Urtero bezala, maiatzaren 18an ospatuko da Museoen Nazioarteko Eguna. Horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko museoak herritarrengana hurbiltzeko programazio berezia aurkeztu du, 'Bizkaiko Museoak. Bisita itzazu, Bisita zaitez' kanpainaren barruan.
Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, nabarmendu duenez, "Bizkaiko Foru Aldundiak museoak soilik iraganekoak direla edo bakarrik publiko espezializatuarentzat direla baieztatzen duen ideia hautsi nahi du", eta "espazio biziak, gure iraganarekin eta orainarekin konektatuak. Garenarekin konektatuta. Museoak ezagutza sortzeko eta ikerketarako funtsezko guneak dira, eta gure ondarea zaindu eta zabaltzeko lan handia egiten dute".
Bizkaiko museoek gure historia eta kultura kontserbatzen eta kontatzen dute. Kanpaina honen bidez hurbiletik, eskuragarritasunetik eta egunerokotasunetik herritarrak berriro deskubritzera gonbidatzen dira.
Museoen Nazioarteko Eguna
Museoen Nazioarteko Egunaren atarian, maiatzaren 17an, igandea, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Museoak kalera aterako ditu publiko guztientzat pentsatutako street marketing ekintza batekin. Proposamena instalazio ludiko eta parte-hartzaile bat da, 40 lauki baino gehiago dituen panel handi batean oinarritua; lauki bakoitza lurraldeko museo bati lotuta dago. Galderen eta asmakizunen bidez parte-hartzaileek euren ezagutzak probatu, museo berriak aurkitu eta joko dinamiko batean parte hartu ahal izango dute.
Parte hartzen duten eta paneleko galderetako bat asmatzen duten pertsona guztiak zozketa batean sartuko dira. Zozketa horren saria bi lagunentzako ‘Bizkaiko Museoetaz gozatzeko asteburua’ izango da. Esperientzian, museoetara bisitak, proposamen gastronomiko bat eta sarituak aukeratzen duen Bizkaiko eskualde batean gau bateko egonaldia sartuko dira. Bizkaiko museoak bizitzeko eta sentitzeko gonbidapen berezia. Ekintza hau Bilboko Abandoibarran, Evaristo Txurruka kaian izango da maiatzaren 17an 11:30etatik 19:00etara bitartean.
Maiatzaren 16tik aurrera, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko museo gehienek programazio berezia garatuko dute, ate irekien jardunaldiak eta, kasu askotan, doako sarrera barne. Besteak beste tailerrak, bisita gidatuak, hitzaldiak, familia-jarduerak eta proposamen parte-hartzaileak antolatuko dira, adin eta interes guztietako publikoak museoetara hurbildu eta haietaz gozatzera gonbidatzeko pentsatutako eskaintza zabal eta askotarikoarekin.
Museoen Nazioarteko Egunaren kanpainari, kaleko ekintzari eta programazio bereziari buruzko informazio guztia webgunean dago eskuragarri.
Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna gure museoetara begirada berrituarekin itzultzeko gonbidapena da: bisitatzera eta, aldi berean, geure burua bisitatzera, gure nortasunaren funtsezko zati bat Museo horietan dagoela aintzatetsiz.
Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko programatu diren jarduerak
Museoen Nazioarteko Egunaren abagunea aprobetxatuz Bizkaiko Museoek askotariko programazioa prestatu dute, batez ere maiatzaren 16tik 18ra bitartean. Zenbait kasutan programazio hori hurrengo egunetara ere zabaltzen da: ate irekien jardunaldiak, bisita gidatuak, familia-jarduerak, hitzaldiak eta proposamen parte-hartzaileak.
Gernikako Bakearen Museoak doan irekiko ditu ateak maiatzaren 17an eta 18an eta, horrez gain, pista-jokoak eskainiko ditu herria memoria historikoaren gune gisa zeharkatzeko. Maiatzaren 18an, era berean, Euskal Herria Museoak goizez doan sartzeko aukera emango du, ate irekien jardunaldiarekin bat eginda.
Bilbon eskaintza zabala dago. Berreginen Museoak sarrera doan eskainiko du maiatzaren 16an (larunbata) eta 17an (igandea), eta 21ean EHUko ikertzailea den Jonatan Pérez Mostazok «Antigüedad Made in Bilbao. Imaginando la antigüedad desde el Botxo» hitzaldia emango du. Maiatzaren 18an Bilboko Arte Ederren Museoak doako sarrera, hainbat hizkuntzatako bisita gidatuak eta artea eta literatura lotzen dituen «Sentidos y sensibilidades» bisita parte-hartzailea izango ditu. Beste alde batetik, Itsasmuseum Bilbaok doan irekiko du maiatzaren 17an, igandea, eta Tantak Fest jaialdia hartuko du, haurrentzako tailerrak, argazki-erakusketak, dibulgazio-hitzaldiak eta errealitate birtualeko esperientziak biltzen dituen ingurumen-jaialdia.
Era berean, maiatzaren 18an, Athletic Museoak (Bilbo) doako sarrera eta jarduera berezia eskainiko ditu, Museora eta San Mameseko Tourrera doako bisita audiogidarekin. Guggenheim Bilbao Museoak ere bat egingo du ospakizunarekin igandean, hilak 17, museorako doako sarrerarekin, eta gainerako jardueretarako ohiko tarifak mantenduko dira, hala nola bisita gidatuetarako. Arkeologia Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du eta sarrera doan izango da maiatzaren 16an eta 17an, eta programazio berezia egingo da; besteak beste, maiatzaren 17an bisita gidatuak egingo dira Historiaurreko aretoetara eta zeramikari lotutako familia-tailerrak eskainiko dira. Eleiz Museoak ere doako sarrera eskainiko du 16an eta 17an, eta, horrez gain, bere ondare-ingurunean girotutako escape room esperientzia bat proposatuko du (tarifak kontsultatu). Euskal Abertzaletasunaren Museoak doan irekiko ditu ateak maiatzaren 18tik 22ra, eta egun horietan opariak banatuko ditu bisitarien artean.
