IAZ Dendaostekoak (Susa, 2020) argitaratu ostean, eta Kontrako eztarritik (Susa, 2019) lanari esker Saiakerako Euskadi Saria jaso ostean, bueltan da Uxue Alberdi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) bere azken lanarekin: Hili (Elkar, 2021). Haurrentzako album ilustratua da, hiltzearen ideia oinarri hartuta, unibertso oso bat sortzen duena. Alberdiren hitzei, Araiz Mesanza ilustratzaileak jarri dizkie irudiak.

'Hili' aurkeztu berri duzue, heriotzaz mintzo den albuma. Nola egin diozue aurre erronka horri?

-Heriotzaren inguruko ipuina dela esatea baino, gehiago gustatzen zait esatea hiltzearen ideiaren ingurukoa dela. Askotan heriotzaz ari garenean, imajinatu dezakegu doluari buruzkoa izango dela. Ohikoa da literaturan heriotza gertatu eta geroko horri buruz hitz egitea, kasu honetan, berriz, hiltzeari bizitzaren ikuspegitik begiratu nahi izan diogu.

Nola ulertzen dute haurrek heriotza?

-Nik uste badagoela adin bat, 6-8 urterekin, hiltzeaz jabetzen direla haurrak, eta betirako izango dela. Adin horren aurretik, umeek irudi jolaskorrago bat dute hiltzeari buruz, ez baitute azalpen hain argirik haren gainean. Beraz, ingurukoak, eta baita gu geu, ere hil egingo garela pentsatzen hasten garenean, pentsamendu batzuk etortzen hasten zaizkigu, ulertu asmoz. Hala ere, umeari bada beti ihes egiten dion zerbait. Are gehiago, esango nuke hori ez zaiela soilik umeei gertatzen, helduoi ere bai. Uste dut heriotzaren inguruan dugun zalantza horiek argitzeko elkarrizketa dela gure buruarekin dugun elkarrizketa intimoetako bat; isilka eta inorekin edo oso jende gutxirekin konpartitzen duguna. Eta, adinean gora eginda ere, aldiro-aldiro etor-tzen den kezka, beldur edo zalantza bat da.

Uste duzu, beraz, haur zein heldu, beldurra sentitzea ohikoa dela, edo garatu egiten den sentimendua dela?

-Heriotza zer den jabetzen garen momentutik, denoi sortzen digu beldura, haurrak edo helduak izan. Beste kontu bat da, momentu jakin batera arte ezin duela ulertu, eta horrenbestez, ez da horren beldur, ez delako hori pentsatzeko gai. Baina normala da izua sentitzea, batetik, inork ezin duelako kontatu eta ezagutzen ez dugun zerbaiti aurre egin beharko diogulako, eta gainera, bakarrik aurre egin beharko diogu. Bestetik, ezin dugulako aurrez prestatu. Beste espezie batzuen aldean, abantaila edo desabantaila hori dugu, antizipatiboak gara: aurrez pentsatu ditzakegu eta presta gaitezke. Kasu honetan, hiltzeko ezin gara prestatu.

Nola arindu bada beldur hori?

-Niri behintzat laguntzen dit erabat ulertu ezin ditudan errealitateetara gerturatzeak. Albumean neskatilak eta bere panpinak elkarri konpainia egiten dioten moduan, nire kasura ekarrita, panpina hori izan daiteke literatura. Jakina, liburu honek ez dizu beldurra kenduko, ez da horretarako, baizik eta gai eta ideia horiek eskuartean izateko. Iruditzen zait literaturak, poetikak, edertasunaren bilaketak, hilko garela jakinda, bizitzen laguntzen digutela. Laguntza ez zentzu terapeutikoan, akonpainatu egiten gaituen zentzuan baizik, panpinak neska laguntzen duen moduan.

Ez da soilik beldurretik landutako ipuina, ezta?

-Ez. Badira unibertsoari edo zeruari planteatutako galderak, animaliekin lotutakoak, existentzialistak€ Poetikatik, abstrakziotik, absurdutik ere asko dute. Modu ezberdinak dira hiltzearen ideiara gerturatzeko, izan ere ezin baikara hartara iritsi. Ipuin hau izan daiteke hiltzearen ideiaren putzu horretan oin punta sartzea: ezin zara bertan bainatu hil gabe.

