Durangoko Azoka martxan dela, hitanoak bere tokia berreskuratuko du gaur Landako Eskolako jantokian, bueltan baita Euskal Herriko Hikadromoa bere bigarren edizioarekin; euskararen lagunarteko trataera lantzeko, ikasteko edo ezagutzeko gogoa dutenek bildu daitezen sortutako topagunea, alegia. Kristina Mardarasek, hikadromoaren koordinatzailetako bat, gogorarazi duenez, iaz “oso esperientzia polita izan zen”, parte-hartzaileen aniztasunak berak eman baitzion indarra ekimenari: Nafarroatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik, Iparraldetik… baita Uruguaitik ere agertu ziren. “Guretzako oso pozgarria izan zen; 75 lagun inguru batu ginen, eta aurten ere Euskal Herri mailako hikadromo bat izatea espero dugu”, gaineratu du. 

Topaketaren xedea bikoitza da: hika praktikatzeko espazio erosoa eskaintzea eta gero eta baztertuago dagoen erregistro bati berriz bizitasuna ematea. Iurretarrak galera hori nabarmendu du: “Eten handia dago: hedabideetan ez da entzuten, eskoletan baztertuta dago eta etxeetan transmisioa asko jaitsi da”. Ildo berean, antolatzaileek aurten arreta berezia jarri nahi dute nokaren berreskurapenean, “askok ez dakitelako, eta bertan dagoelako galerarik handiena”.

Formatu luzeagoa

Edizio honek formatu zabalagoa izango du, iazkoak izan zuen “harrera oso ona” kontuan hartuta. Mardarasek gogoratu duenez, “azken hausnarketetan esan ziguten laburregia egin zitzaiela, eta beste edizio bat antolatzea eskatu ziguten”. Beraz, 14.30ean pintxo-jana izango da, giro informalean lehen berbak bota eta lotsak kentzeko; eta ostera, 15.30etik 17.00etara, talde-dinamiken txanda izango da, testuinguru errealetan hikaren erabilera sustatzeko prestatutako lau gaitan oinarrituta. Jardunaldia borobiltzeko, 17.00etatik 17.30era, “opari gisa”, bertso-saio laburra izango da Amaia Agirre eta Andoni Egañaren eskutik — hikan, noski. “Asmoa hika erabiltzea, entzutea, ondo pasatzea eta errepikatzeko gogoz geratzea da”, laburbildu du euskal sustatzaileak.

ZirHika mugimenduko kideak. ZirHika

Mardaras ZirHika mugimenduaren baitan dago koordinatuta, hots, Deba Ibarreko Badihardugu eta Donostiako Bagera euskara elkarteareekin batera, Hikadromoa antolatzen duten hiru kolektiboetako bat. Inplikazio zuzen horretatik abiatuta, gazteria erakartzearen garrantzia azpimarratzen du Mardarasek, hitanoa “euskararen normalizaziorako bide egokia izan daitekeela, binakako harremanetan erregistro informala eta bizia delakoan” sinetsita. Hori dela eta, Hikadromoa ez dago toka zein noka menperatzen dutenentzako bakarrik pentsatuta; izan ere, “ikasten ari direnak eta ez dakitenak ere” bertaratu daitezke. “Zirhikazale guztiak, jakin edo ez jakin, gonbidatuta daude”, gaineratu du Mardarasaek.