Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria

Ander Barandiaran: "Normala da 17 urteko gazte batek liburu batean 20 euro gastatzeko ez izatea"

Iruñeko Nabarreria plazan izaten da bi igandetik behin 'Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria'. Ander Barandiaranek adierazi duenez, gazteengan irakurzaletasuna zabaltzea du helburu

12.07.2021 | 10:57
Iruñeko Nabarreria plazan izaten da bi igandetik behin 'Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria

Bermutaren ohiturak biltzen duen jendetza probestuta, bi astetik behin, Nabarreria plazara agertzen da Ander Barandiaran gaztea (Altsasu, Nafarroa, 1996). Janzkera bitxia soinean eta erosketa-orga bete liburu, koadrilengana gerturatzen da liburuak eskaintzera, dohainik. Argitaletxeek katalogotik baztertutako aleak dira. Zaharrak baina berriak, era berean. Trukean, liburua bukatu ostean, berriz itzultzeko edota lagun bati oparitzeko konpromisoa hartu behar dute, sarea hedatu eta liburuei bizia eman asmoz. Horiek dira Barandiaranek berak abiatutako Euskal Liburutegi Sozial Ibiltariaren helburu nagusiak.

Nondik abiatzen da Euskal Liburutegi Sozial Ibiltariaren ekimenari ekiteko ideia?

-Aitarekin izan nuen elkarrizketa batetik abiatu zen dena. Hark kontatu zidan zer gertatzen den jada saltzen ez diren liburuekin: argitaletxeen biltegietan liburu berrientzako espazioa egin behar dela eta, suntsitu egiten dituzte jada zaharkituta geratu direnak edota saltzen ez direnak. Horrek asko harritu ninduen, liburuak erre-tzearenak inkisizio garaia ekarri zidan burura, eta beraz, buelta eman nahian halako zerbait egiten hastea pentsatu nuen. Argitaletxeekin hitz egin, liburu horiek jendearen eskuetara heldu daitezen.


Zer harrera izan du ekimenak?

-Batetik, argitaletxeena harrera oso ona izan da. Badira hasieratik oso ondo hartu dutenak, eta beste batzuk, berriz, galderak izan dituzte, arraroa iruditzen zitzaielako. Hala ere, ongi azalduta, gehienek laguntza handia eman didate. Igela argitaletxearekin hasi nintzen, eta gerora batu dira Txalaparta, Sua eta baita Elkar ere. Bestetik, kaleko jendearen erantzuna an-tzekoa izan da. Hasieran harritu egiten dira eta ez dute ezer hartu nahi. Ondoren, azaltzen diezunean doakoak direla eta zeintzuk diren baldin-tzak, animatu egiten dira. Oso ona izaten ari da harrera, egia esan.

Literaturzalea zara, beraz? Nondik datorkizu zuri zaletasun hori?

-Etxea beti izan dugu liburuz josia eta asko irakurri izan dut betidanik. Etxean haurrak ginenetik bultzatu izan gaituzte anaia eta biok asko eta denetik irakurtzera. Hori da ere proiektu honen zergatia, niretzako liburuak objektu bakar bat baino gehiago baitira eta jendeari hori ere helarazi nahi nion.


Argitaletxeei esker liburu mordoa bilduko zenituen. Jendeak ematen dizkizunak ere hartuko dituzu?

-Asmoa da argitaletxeekin funtzionatzea eta saltzen ez diren liburu horiek mugimenduan jartzea. Hala ere, besterik ekartzen badidate ez diet ezetz esango. Momentuz, probatzen ari gara, liburu bakoitzeko lauzpabost ale eman dizkidate argitaletxeek, eta bukatzekotan, haiengana jotzeko aukera eman didate, emateko liburu gehiago baitituzte.

Liburua hartu, eta bueltan eman behar dute bukatzean. Ez duzu uste mesanotxeetan geratuko direnik?

-Baliteke. Baina helburua da jendeari mezua helaraztea. Nik uste, liburu bat opari gisa jasotzen dugunean beste konpromiso bat dagoela, eskatu badizute beste norbaiti emateko, jendeak errazago irakurri eta pasako du, eta hala, sarea josten joaten da. Gainera, ikusten badu bere mesanotxean, ekimenaz oroitu egingo da eta hor ere irakurtzeko ahalegina egingo du agian.


Iritsi nahi zenuen jendearen profila aurretik zehaztua zenuen?

-Ideia zen gazteengana heltzea, hau da, 14-35 urte arteko jendearengana. Azkenean belaunaldi hori pantailekin hazi da, baina pantailakoek askotan liburua dute oinarri. Beraz, hori berreskuratu nahi nuen. Gainera, generazio bat da diru askorik izan ez duena. Normala da 17 urteko gazte batek liburu batean 20 euro gasta-tzeko ez izatea. Proiektu honekin aukera bat dute nahi adina liburu hartu eta musutruk disfrutatzeko.


Ibiltaria izena ere jarri diozu proiektuari. Nondik ibiltzen zara, edo zer asmo duzu?

-Une honetan, Iruñean, Nabarrerian aritzen naiz niretzako gune erosoa delako. Han funtzionatzen du, jendeak ikusten nau, eta jendearengana hurbil naiteke. Iruñeko alde zaharretik mugitzea pentsatua neukan, baina momentuz plazan geratuko naiz. Udan, aukerarik baldin badut, herri batzuetara joango naiz.


Jantziak ere bereziak daramatzazu€

-Duela bi urteko inauterietako mozorroa da, egunkari saltzailearena. Pentsatu nuen ni bakarrik, igande batean eta karro batekin azalduko banintz ez lukeela ongi funtzionatuko. Mozorrotuta, aldiz, jendea erakartzea lortuko nuen, beste itxura bat ematen dio ekimenari.


Zuk ere irakurtzen al dituzu karroko liburuak? Gomendiorik?

-Oraintxe bukatu dut Igela argitaletxeak kaleratu berri duen Elio Vittoriniren Solasaldia Sizilian. Liburutegi Sozialetik ere Itxaro Bordaren Ezer gabe hobe (Susa, 2009) irakurri dut. Oso interesgarria da migrazioaren gaia jorratzen duelako, eta gaur egungo egoerarekin oso ongi alderatu daitekeelako. Ni ikasketaz gizarte langilea naiz, eta beraz, asko gustatu zait. Alde horretatik, uste dut gizarte langintza asko lotu ohi dela lan administratiboarekin, baina nire iritziz horrelako ekimenek ere, herri mugimenduek bezala, asko dute gizarte langintzatik.

noticias de deia