OBJEKTUEN ensamblajeekin lanean, egunerokotasunean inguratzen gaituzten material arruntak elkartu eta artelanak sortzen ditu Sahatsa Jauregik (Itaparica, 1984). Horrela aritu da urte luzez artista euskalduna, eta, egun, modu horretan lanean jarraitzen duen arren, beste teknika batzuk probatzeko grina piztu zaio ere. Hau guztia jasotzen du Los Brutos erakusketak, Bilboko Deustuibarran dagoen Artiatx arte galerian dago ikusgai, irailaren 26ra arte.

Itaparica irlan jaio zen Sahatsa Jauregi, Brasilgo Todos los Santos badian kokatuta dagoen irlatxo txiki batean. Gurasoek beti izan zuten gogoa Ameriketara joateko eta bidaiatzen pasa zituzten hainbat hilabete. Han zeudela jaio zen Jauregi, baina 8 hilabete eskas igaro-tzean itzuli ziren Euskal Herrira. Garai hartan gurasoek harreman estua zeukaten artisautzarekin eta objektuen salerosketarekin. Bai Ameriketan zeudenean baita Euskal Herrira itzuli zirenean ere, postu hippietan ibiltzen ziren hemendik hara gauzak saltzen. Asko bidaiatzen zuten, Marokon, Londresen eta beste hainbat hiritan bertako produktuak erosten zituzten hemen saltzeko. Bizitza ez-konbentzional horrek, modu batean ala bestean, eragina izan zuen artistarengan eta bere etorkizuneko lan artistikoan. "Nik uste horrek bai eragin ninduela sormen biziko ume bat izatera", kontatu du.

Sormen biziko ume bat izatetik Arte Ederrak ikastera igaro zen Jauregi. 2007. urtean lizentziatu zen eta garai hartatik aurrera erakusketa eta proiektu asko aurkeztu ditu. OKELA Sormen Lantegiko kide ere bada. Areto ezberdinetan erakutsi ditu bere lanak: 2009an Espacio Abisalen eta Rekalde Aretoan (Bilbo), 2011n Montehermoson (Vitoria-Gasteiz), Koldo Mitxelenan (Donostia) eta Carreras Múgican (Bilbo).

Oraingoan Bilboko Artiatx espazioan aurkeztu du Los Brutos erakusketa. Areto honetan duten lan egiteko modua artista bat gonbidatzea da eta askatasuna ematen diote espazioan bertan nahi duen bezala esku hartzeko. "Niri asko balio dit zer erakutsiko dudan edo egin nahi dudan lana jakiteko, proposamenaren baldintza konkretuak ezagutzea. Kasu honetan, oso garrantzitsua izan da nik ez dauzkadan makinariak beraiek izatea", azaldu du Jauregik. Artistek kudeatzen dute galeria, eta, gainera, horietako gehienek eskultura lantzen dute, beraz material eta tresneria zabala dute. Gonbidatuak beharrezkoa duen denboran lanean egon ostean tailer horren aldamenean duten beste espazio batean erakusketa antolatzen dute eta hilabete horietan egindako lana erakusten dute.

ARTELANEN SORTZE-TEKNIKAK

Eskulturak sortzeko prozesu zehatz bat jarraitzen du artistak. Hainbat urte daramatza bilduma batean argazkiak gordetzen eta irudi horietatik abiatuz, objektuak haien artean elkartu eta irudiak hiru dimentsioetako eskulturak bilakatzen ditu. Errekurtso hori urteetan erabili du baina Jauregik aitortu du bazuela gogoa hortik aldendu eta beste metodo berri batzuk probatzeko. "Oso erabakigarria izan da erakusketa honetan plasmaren bidez, hau da, burnizko xaflak mozteko aparatu baten bidez, burnian siluetak ateratzeko teknika lantzea". Teknika horrez gain, azkenaldian egiten aritu den beste lan ildoetako bat pertsonekin eskulturak egitea izan da. Bere lagunak gonbidatzen ditu estudiora eta inprobisazioaren bitartez lagun hauen gorputza lantzen du eskulturarako beste elementu bat balitz bezala. Gorputzak, objektuak ez bezala, mugitu daitezke, gauzak har ditzakete eta abar. Konposaketa batzuk egiten ditu horrekin eta hortik eskulturak jaiotzen dira.

Inspirazioaren inguruan hizketan, hainbat erreferente aipatu ditu Sahatsa Jauregik. "Badaude zenbait artista beti jarraituko ditudanak, adibidez, Euskal Herri mailan Ana Laura Aláez edo Europa mailan Isa Genzken. Artista eskultore horiek erakutsi dute ez ditugula behar berrogei tona altzairu eskultura bat egiteko". Hala ere, Jauregik aipatu du azkenaldian inspirazio handia jasotzen duela eta asko erakartzen dutela Instagrameko kontu batzuk. Moda eta argazkilaritzaren artean mugitzen diren kontuetatik asko edaten du artistak.

PROIEKTU ANDANA ESKU ARTEAN

Erakusketa honetaz aparte, beste egitasmo ugari dauzka Jauregik etorkizun hurbilean. Martxoan, Bilboko Azkuna Zentroan Babestu programaren baitan, Aizkora proiektua aurkeztuko du. Musikaren munduan ere hainbat lan ditu. Alde batetik, Verde Prato musikari gipuzkoarrarekin lanean ibili da. Artiatx aretoan kon-tzertu/performance bat egin zuten eta areto berdinean aurkeztuko du Jauregik, bideo formatuan. Bestalde, J Martina musika taldearekin ere elkarlanean dago. Arlo oso desberdin bateko proiektua ere garatuko du artistak, izan ere, Hernaniko hilerrian espazio bat sortuko du jaiotza perinatalei eskainitakoa. Horrek argi uzten du arte-diziplina ugari lantzeko gai dela Sahatsa Jauregi.