Albuma sortzeko aipatu dituzun ideia eta zalantza horietatik abiatu zarete. Gogoan al duzu zure txikitako zalantzetakoren bat?

-Txikia nintzenean, nire heriotzaz eta ingurukoak hil egingo zirela pentsatzen hasten nintzenean, larrimina sartzen zitzaidan eta buelta hasko ematen nizkion. Hiltzea ez egotea da. Ideia horrek beste batzuk ekar-tzen zizkidan, ez egote horren inguruan, baina, ezin da ez egon, izan ere, pentsatzen ari bazara, bazaude. Baina, tira, irudimenari esker egin daitekeen zerbait da hori pentsatzea. Hori da Hili, zuzenean kontatu ezin dugun errealitate horretara inguratze bat.

Zure zalantzekin ez ezik, liburua ingurukoen ideiekin ere osatu duzu.

-Hala da, denetarik dago, urteetan bildu ditudan ideiak: badira nireak, umetatik gogoratzen ditudanak, baita oraingoak ere; badira beste batzuk asmatu egin ditudanak; umeei entzundakoak€ Orokorrean, literatura esperientziaren elaborazio bat da, eta beraz, beti dago gure errealitatetik, inguratzen gaituenetik zerbait egoten da. Baina bestetik ere badago elaborazioa, hau da, zentzu estetiko bat ematea. Eta horretan aritu gara Araiz Mesanza ilustratzailea, Antxiñe Mendizabal editorea eta hirurok.

Galdera asko bai, baina erantzunik topatuko al du irakurleak?

-Ez, jakina ezetz! Erantzunak topatuko ditugu hiltzen garenean. Gainera, handinahia izango litzateke erantzun horiek eman nahi izatea, beste inork baino gehiago jakingo banu bezala. Gerturatzea du helburu, hainbat emozioetatik. Nor bere heriotzaren inguruko ideiatik eta ikuspegi antropozentristatik haratago ere joan nahi du, gizakiak eta baita animaliak, hizkuntzak, planetak, izarrak, fenomenoak€ ere hil egiten direlako. Horrek ere arnaserako ere ematen du, nolabait, erantzunik ematen ez badu ere, sosegua ematen duelako.

Nolakoak dira 'Hili'-ko pertsonaiak?

-Nik bilduta neuzkan hainbat ideia, burutazio, zalantza€ baina pertsonaia bat sortu beharra zegoen, ez baitzegoen horiek esango zituen nor bat. Nor zen ideia horien guztien atzean zegoen kontzientzia? Umeek euren gertukotzat hartuko zuten norbait behar zuen, baina aldi berean, helduak ere interpelatuko zituena. Hor izan genuen Printze txikia liburuko pertsonaia eredu: helduok, testuan esaten zenaz gain, irudiarekin beste gauza batzuk ikusiko genuena.

Gero panpina etorri zen, hainbat funtzio bete behar zituena: lehen aipatu dudan konpainia egitea; bestetan, neskaren alter ego izango zena; ispilu funtzioa beteko zuena; edo besterik gabe protagonistaren galderak jasoko zituena. Panpinari esker, neskak esaten duena ez da airean geratzen. Galderak, pentsamendu solteak, kaligramak€ Horietara egokitzen dira pertsonaiaren funtzioak orritik orrira.

Aipatu duzu ez dela bat-bateko lana, urteetan ontzen joan zara€

-Nik galderak eta ideiak apuntatu egiten nituen, eta zerrenda luze bat nuenean, nolabaiteko batasuna eman nien. Horrekin joan nintzen argitaletxera eta orduan hasi ginen irudiekin pentsatzen. Hasieran Araizek gorpu antzeko bat irudikatu zuen eta hain justu hori zen hartu nahi ez nuen bidea, bizi-tzatik aurre egin nahi genion. Gero pertsonaiak aldatu zituen, eta uste dut ederto bildu dituela nik jaso nahi nituen ahots guztiak. Arnas egiteko espazioa ere badu ipuinak, izan ere, orriek ezin zuten bete-beteak egon, pertsonaia hutsunearen aurrean irudikatu beharra zegoen€ Elkarrekin joan gara bide hau konpartitzen, bilera telematiko asko tarteko.