Bertso mundutik idatzitako istorioa komiki bihurtu dute Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek, Bertsolari aldizkariaren enkarguz. Hala ere, bertsoen munduarekin harremanik ez dutenentzat ere baden istorioa kontatu dute Bidea da borroka lanean. Dagoeneko liburu dendetan dago, eta Bertsolari aldizkariaren webgunean ere eskuratu daiteke.

Agian azken galdera izan beharko zukeenetik hasiko dugu elkarrizketa. Zer du zuen lanak autobiografikotik?

-Egia esan, autobiografikoa da edozein obra autobiografikoa delako. Alegia, protagonista ez da biotako inor; gehiago da bion bizipenetatik atera ditugun kezka eta ondorioetatik sortutako zerbait. Orduan, kontatzen dena ez da egia bere horretan baina, aldi berean, egiatik abiatzen den zerbait da. Beti ere, jolas hori ere badago, errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasa. Izan ere, fikzioak balio du egia batzuk kontatzeko, egiak balio duen bezala fikzio ba-tzuk sortzeko.

30-35 urteko bertsolari baten azalean jarri nahi duzue irakurlea. Zergatik adin tarte hori?

-Gu ere adin tarte horretakoak garelako. Guk kontatu nahi genituen gauzak dira gure belaunaldiari, gure inguruko jendeari eta gu bezalako pertsonei gertatzen zaiena; kasu honetan, 30-35 urte ingurukoak. Adin tarte horretako euskal giroko gipuzkoar baten istorioa genuen kontatzeko eta horregatik aukeratu dugu pertsonaia hori.

Diozuenez, askotan bertsolariek oraindik ulertu edo bizi ez dituzten egoerei buruz kantatu behar izaten dute. Noiz da bertsolari bat heldua edo bere horretan jaioa?

-Ez dakigu heldu izatera inoiz iristen garen. Bizitza osoa prozesu bat balitz bezala ulertu behar da, eta bizitza bera da etengabe kokatzeko ahalegin bat; bertsolaritzaren ofizioan are gehiago. Bertsolari bat umea denetik izan daiteke interesgarria, baina eboluzio baten parte dela kontatzen duen hori. Gure istorioan ere hori zen nolabait kontatu nahi genuena: nola umetan eta gazte garenean sinesten dugun bizitzan iritsiko garela leku edo momentu batetara non dena seguru ikusiko dugun eta kokapen finko bat izango dugun. Baina helduarora heltzen garenean eta 30-35 urte bitartera heltzen garenean konturatzen gara ezer ere ez dela finkoa, ezta iraunkorra. Dena dago kolokan eta egoera horretatik asmatu behar da sor-tzen. Hori bera da interesantea, eta hori ere bada aldarrikatu nahi dugun zerbait. Komikian bertan ere, Martin da protagonista baina Martinek baino gehiago, bere inguruan dituen horiek kontatzen dute bere istorioa. Azken batean, etengabea delako bere ahotsa bilatu nahi hori, seguru asko inoiz bukatuko ez den prozesu bat dena.

Enkargua hartu zenutenean argi ikusi zenuten istorioa zein izan beharko litzatekeen?

-Enkargua oso librea izan zen. Bertsolari aldizkariak kaleratu duen lana denez, eman ziguten muga bakarra izan zen bertsoarekin loturaren bat eduki behar zuela. Horregatik hasi ginen protagonista izango zen bertsolari bat aukeratzetik, eta hasieratik atera zen garbi istorioak nondik nora joko zukeen.

Pertsonaiaren perfila ere erraz sortu zenuten ala zerbait landuagoa izan zen?

-Hasieran ikusten genuen arriskua zen karikaturara jotzekoa, eta bertso munduaren karikatura egiteko arriskua. Hori zen, justu, egin nahi ez genuena. Bilatu genuen zerbait sinplea, gu gauden lekutik gertu samar dagoena eta baliagarria izango dena bai bertsoaren munduko jendearentzat, baina baita gure belaunaldiko eta gure antzera dagoen beste edozeinentzat ere. Haragoko zerbait kontatzeko aprobetxatu nahi genuen eta, alde horretatik, nahiko argi ikusi genuen protagonistak gure profileko norbait izan behar zuela. Hortik aurrera, gure artean eztabaidatu genuen zer zen kontatu nahi genuena eta zein gai landu nahi genituen. Gero, gai horietatik atera dira komikian agertzen diren beste pertsonaiak.

Martin Artolak bertso txapelketako finalera bidean bizi dituen estutasunak dira komikiak kontatzen dituena?

-Bi bidaia kontatzen ditugu. Bata bidaia fisikoa izango litzateke, etxetik ateratzen den momentutik BECen jokatuko den bertso finalera iritsi arteko bidaia. Bide hori Martinek bakarrik egiten du, eta guk bidaia hori aprobetxatzen dugu kontatzeko bide horretan ikusi dituenak edo bere oroitzapenak. Baina hain fisikoa ez den beste bidaia bat ere kontatzen du komikiak. Alegia, ume-umetatik orain dagoen posizio horretaraino izandako bizipenak.

Beraz, finalerako bidea bera ala bertsolari izatera heltzeko bidea da borroka?

-Bertsolari izaterako bidea, 35 urteko gizona izaterako bidea€ Bideak asko dira, azken batean.

Bertsoetatik, beraz, nolabait bizitzaren gordintasuna ere azaleratu nahi izan duzue?

