"Itxaroten, itxaroten..." Aitorrekin egindako bidaia batetik bueltan izandako elkarrizketa batean Etxebarriak berak aipatu eta errepikatutako hitz horretan engaiatu zen Hannot Mintegia. "Aipamen horren ondorioz bururatu zitzaidan horren atzean istorio bat egon zitekeela... Itxaroten jakin".

Hori da Hannot Mintegia gernikarrak zuzendu duen dokumentalaren izena, Aitor Etxebarria El Txef_a musikari gernikarra protagonista duena. Hari buruzkoa da film luzea. Mintegiak dioenez, "Aitorrek bere ibilbidean askotan aukeratu duelako egoera batzuen aurrean itxarotea", eta horrek eraman ditu biak orain dauden puntu honetara, Etxebarriaren ustez.

"Dokumentalean erakutsiko denez, musikaren ibilbidean momentu batzuetan goian zaude, eta sarritan erabakiak ere azkarregi hartzen dira, pentsatu gabe. 2014. urtean, adibidez, bigarren diskoarekin aukera sortu zitzaidan Berlineko manager batekin lan egiteko. Berlinera bizitzera joateko aukera nuen, eta normalena hori izango litzateke, edo Londresera. Baina gauzak tenpleu hartzea erabaki nuen, urduritu gabe. Nire buruari esan nion: Aitor, egindako lana izan da honaino ekarri zaituena". Momentuko erabakiak erabaki, hausnarketak gerora egin dituzte. "Zergatik jokatu nuen horrela? Ez dakit, nire senari jarraitu izan diot beti. Ez nuke ezer aldatuko".

Musikaren munduan sartu zenetik gaur egunera arteko ibilbidea erakutsiko du Mintegiaren dokumentalak. "Narrazioa ez da lineala izango, eta badirudi orainik ez dagoela", kontatu du. Hala ere, Itxaroten jakin lanak pelikularen egitura izango du: hasiera, tentsioa, momentu dramatikoa, kontakizuna eta istorioa lasaitzen den unea. "Kutsu hori izan behar du dokumentalak ere, eta bai momentu dramatikoak zein pozgarriak nabariaraziko ditugu, pelikuletan egiten den bezala".

Fikziozko pertsonaia

Ikusiko diren eszena eta mugimendu denak errealak izango diren arren, istorioak berak fikziotik ere izango duela aipatu du zuzendariak: "Nik horrela bizi dut, Aitor erakusten dudan modukoa izan arren, beste modu askotakoa ere badelako. Beraz, nire ikuspuntua dago hor, eta niretzat fikzio bat da. Ez dut egiazkoa erakusteko beharrik". Publikoa zein izango den ere presente izan du Mintegiak istorioa sortzerakoan: "Bere gertukoek Aitor bat ikusiko dute eta ezagutzen ez dutenek beste bat. Pertsonaia bat sortu dut".

Irudiak zuzendariak hartutakoak dira asko, urte askoan Etxebarriarekin bidaiatu izan du-eta. "Hannoten begirada da erakutsiko dena" -dio Etxebarriak-, "beste norbaitek egingo balu beste begirada batetik kontatuko luke istorioa, baina gertukoak garenez, Hannotena beti izango da sakonagoa. Errealitate puntu hori emango dio, baita aberastasun handiagoa ere, halabeharrez. Hori nabaritu egingo da".

El Txef_a-k eta Aitor Etxebarriak orain arte bizitakoa betikotuko du lan honek; hala ere, protagonistak berak argitu du dokumental artistiko bat dela; "artistikoki aktiboa den pertsona bati buruz. Normalean artista baten momenturik onenak amaitzean kontatzen dira une guzti horiek. Ez da kasua. Gu momentu ona bizitzen ari gara eta hori ere erakutsiko dugu dokumentalean. Bizi izandakoak ikusiko dira, onak eta ez hain onak. Baina momentu hau, garrantzitsua den momentu hau ere erakutsiko da".

Mintegiak gehitu duenez, artistaren ahultasuna ere ikusiko da: "nola balorea galtzen duen eta berriro irabazi; bere obra nola baloratzen duen eta gero balore hori kentzen dion, berak ere balorea galduz. Hausnarketa hori ere badu nire lanak. Eta berriro balorea irabazten duenean nola adorea ere berreskuratzen duen zerbait berria sortzeko".

Gainera, amaiera fasean dagoen lanak beste berezitasun bat ere baduela nabarmendu du Etxebarriak: "Ikuspegi artistiko bat du, grabatzen aritu izan dena ez delako zinema zuzendari estandarra. Bera artista ere bada, baina aktibo dagoen sormen prozesu artistiko bati buruzko lana egiten ari da". Aitortu duenez, Mintegia eta haren kamara ondoan eduki izanagatik eskertuta dago, "niri buruz hitz egingo duen dokumental bat existituko delako".

Etxebarriaren ekosistema Mintegiak argi izan du beti Etxebarriari buruz zerbait egin behar zuela, dokumentalen bat, eta duela urte batzuk film luzearen protagonistari Evelyn Glennierekin lan egiteko aukera sortu izanak eman zion bultzada Mintegiak buruan zuen proiektuari. "Munduko perkusionista ezagunenetakoa da. Aitorrek aukera izan zuen harekin lan egiteko, soinu banda baterako. Glenniek bere etxean du estudioa, Londresen, eta hara joan ginen. Orduan jakin nuen hori erakutsi behar genuela". Garai hartan, gainera, aldaketaren bat eman zen dokumentalaren protagonistarengan, Etxebarriak dioenez: "Egonkortzen hasia nintzen. El Txef_a bezala asko bidaiatu izan dut, kontzertu asko eman ditut. Baina bat-batean geldialdi bat egin behar izan nuen soinu banda batean jotzeko. Nigan aldaketa sendotu egin zen Evelyn Glennierekin soinu banda hori grabatzen hasi nintzenean, Londresen".