Enkarterriko eskualdean, Balmaseda izango da puntu nabarmenetako bat. Balmasedako Historia Museoak sarrera librea eta bisita gidatuak eskainiko ditu maiatzaren 17an eta 18an, Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroak Balmasedako Aste Santuari eta bere sekretuei eskainitako bisita gidatu berezia ospatuko du maiatzaren 17an. Eta La Encartada Fabrika -Museoak hilaren 16an gaueko bisita proposatuko du, antzinako ehungintzaren arkitektura eta historia ardatz hartuta. Bestalde, Urduñako Museoak DIMa ospatuko du hilaren 18an, egun osoko doako bisita gidatuekin. Sopuertan, berriz, Enkarterrietako Museoak (Sopuerta) sarrera doan eskainiko du maiatzaren 17an, eta memoria historikoari lotutako jarduerak hartuko ditu, hala nola Gerra Zibila eta Errepresioa Enkarterrin II. Kongresua eta “1937ko ekaina. Enkarterriko okupazioa, zuri-beltzean” erakusketa.
Familia-proposamenak
Programazioak familia-proposamenak eta esperientziak biltzen ditu, ondarea, memoria eta gastronomia lotzen dituztenak. Esparru honetan El Pobaleko Burdinolak (Muskiz) maiatzaren 23an egingo du bat Museoen Nazioarteko Egunarekin, Sutegiko Topaketen edizio berezi batekin. Doako jarduera izango da, publiko orori zuzendua, berez duen museo biziaren izaera indartuko duena. Jardunaldian zehar Toni Gómez artisauak eltze tradizional bat prestatuko du zuzenean eta bertaratzen direnek Balmasedako Putxera Kofradiako kideek prestatutako plater enblematiko hau dastatu ahal izango dute.
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak (Abanto-Zierbena) doan sartzeko aukera emango du maiatzaren 17an eta Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak (Berango) sarrera librea eskainiko du 17 eta 18an; gainera, maiatzaren 24an El mensaje del Capitán doako ginkana antolatuko du, pista eta proba joko bat, non parte-hartzaileek mezulari misteriotsu bati Areneburu mendiaren tontorreraino lagunduko dioten.
Ospakizuna kostaldera ere zabaltzen da. Plentzian, Plasentia Butron Museoak (Plentzia) ate irekien jardunaldia egingo du maiatzaren 17an, doako bisita gidatuarekin, eta Santurtzi Itsas Museoak sarrera librea eskainiko du 17an eta 18an, baita bisita gidatuak ere aldez aurretik erreserba eginda. Portugaleten, Bizkaia Zubiak bat egingo du maiatzaren 18an egingo den ospakizunarekin, pasabide panoramikora igotzeko eskaintza berezi batekin; ekimenean doako azalpen bat emango da egunean zehar egingo diren hainbat emanalditan (tarifak kontsultatu). Rialia Industriaren Museoa (Portugalete) doan irekiko da maiatzaren 17an, eta Dora Salazar artistari eskainitako aldi baterako erakusketarako bisita gidatuak eskainiko ditu. Bestalde, Txakolin Museoa- Txakolinguneak (Bakio) sarrera doan eskainiko du maiatzaren 17an eta 18an eta bi egunetan bisita gidatuak antolatuko ditu nazioarteko bi ardoren dastaketarekin batera (kostua duen jarduera, aurrez kontsulta eginda).
Beste jarduera batzuk
Programazioa parte-hartzea sustatzen duten eta museoek elkargune eta komunitatea sortzeko gune gisa duten eginkizuna indartzen duten jarduera bereziekin osatzen da. Durangoko Arte eta Historia Museoak belaunaldien arteko kafe-tertulia bat antolatuko du maiatzaren 17an eta egun horretan sarrera doakoa izango da. Beste alde batetik, Simón Bolivar Museoak Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko poesia errezitaldi musikatua antolatuko du maiatzaren 23an.
Beste zentro batzuek dibulgazio zientifiko eta naturalaren aldeko apustua egiten dute, hala nola Hontza Museoa Fundazioak (Mañaria), hegazti migratzaileei buruzko hitzaldia eskainiko duena maiatzaren 21ean, eta sarrera doan maiatzaren 17an eta 18an, eta Medikuntza Historiaren Museoak (Leioa), gerra-testuinguruetako medikuntzarekin lotutako pieza bereziak erakutsiko ditu. Santimamiñek (Kortezubi) maiatzaren 16an bisita berezi bat egingo du gauez, eta sarrera doakoa izango da 16, 17 eta 18an. Dolomitas Museoan (Karrantza) sarrera doakoa izango da maiatzaren 16an eta 23an; ospakizuna maiatzaren 16an enklabearen memoria industriala lehengoratzeko musika garaikideko kontzertuekin eta bisita gidatuekin osatuko da; eta maiatzaren 23an fabrikan zehar garatuko den bisita eskainiko du, irudi eta pasadizoen bidez landa-munduaren eta industria-jardueraren arteko elkarbizitza gogora ekartzeko.
Oro har programazio honek Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen duten Bizkaiko Museoen askotarikotasuna, aberastasuna eta bizitasuna islatzen ditu, publiko berriei irekitzeko, herritarrekiko lotura sendotzeko eta gune bizi, hurbil eta orainarekin konektatu gisa duten eginkizuna aldarrikatzeko aukera moduan.