-Gordintasuna baino gehiago, esango genuke bertso munduan eta, askotan, txapelketa garaian badirudiela dena oso lineala dela. Ematen du dena finalarekin bukatzen dela eta hori dela gailurra. Baina guk finala hartu dugu sinbolo bezala, ez bertso mundukoa bakarrik. Harago joan gara. Pertsona bat iritsi da botere posizio batetara, hori baita finalak sinbolizatzen duena, baina botere posizio hori nondik eraikia dagoen kontatu nahi genuen: pertsonaiak zein zalantza izan dezakeen, bera hor egoteak nor uzten duen botere posizio horretatik kanpo€ Aprobetxatu nahi genuen kanpoko guzti hori kontatzeko. Egia da finala argumentuan elementu zentrala dela, baina istorioan, benetan, aitzaki bat baino ez da gero kontatu nahi genuen dena kontatzeko. Bestalde, ez nuke esango gordina denik, azken batean, Martin dagoen posizioa nahiko erosoa eta pribilegiatua ere badelako. Gertatzen dena da berak ez duela bere burua seguru ikusten eta zalantzak ditu. Beraz, Martin aprobetxatu dugu bertso munduari eta euskal gizarteari begira zerbait erreala egiteko.

Nolakoa izan da gidoi bat komiki baterako testua bihurtzeko prozesua?

-Honekin hasi ginenean nik [Beñat] komiki asko ere ez nituen irakurriak. Unai bada komiki zalea, eta berak bidali zizkidan bere gustuko erreferente batzuk, nik pista batzuk hartzeko. Horrez gain, Unaik kontatu zidan berak zer espero zuen komikirako gidoi bat hartzerakoan; alegia, espero zuela istorio bat idaztea, eszena batzuk idaztea eta eszena horietan agertuko litzatekeen hori ere idaztea. Niretzat polita izan da. Gainera, bertsoetatik nahiko gertu dagoen zerbait da; ahalegina izan da ahalik eta hitz gutxien jar-tzea, ahal den testu trinkoena izatea eta irudi bidez kontatzen den hori hitzez ez kontatzea. Hori izan da nire ahalegin handiena. Hain justu, 2020an jaso genuen enkargua, eta gidoia etxeko itxialdiko bi hilabeteetan idatzi nuen. Goizean jaiki eta zeregin hau edukitzea niretzat luxua izan da.

Eta hitz gutxirekin irudietan istorio oso bat kontatzeko ardura?

-Komiki bat marraztea izugarrizko lana da. 130 orrialde dira eta orrialde bakoitzean 5-6 biñeta daude. Marrazki piloa dira eta denborak ere asko markatzen du. Beraz, gidoia jaso nuenean erabaki nuen gidoiak transmititzen zidan hori momentuan marrazkietara eramaten saiatu behar nintzela, eskuz. Gero, ordenagailuan konpondu ditut, baina saiatu naiz Beñaten gidoia nire filtrotik pasatzen eta niri boteprontoan atera zaidan hori transmititzen. Obsesio puntu bat ere izan dut, nik sentitzen nuen hori marrazkien bitartez modu perfektuan adierazteko, oso subjektiboa eta zaila den arren.

Eta gidoia idaztean Beñaten buruan irudikatu zen istorio horrekin bat egin du komikiak?

-Unairen estiloa ezagutzen dut eta zenbait gauzarekin banekien, gutxi gorabehera nola aterako ziren. Hala ere, nik 100 orrialdeko gidoi bat egin nuen eta 120 orrialdetan gelditu da. Beraz, iruditara eramateko prozesuan aldatu egin da. Alde horretatik garapen bat izan du, eta polita iruditu zait idatzizko gidoi batetik bat-batean irudi bidezko komiki bat jasotzeko aldaketa hori.

Eta emaitzarekin gustura geratu zarete.

-Bai. Prozesuarekin oso pozik. Gidoi bat idaztean buruan duzu gidoi hori irudietan nolakoa izan daitekeen, baina gero benetan gertatzen dena oso desberdina izaten da, eta hori ere polita izan da. Unai arduratu da gidoia irudietara eramateaz eta horretarako saiatu gara batak besteari distantzia ematen, libre jarduteko. Alde horretatik esan behar dut Unai ezagutzen dudan arren, gauza askotan espero ez nuen lekuetara eraman duela komika.

Irudietan zein testuan, zein da komikian erabili duzuen tonua?

-Oinarrian serioa da, kontatzen dena serioa delako. Baina banaka-banaka eszenak hartuta, badauzka puntu komikoak, bizitza errealean dauden bezala. Ez da irakurlea algaraka jarriko duen komikia baia, tarteka, irribarre batzuk aterako dizkio. Komikiaren bidez kezkatzen gaituzten gaiak landu nahi izan ditugu, baina tonua orokorrean nahiko arina da, serioa izan arren.

Lehenengo kontaktua egin duzue irakurleekin. Zein sentsazio?

-Durangoko azokan izan ginenean jendea hurbildu zen ale batzuk erosten, sinatu ere egin genituen eta irakurrita zutenak ere hurbildu zitzaizkigun, asko gustatu zitzaiela esateko. Beraz, orain arte jaso dugun feedbacka ona izan da.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaren eguna heldu da. Zenbat borroka libratuko dira gaur Bilbora bidean?

-Zortzi bidaia egingo dira final horretara, eta Bizkaiko bertsogintza momentu honetan egoera eder batean dagoela esan behar da. Ahots propio pila bat daude, eta belaunaldi desberdinak izango dira oholtzan. Beraz, finalera hurbiltzen denak disfrutatzeko aukera ederra izango du.