari aberastasuna ematen diola senti-tzen du, baita berari babes emozionala ere, prozesuan zehar babestuta sentitu baita.

Lagun eta musikari moduan miresten dituen kideekin osatu du Birkitek oraingo Birkit. Inertzia-n Ilargi Agirreren bateria (Perlak, Mice, Hatxe), Mikel Palenzuelaren gitarra (Tilde, Madera) eta Patxi Agirreren baxua (Perlak) nahasi dituzte. Diskoari amaiera ematen dion Ezinbestekoaren ziega kantuan Idoia Hernandez Hatxe musikariaren laguntza ere izan dute. Aitziber Orkolagaren da diseinua eta ekoizpena Mikel Kazalisen estudioan egin dute, Anestesia, Negu Gorriak edo Kuraia taldeetako baxu-jotzailea, hain zuzen. Honek esanahi berezia izan du Birkitentzat. Izan ere, diskoan Negu Gorriak taldearen Amodiozko kanta abestiaren bertsio bat plazaratu dute, Iñigo Muguruzaren omenez. "Oso hunkigarria eta ederra izan zen Mikel hau grabatzen ikustea", azaldu du Birkitek.

Barrura eta kanpora begira Mezuari erreparatuta, istorio pertsonala eta salaketa aurkituko ditu entzuleak Inertzia-n: zaintzaren eta zaintzaileen afera, errefuxiatuen gaiarekin lotutako jendartearen hipokrisia, dispertsioa, 90eko hamarkadako emakumeei lapurtutako aukerak... Bizitzaren joan-etorriei eta bikote harreman luzeei ere egiten die kantu Birkitek, bere ikuspuntuarekin batera. Aurreko lanen gisara, euskaraz sortu ditu ia kantu denak.

Bi kontzertu eman dituzte oraingoz eta jendaurrean ahal beste jo-tzea gustatuko litzaieken arren, murriztapenak direla medio ez dute beste zuzenekorik lotuta. Hala ere, soa eta gogoa etorkizunean finkatuta ditu Birkitek: 2023an beste zerbait sortzen eta grabatzen hastea gustatuko litzaioke, oraingoan talde bezala, elkarrekin. Zehazki ez daki nondik eta zer aterako den, baina zerbait berria sortzeko gogoa badu.

noticias de deia