Euskaltzaindiak 'Harri eta Herri' liburuaren jatorrizko mekanografiatua laga dio Bilboko Arte Ederren Museoari
Dokumentua Zarauzko (Gipuzkoa) Itxaropena argitaletxearen artxiboetan zegoen eta orain Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan gordetzen da
Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema-liburuaren jatorrizko mekanografiatua laga dio Bilboko Arte Ederren Museoari, Akademiak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Dokumentu berezi hori Zarauzko Itxaropena argitaletxearen artxiboetan aurkitu zuten, eta gaur egun Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan dago gordeta. Orain, liburuaren lehen edizioaren ale batekin batera, ikusgai egongo da Bilboko Arte Ederren Museoaren beheko solairuan, sarreraren ondoan, 2026ko urtarrilaren 18ra arte.
Museoko zuzendari Miguel Zugazak nabarmendu duenez, “‘Harri eta Herri’-n jasotako ‘Souvenir’ poemak Frantziako turista batzuek Bilborako egindako bisita irudikatzen du, eta horrela museoa ez da soilik artea gordetzeko eta erakusteko tokia, baizik eta garai hartako hiriaren errealitate soziala begiratzeko leiho ere bihurtzen da. Gainera, lan horretan Deustuko txabolismoaren egoera ere salatzen da”.
Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak asteazkenean bisitatu zuen museoa eta Zugazarekin batera dokumentua bertatik bertara ikusi zuen. Bere hitzetan, “‘Maldan behera’ kenduta, ‘Harri eta Herri’ izan zen Arestiren lehen obra garrantzitsua. Dokumentu hau erakutsiz, Bilborekin idazleak izan zuen lotura estua azpimarratu nahi izan dugu, eta haren lana gaur egunera ekarri, euskal kulturari eman zion indarra eta utzi zion legatua azpimarratuz”.
Ekimen honek, beraz, Gabriel Arestiren figura eta haren ekarpen literarioa berriro Bilboko gizartearen eta kulturaren erdigunean jartzen ditu, haren oroimena eta hizkuntzaren alde egindako lana omentzeko asmoz.