Eraikin zirkularra, finkoa edo ibiltaria, pailazo, akrobata eta kidekoen ikuskizunak emateko prestatua; ikuskizun horien multzoa". Hiztegian begiratuta, hala dio zirkua hitzaren definioak. Baina bada hori baino gehiago denik, bada fantasiari ateak zabalduta, ezinezkoa egia bihurtu daitekeen mundu magiko batera bidaia egitea ahalbidetzen duenik. Hori eta gehiago da lehenengo euskal zirku ibiltaria; hori baino gehiago da Gure Zirkua, eta bueltan da.

Txina zaharrean zegoen hasiera batean zirkua, eta Grezia eta Erromatik igaro ondoren, Euskal Herrira ere iritsi zen, eta belaunaldiz belaunaldi igaro zaio egungo gizarteari zirkura joateko ohitura. Beste herrialdetatik iritsitako zirkuak bisitatu ohi ditu bertokoak, baina azken lau urteotatik hona ez da besteek egindako zirkura joateko beharrizanik, hemendik eta hemengoengandik sortutakoa ere badagoelako: Gure Zirkua. Iker Galartza aktore tolosarrak bultzatutako proiektua da, Luxenburgo eta Frantzia arteko mugan aurkitu zuen lehen karparekin hasi zuena.

Gure Zirkuan ere badira malabaristak, akrobatak, musikariak, magoak, pailazo zein trapezistak. Eta horiek guztiek egiten dute ikuskizuna; ikus-entzulearen aurpegietan ilusio eta irribarrea, negarra eta emozioa. Hiru dira orain arte egin dituzten birak; hirurak ezberdinak, hirurak beroak. Laugarrena dute orain hasteke, eta aurrekoetan bezala, pozik dira, gogotsu eta ilusioz. Aurreko biretan ikusi, sentitu eta jasotakoa desio dute laugarren honetarako ere: jendea gustura sentitzea, emozioz janztea, Gure Zirkua beraiena ere badela sentitzea.

Izan ere, Gure Zirkua, euskal herritarron zirkua da. Hala azaltzen du zirkuko musikari Unai Zabaletak. "Batetik, pistan, gu gaude, eskaintza egiten dugunok; eta, bestetik, publikoa dago, eta, denon artean sortzen dugu Gure Zirkua". Galar-tzak jarri zion izena Gure Zirkuari, eta Leitzako musikariak dioenez, izenean ere asmatu zuen orduan aktore tolosarrak: "Gure Zirkua gurea delako, euskaldunona delako, gure hizkuntzan ari garelako, gure naturan, gure artistekin€. Emakume bat gerturatu zitzaigun behin, eta esan zigun: 'Eskerrik asko, ze hau, gurea da'. Eta nik uste dut hori lortzen bada, emaitza oso polita dela", kontatu du.

Aurreko urtean, pandemia dela eta, Gipuzkoa izan zuten agertoki bakarra: Orio lehenengo, Arrasate ondoren, eta Tolosa amaitzeko. Udaberrian, pentsatzen zutenaren kontra, eta beraien amets gozoenetan ere imajinatzen ez zuten moduan, azkenean ere, 107 emanaldi egin zituzten. Hala ere, bira horretarako prestatu zuten ikuskizunak ez zituen Euskal Herriko nahi beste txoko ezagutu. Eta, horregatik, oraingoan, horretara doaz: iazko ikuskizunarekin orduan bisitatu ez zituzten plaza, herri zein probintziak magiaz eta ilusioz betetzera.

Errenteria (Gipuzkoa) izango dute lehen geltokia, bertan egongo baitira apirilaren 8an hasi eta maiatzaren 2a bitarte. Hasierako emanaldiak jakinarazi eta sarrerak agortu zirela ikusita, bederatzi emanaldi gehiago eskaintzea erabaki zuten, inor sarrerarik gabe geratu ez zedin. Errenteria atzean utzita, beste hainbat tokitara abiatuko dira; aurreratu dutenez, Bizkaian, esaterako, egonaldi luzea egingo dute. Gainontzeko herrialdeetara iristeko denbora ere izango dute, gogoa, behintzat, izan badute.

Aurten, karpa berria

Segurtasun neurriak bermatzeko, eta osasun agintariek ezarritako arauak betetzeko, karpa berri bat erosi du Gure Zirkuak datozen emanaldietan erabiltzeko. Aurreko biran Iker Galartzak alokatu zuen karpa bati esker izan zuten posible bira egitea, Zabaletak azaldu duenez. Izan ere, aurretik zutenarekin ez zuten pandemia garaian ikuskizuna egiterik. Aurten, karpa berri horrekin, edukiera erdia eta metro eta erdiko distantzia errespetatzeko aukera izango dute.

