Boliviara sartzeko bide ugari daude, baina aukeratu behar eta asfaltorik gabeko mendiko bide luze bat izan da gure hautua. Itsas mailatik 4.500 metrora gaude, Txile eta Boliviaren arteko hegoaldeko mugan, hain justu. Juriques sumendiaren magalean, denbora geldo doa.

Garaiera honetako oxigeno faltari, aduanetako langileen patxada gehituz gero, ordularien orratzek tik-etik tak-era hasperen bat egiten dutenaren sentsazioa duzu. Egia esan, 'oficina migración' jartzen duen kartel bat eta bi herrialde mugakideen banderak daudelako dakigu mugako aduanan gaudela, bestela basamortu erdian eguzki zitalaren menpe utzitako bi txabola besterik ez direla pentsatuko genuke. Jende mordoa bildu gara ilaran, poliziei zigiluak jartzearen lan gogorra eginarazteko asmoz. Gorroto begirada eta zigilua jaso dugu, pum! Bolivian gaude.

Txileko San Pedro de Atacama herritik irten gara goizean goiz, bidai agentzia baten bitartez loturako 4x4 auto batean. Edgar da gure gidari boliviarra, eta gure galdera uholdeei altuerak eskatzen duen tantakako lasaitasunarekin erantzuten die. Bikote kataluniar bat eta gazte ingeles batekin batera goaz autoan pilaturik, goi-ordokiko hartxintxarrezko bideetan barna. Itsasoan esperientzia ez dutenei kapitainak 'biodramina' luzatzen dien moduan, Edgarrek koka hostoen poltsakada bana eman digu. Naturaltasun osoz eskaini badigu ere, gaiztakerietan ari diren umeen irribarre bihurriekin 'kontsumitu' dugu koka.

Hasiera batean goi ordokiak beti berdina badirudi ere, gure gidari adituak badaki non dauden argazki on bat eta ibilaldi eder bat merezi duten txokoak. Kolore ugariko zingirak ikusi ditugu, gorritik urdin turkesara doan espektroan, algen eraginez ortzadarra marrazten dutenak lurrean, zeruan ordez. Guanako eta flamenko basatiak, bertan ibiltzen dira zingiratik zingirara kromoterapia eginez.

Bizitza gogorra da garaiera honetan. Eguerdiko eguzkiaren izpi indartsuek, gaueko haize izoztuarekin egiten dute txanda trukaketa, etenik gabe lurzorua jipoituz. Soilik bata eta bestearen arteko erreleboa egiten ari denean esan daiteke atsegina dela bertako giroa.

Han hemenka, gertu eta urrun, sumendien konoak ikusten dira paisaian zehar barreiatuak. Halako batean, lurrun zutabe bat ikusi dugu etxola baten atzekaldean. Edgarri galdetuta, goi-ordokiko spa dela esan digu, atsedenerako garaia iritsi zaigula. Alai asko sartu gara denak ur beroko putzuan. Edgar aldiz, orduak eta orduak gidatzen aritu den bakarra, ez da sartu, harkaitz batean eserita geratu da paisaiari begira. Gizon gogorra da Edgar, inguruak eta urteek zaildutako pertsona, nola bestela hemen bizirauteko.

Itsas mailatik dagoen garaierak, spako ur beroak eta ahoan hausnartzen ari garen koka mordoak, atsegin eta desatseginaren arteko mugan dabilen zorabio txiki bat eragiten dit. Kotxean igo bezain pronto lo seko geratu naiz.

iTSASOAREN PAREAN

Txangoaren bigarren egunean iritsi gara paisai idorretan ehundaka kilometro egitearen arrazoi nagusira. Gauez heldu gara eta ezin izan dugu ondo ikusi. Lainoa sartu da azken orduan eta ilargiaren argiaren aztarnarik ez dago apenas. Hala ere itsasoa sumatzen dugu muturren aurrean, bare-bare. Boliviak ez du kostalderik, ala bai?

Hotz handia egiten du goizean goiz eta lo zakutik irtetea senaren aurkako sakrifizio handia da. Hala ere, gelako argi bereziak erakarrita lo zakutik berokira egin dut jauzi. Bart ez nintzen konturatu baina gure logela gatz adreiluz egina dago. Non gauden ohartu naiz orduan, eta korrika atera naiz etxolako atera. Bi kolore besterik ez dira agertu nere muturren aurrean. Ortzimugatik gora, zeruko urdin bizia. Ortzimugatik behera, Uyuniko gatzagako zuritasun itsugarria. Hauxe da munduko gatzagarik handiena, eta ahoan marraztu zaidan irribarrea proportzioan egina da.

Jeep-ean igota, deskribatzeko zaila den paisaian murgildu gara. Eguerdiko zeru oskarbian hegazkin batek urdin zabala ebakitzen duen moduan, hala gabiltza gu, baina alderantzizko koloreetan. Autoaren bolantea ikutu gabe goaz aurrera eta aurrera. Zaila da zein abiaduratan goazen jakitea, ez baitago inolako erreferentziarik. Puntu konkretu hau eta hemendik 200 metrora dagoen puntu bat, berdin berdinak dira. Urrun, oso urrun modu lausoan ikusten diren mendiek ez dute kokapen bat emateko balio.

Gu bezalako beste txalupa txiki batzuk ikusi ditugu itsaso zuria zeharkatzen, gutxika gerturatzen gabiltzanak, ozeanoaren erdiko irla batean elkar topo egin dugun arte. Gatzaren zuritasuna kolpean apurtzen duen lur koxkor honek Incahuasi du izena eta hamar metrotik gorako kaktus ederren gotolekua da. Paisai surrealistaren erdian marrazturiko puntu enigmatikoa. Talaia paregabea amaigabeko lautasunaren erdian. Uyuniko gatzaga behatzen dugu bertatik, urik gabeko munduko itsasorik zabalena.