Duela urte eta erdi ekin zion Mikel del Valle dan-tzari eta koreografoak euskal tradizioan oinarritutako ikuskizun bat sortzeko lehenengo pausoak emateari. Zeri buruzkoa egin zezakeen pentsatuz, arakatzen hasi zen handik eta hemendik eta berehala konturatu zen Agate Deunarena zela interes gehien pizten zion istorioa eta figura. “Umetan koplak kantatzera irteten ginen kalera eskolatik, beti iruditu zait ederra ohitura hori”, kontatu du MDV Danza konpainiako kideak.

Horrek eraman zuen Bilboko dan-tzaria gai horren inguruan gehiago sakontzera. “Egia da ez dagoela figura horren inguruko informazio gehiegirik, ez sarean, ezta liburutegietan ere”. Horregatik, pasa den urtean, Barakaldoko Gurutzeta auzotik Agate Deuna baselizarako ibilbidea egitea erabaki zuen, bertako soinuak grabatzen zituen bitartean. “Hara heldu nintzenean, Arratiako abesbatzak nola abesten zuen ikusteko aukera izan nuen, bertako apaizarekin hitz egiten egon nintzen eta baita bertaratutako jendearekin ere”. Arratsaldean, berriz, abesbatzarekin autobusera igo eta herriz herri ibili zen Del Valle: “abestu zituzten hainbat kantu entzuten joan nintzen. Horrela, herri bakoitzean kopla desberdinak kantatzen dituztela ikusi nuen”.

Ikerketa, baina, ez zen hor bukatu. Del Vallek gaian sakontzen jarraitu zuen eta tradizio hau ez dela propio Euskal Herrikoa jakin zuen, izan ere, tradizio kristau honek Italiako Catanian du sorlekua. “Niretzako ezusteko bat izan zen hau jakitea, oso sustraituta nuelako bertoko ohitura bat zela. Azken batean, munduko hainbat lekutan modu desberdinean ospatzen den ohitura zela ohartu nintzen; horregatik, Cataniako folklorea gure jai paganoarekin uztartu nahi izan dut obra sortzerako orduan”, kontatu du dantzari bilbotarrak.

EGUNGO AGATE DEUNA

Del Vallek gaur egungo gizartean Agate Deuna nolakoa izango litzatekeen erakutsi nahi du obrarekin, eta, horretarako, bularreko minbizia duen emakume bat irudikatu du bere buruan. “Emakume hauen santua Agate Deuna da; horregatik, obrari dramaturgia ematerako orduan, tradizioa gaur egungo emakumearekin uztartzen joan gara, bularreko minbizia duten emakumeen punturaino heldu arte. Gaitz hau pairatzen dutenen errealitatea ezagutzeko asmoz, Del Vallek hainbat esparrutako emakumeri elkarrizketak egin dizkie: psikologoak, dan-tzariak? “Gaixotasuna nola eraman duten edo daramaten jakin nahi nuen”. Egileak dionez, “bularreko minbizia duten emakumeen artean, bakoitzak bere modura bizi du gaixotasuna; gainera, denek ez daukate arazo bera, horregatik niretzako zailagoa izan da hori irudikatzea”. Deskubrimendu bat izan da dantzariarentzat bularreko minbizia duten emakumeengana hurbiltzea: “nik ere gaixotasun hau izan duen jendea inguruan izan dut eta haiengatik ere egin nahi izan dut obra garaikide hau”.

Zuzendariak aurreratu duenez, eszenografia ikusgarria izango da, euskal tradizioa gogora ekarriko digun hainbat elementu daudelako, “besteak beste, sabaitik behera jaitsi eta zorua joko duten enbor batzuk eta agertokiaren erdian egongo den plataforma bat”. Azken honek interakziorako aukera emango du dantzariekin eta baita zuzenean hainbat kopla abestuko duen Miren de Miguel sopranoarekin ere.

Plataformak, bestalde, hainbat leiho izango dituela azaldu du Del Vallek eta horietatik hainbat elementu aterako dituzte. Gainera, dantzariak eszenografiatik igoko dira. “Obraren momentu gorena gillotina bat jaisten den unea izango da, horrek mozketa bat irudikatuko du, barrutik kanpora sufritzen duen emakume bat irudikatu nahi dugulako. Minbizia duen emakumea izango da hau; Agate Deunaren kasuan, kanpotik barrura sufritzen duena erakutsiko dugu”.

Musikari dagokionez, Julio D’Escrivánek ikuskizun honetarako propio sortu ditu piezak. D’Escriván Venezuelakoa da berez, baina Ingalaterran bizi da gaur egun. “Hilabete oso batean zehar, egunero Agate Deunarekin zerikusia zuen irudi edo bideo bat bidali behar izan nion, eta, hortik abiatuta, hainbat pieza konposatu genituen”. Obraren bukaeran ezusteko txiki bat egongo dela ere iragarri du Del Vallek.