Proiektua amaitutzat eman zutenetik hogei urtera, Lorelei taldea berreskura-tzea erabaki dute Asier Serrano idazleak eta Mikel Gorosabel Norton musikariak. Poesia eta pop musika uztartuz ezagun egin zen talde eibartarrak kontzertu gehiago emateko asmoa du, baina oraingoz lau data iragarri dituzte: urtarrilaren 17an, Andoaingo Bastero Kulturgunean; otsailaren 7an, Eibarko Coliseo antzokian; otsailaren 14an, Zarauzko Modelo aretoan; eta martxoaren 27an Lekeitioko Ikusgarri zineman.

Loreleik bi disko kaleratu zituen 90eko hamarkadan: Bada hiri gorri bat (1997) eta Tatuatu zenidan zerua (1999). Tarte horretan, Gorosabelek eta Serranok beste musikari bi izan ziztuen alboan: Jon Maza eta Mikel Irisarri. Loreleiren etapa berri honetan ere laukote formatuan ariko dira. Hain zuzen, Gorosabel eta Serranok Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikarien laguntza izango dute.

1990eko hamarkadaren hastapenetan hasi zen Asier Serranoren izena ezagun egiten. Lubaki Banda literatur taldeko kide izan zen, artean oso gazteak ziren beste zenbait idazlerekin batera: Harkaitz Cano, Garikoitz Berasaluze, Xabier Aldai eta Xabier Gantzarain, beste ba-tzuen artean. Poesia da Serranok betidanik jorratu duen esparrua, eta hori jendearengana eramateko kezkak bultzatu zuen musikan ere aritzera.

HARREMAN ESTUA Eibartarrak biak, Mikel Gorosabel eta Asier Serranok harreman estua zuten EH Sukarra taldearen garaietatik. 1994. urtean, Gorosabelek gidatzen zuen taldearekin kolaboratzen hasi zen Serrano. Garaien laberintoan (Esan Ozenki, 1994) diskoan hitz gehienak Serranok idatzi zituen, eta hala gertatu zen Eibarko taldearen hurrengo diskoetan ere. Hortaz, Gorosabelek eta Serranok elkarlana zabaltzea erabaki zuten. Hasiera batean, Serranoren poesia errezitaldietan teklatua jotzen eta musika sortzen hasi zen Gorosabel, eta, azkenean, Lorelei sortu zuten, EH Sukarrakoak baino kantu leunagoak lan-tzeko asmoz, pop ukitu handiagokoak. Serranok argitaraturiko Bada hiri gorri bat poema liburutik abiatu zen Lorelei lehen kantuak egiteko. Pop musika lasai eta erromantikoa morbo eta gau giroarekin nahastu nahi zuen taldeak, laukote formatuan.

Berehala grabatu zuten lehen diskoa, Bada hiri gorri bat (Gaztelupeko Hotsak, 1997). Lan hori aurkezteko Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, bigarren lanerako kantuak prestatzeari ekin zioten, eta Tatuatu zenidan zerua diskoa heldu zen handik gutxira (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Bakardadeari eta zoriontasunari buruzko lan horretan, soinua gogortu egin zuen taldeak. Bigarren diskoa plazaratu eta gero banatu egin zen taldea.

NORK BERE BIDEA Geroztik, Lorelei taldearen sortzaile izan ziren bi kideek bakoitzak bere bidea egin du. Musikagintzan, Serranok hiru disko kaleratu ditu: Ez esan inori (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gerrari bai (Oihuka, 2003) eta Hoteleko kantuak (Oihuka, 2005). Horrez gain, Serranoren hitzak hainbat talde eta abeslarik erabili dituzte euren abestietarako: Gari, Exkixu, Eraso, Tapia eta Leturia Band€ Halaber, literaturan ibili da gehienbat. Poesia landu du batez ere, baina zenbait eleberri ere plazaratu ditu: Eskuetan mapak (2007), Zuloan (2007) eta Erlojugilea (2009). Hoteleko kontuak (2001) narrazio liburua eta haur eta gazte literaturako Mari basajaunaren eremuan (2001) lanak ere kaleratu ditu. Literatur arloko sari esanguratsuak jaso ditu Serranok, tartean 2017ko Euskadi Saria, Linbotarrak poesia liburuagatik.

Bere aldetik, Gorosabelek ibilbide arrakastatsua izan du musikan, bere talde nagusia izan den EH Sukarrarekin lehenik zein bakarka Norton Klub proiektuarekin gero, eta euskal musikako egile ezagunenetako bat da gaur egun.