Liburu edo telesail bikain batekin elkarbizitza luzea izan ostean, amaitzen denean, kosta egiten zait hurrengora salto egitea, hots, unibertsoz aldatzea. Badakit ohiko zerbait dela, baina egoerak tristatu egiten nau, eta ez naiz erraz itzultzen nire onera. Imajinatzen dut horretaz ari direla, beste ikuspuntu batetik, "ez dut liburu hau amaitzerik nahi" diotenak eta, ondorioz, irakurketa luzatzen ibiltzen direnak, fikzio jakin horretan goxo jarraitzeko amiñi bat gehiago...

Azken aldi honetan birritan gertatu zait: lehenengo, Justified (Amazon Prime 2010-15), western tankerako "noir" garaikidea, ongi eginiko entretenimenduzko produktu bat, elkarrizketa gogoangarriekin. Eta, ondoren, Lev Tolstoiren Gerra eta bakearekin (1869), azalpen gehigarrien premia ez duena: XIX. mendeko nobela gorenetarikoa -eta luzeenetarikoa- da.

Zer egin, baina, amaiera iristen denean? Dolua pasatzea ezinbestekoa iruditzen zait niri, errespetua gorde egin behar zaiolako luzaroan horren konpainia ona egin dizun zerbaiti. Arazoa da dolu horri nola egin aurre.

Berehalako aukera "ordezkapenarena" izango litzateke, jakina. Maila bereko edo antzeko zerbaitekin segitzea, aurrekoa amaitu bezain laster. Arazo logistiko handiak planteatzen dituen konponbidea izateaz gain -ez da horren erraza purutasun bereko droga aurkitzea kultur eskaintzaren eremuan-, ez zait nahikoa errespetuzkoa iruditzen, utzi berri duzun -utzi berri zaituen- lanarekiko. Alde horretatik, fideltasunari tarte bat gordetzearen aldekoa naiz ni. Kontu honi dagokionean, behintzat.

Beste aukera "hutsunearena" da, hots, kultur kontsumo orori uko egitea denbora batez. Oraintxe arte -horrenbeste- lagundu zaituen lanari, pertsonaiei, egoerei€ zure baitan bizitzen jarraitzen uztea aldi batean zehar, bestelako mutur-sartze "arrotzik" gabe. Aipatu berri dudan errespetuzko jarrera gisa, ziurrenik, kontsekuenteena litzateke, eta are "zen"-ena. Nahiz eta muturrekoegia suertatu, akaso, kultur kontsumora ohituegia bazaude.

Jarrera horren aldaera erradikal bat, edonola ere, "(auto)degradazioarena" izan daiteke, hots, zaborraz elikatzera jotzea tarte batez, Sálvame edo Greyren 50 itzalak gisako lanen ordezkapenezko kontsumo zuhurgabeari ekitea alegia. Dolutzen ari zaren lanak, egoera horretan, nekez utziko dio zure baitan oihartzun egiten segitzeari, eta zure burmuinaren -edo erraien- sekzio bat okupatuta mantenduko duzu, sikiera, bitartean. Metodologia horren erabileratik ondorioztatu daitezkeen albo kalteak direla eta, ordea, ez zait edonoren-tzako gomendagarria iruditzen.

Nik, askotan, "trantsiziozko produktuaren komodina" erabiltzen dut. Horrenbeste inplikatzen ez nauen zerbait, baina gutxieneko maila bat ziurtatzen didana, dolua igarotzeko aldian. Telebista kontuetan ez daukat ohiko formularik, baina irakurketen alorrean askotan jotzen dut Simenonengana: genero poliziakoaren zale handia ez banaiz ere, ondo irakurtzen ditut nobela horiek, formulazkoak izanda ere, klixe hutsetik pixka bat harago begiratzen dutela iruditzen zaidalako. Adibide gisa ematen dut, bakoitzak bere komodina izan dezake, noski€

Kultur dolua modu batean edo bestean igaro ondoren, edozein modutan ere, prest egoten naiz hurrengo epifaniari aurre egiteko. Noiz iritsiko den, horretara nola iritsiko naizen ez dakidan arren, oraindik. Baina hori, zer esanik ez, beste kontu bat da.