Askotariko jendearekin egin dute topo urteetan zehar, eta anitza da Etxebarriak bere inguruan duen 'ekosistema'. Hori ere erakutsiko du lanak: "Mexiko edo Los Angeleseko musikari batzuk, Daniel Miller musika produktore ezaguna, Mute Records zigiluko burua eta Depeche Mode taldea ezagun egin zuena, Aitorren diskoetan soinu ingeniaria eta produktorea den Jose Lastra, Evelyn Glennie, Santi Salvador eta beste asko. Denak ez dira agertuko, baina bai lagin bat".

Egonkortze prozesu horretan, dokumentala atera orduko, bere izenarekin sinatzeko aukera emango zion momentu artistikoaren zain ere bazen El Txef_a. Eta Mintegiarekin batera sortutako Markak dokumentala mugarri izan zen harentzat. "El Txef_a bezala aritzeak askatasuna ematen zidan nire senari heldu eta aurrera jarraitzeko, etenik egin gabe, arazorik gabe... Baina geldialdi bat egin nuen Hannotek zuzendu zuen Markak dokumentalerako soinu banda sortzeko". Markak-ek emandako momentu horrek ekarri zuen aldaketa, eta soinu banda Aitor Etxeberria izenarekin sinatzea erabaki zuen: "2016. urte amaieran izan zen dokumentalarena eta 2017an atera zen soinu banda diskoan. Orduz geroztik jarraitu dut Aitor Etxebarria bezala sinatzen".

Musika helduleku

Dokumentala musikari buruz da, eta soinuak garrantzia handia dauka. "Ez dugu nahi beste dokumental edo pelikuletakoa modukoa izatea. Harago joan nahi dugu eta esperientzia honetatik ikasi", dio Mintegiak. Irudiak eta soinuak kontakizuna egingo dute, eta musika helduleku nagusietako bat da. "Momentu batzuetan, gainera, musikaren arabera pentsatu ditugu sekuentziak. Pisu handia dute kantek, baina baita kanta horiek nola nahasten diren soinuarekin, gertatzen ari denarekin". Postprodukzio lana falta zaie, eta disko bat egitea bezala izango dela diote, "edo bideoklip luze bat egitea bezala. Oso landua izango da eta hori da nahi duguna".

Musikak horrenbesteko garrantzia duen dokumentalik ez du egin Mintegiak, orain arte. "Erronka bat da baina asko gustatzen zaidan genero bat ere da. Musikari buruzko dokumental luze bat ez dut lehenago egin, baina Aitorrekin lan asko egin dut: bideoklipak, promozio bideoak... Baita beste jende askorentzat ere. Beraz, nik esango nuke erraz ateratzen zaidan zerbait dela. Nire terrenoan nago eta gozatua hartzen ari naiz".

Dena den, azken emaitza zein izango den ezin esan oraindik. "Aitor konposatzen ari den soinu banda sartzea falta da. Santi Salvador eta Jose Lastrarekin egingo dugu postprodukzioa; bai audioarena eta baita irudiarena. Asko zainduko dugu hori, eta Galiziako enpresa ezagun batekin egingo dugu", diote. Ideiak argi dituzte, eta hori oso arraroa dela dio Mintegiak: "Batzuetan izan ditudan zalantzak ez ditut orain. lehenagotik lan handia egin dugu, eta Aitorrekin elkarlana erraza da: ezagutzen dut, badakit zer duen gustuko eta zer ez".

"Nahasteka berezi bat" egingo dute, eta Dolby Atmos teknologia erabiliko dutela horretarako. Soinu inguratzailea iango du dokumentalak. "Estatuan sala gutxi daude teknologia hori dutenak, baina dagoeneko esan digute Madrileko eta Bartzelonako zinema aretoetan lekua izango duela gure lanak".

Parte hartzeko aukera

Ikusleei pelikularen parte izateko aukera ere eman nahi die proiektuak, eta Kickstarter plataforman dago Wait. Itxaroten jakin proiektua. Miarritzen izan zen dokumentala, FIPADOC jaialdian. KICKSTARTER & DAE sailean parte hartu zuen. Jaialdi garrantzitsua da, mota horretako lanetarako merkatu bat. "Gu aukeratu ziguten Kickstarter plataforman patrozinatzeko proiektu bezala. Mundu zabaleko bost proiektu aukeratu zituzten, gurea tartean", azaldu dute. Plataforma horrek bide ematen die jendeari erakusteko zein den proiektua. "Amaituta dago, eta azkenengo fasea da falta dena. Baina zabalik gaude ekoiztetxe-kideen ekarpenei; laguntzeko, batzeko, eta gure lana beraien inguruan zabaltzeko. Horretarako, jaialdia ondo dago, industriari erakusten diogulako gure proiektua, berau amaitu aurretik. Era berean, ez dago aukerarik proiektuan ezer aldatzeko, gehitzeko bai, baina gure proiektua aldatzeko ez. Perfektua da".

Ezin dute zehaztu noiz ezta non ere, baina Itxaroten jakin 2021eko azken hiruhilekoan estreinatuko dute.