Emanaldiekin hasi ere ez dira egin, eta helmuga oraindik urruti dute, eguberrietara arte arituko baitira, gutxi gora behera, herriz herri beraiena eskaintzen. Eta ez da gutxi eskaintzeko dutena. Hasteko, ilusioa. Bestetik, "dudarik gabe, poza, algara, barrea". Emozioak pil-pilean jartzeko aukera ere izango da leitzarraren arabera: "Aurreko biran ikusi genuen ikuslegoa hainbat momentutan emozionatzen zela; badira jendeari hunkigarriak egiten zaizkion momentuak, nork bere bizitzara, bere baitara eramaten duelako guk eskaintzen dugun eszena edo momentua. Barrez ikusi dugu jendea, baina negarrez ere, emozionatuta".

Bada zirkua umeentzako ikuskizunekin lotzen duenik, baina Gure Zirkuak, behintzat, ez du adinik, Gure Zirkua herritar ororentzat da, gozatu nahi duenarentzat, joan nahi duenarentzat, ondo pasatu nahi duenarentzat, negar egin nahi duenarentzat, barre egin nahi duenarentzat€ Horientzako guztientzako da, izan ume, gazte, gaztetxo zein heldu. "Hori ikusi eta sentituko dutena edonork sentituko du, adinak adin". Are gehiago, urtetik urtera, geroz eta heldu gehiago ari dira karpara gerturatzen. Gure Zirkuko kideak dioenez bertaratzen diren batzuk momentu jakin batzuekin sentituko dira identifikatuta, eta beste batzuk beste batzuekin, eta izango da orokorrean karpa horrek barrutik ematen duen magiarekin identifikatuko denik ere.

Hartu eta eman

Guztion artean gauza politak egin daitezkeela argi dauka Zabaletak, eta gauza polit horiek elkarbanatu egin behar dira bere ustetan; "batez ere, gauden egoera honetan". Gure Zirkuak, gainera, kanpoan gertatzen denaz ahazteko beta ere ematen du. "Gogoan dut aurreko urtean batek esan zigula: momentu hauetan, Euskal Herriko terapia zarete. Eta hori oso gauza handia da". Eman ematen du Gure Zirkua osatzen duen taldeak, baina jaso ere hala egiten dutenaren zalantzarik ez dute: "Hartu-emaneko gauza bat da, guk eskaintzen duguna, eta, era berean, jasotzen duguna". Publikoak egiten duen algara bakoitza, botatzen duen malko bakoitza, egiten duen begirada bakoitza, marrazten duen irribarre bakoitza€ Hori guztia kontuan hartzen dute, kontuan hartu eta sentitu. "Bizi dugun egoeran irribarreak ikusten ez diren arren, iristen zaizkigu, nabaritzen ditugu. Eta hori dena jasotzea bikaina da".

Pandemiak, dena den, ez ditu gauzak erraz jarri, ez behintzat, hasieran. "Pistara ateratzen den artistak publikoaren irribarreak ikusi nahi ditu, bere begiradak, aurpegiak€ Hori ere badelako nolabaiteko termometroa jendearen asebetetze maila nolakoa den neurtzen duena. Eta, jendea musuko horiekin ikusteak ez zuen batere errazten hori; arraroa eta gogorra izan zen hasieran. Gerora, ohitzen joan gara, eta orain, zalantzarik gabe, sentitzen dugu, jasotzen dugu".

Emanaldi ugari egin dituzte, eta herri ugari bisitatu. Urte hauetan Gure Zirkua hazi egin da; modu profesionalean zein pertsonalean. Egiteko modua aldatu dute, eta ikasi ere asko ikasi dute, eta, egunerokoan ere horretan jarraitzen dute. Leitzako musikariak ez du ahaztuko proiektu horretan hasi zen eguna, eta, "egunero ez bada, askotan" esaten dio bere buruari: "Zein zorionekoa naizen". Modu pertsonalean zein profesionalean asko eman diolako, "imajinatu ezin daitekeen horraino". Ekonomikoki baino bestela eman dio gehiago Zabaletari zirkuan parte hartzeak: jendea ezagutzea, familia bat osatzea, irribarrea eta ilusioa€

Emanaldiak dituztenean, elkarrekin egiten dute lan zirkuko kideek, baina elkarrekin ere bizi dira. Karabanetan banatuta egiten dute lo, bakoitzak bere txokoan, eta guztien artean herrixka bat sortzen dute. Elkarrekin prestatzen dituzte otorduak, eta jan ere modu berean egiten dute. Lan ere, denek denetik: dela zulagailua hartzea, dela margotzea, dela muntaia, garbiketa, soldatzea€ Elkarlana eta elkarbizitza da herrixka horretako oinarria, eta, "zorionez, giro ikaragarria" da bertan nagusia.

Gure Zirkua geratzeko etorri da, Euskal Herriko zirkua izaten jarraitu nahi du, "kulturak tokia behar duelako, herri bat kulturarik gabe herri hutsa delako". Zabaletak argi du: "Diziplina anitz biltzen ditugu ordubete eta 40 minutuko ikuskizunean, modu naturalean, hemendik sortua, gure hizkuntzan sortua. Euskal Herriak badu bere zirkua, eta hori Gure Zirkua da".