Urriaren 24tik 26ra, Bunker azoka bueltan izango da Barakaldoko Herriko plazan, hirugarren urtez jarraian. Musika, literatura eta arte alternatiboaren munduak bat egingo dute berriro diskoak, liburuak, bildumagileentzako artikuluak, solasaldiak eta kontzertuak uztartzen dituen ekitaldi honetan. Azoka hau Hiriko Soinuak proiektuaren barruan sustatu du Barakaldoko Udalak, BBKren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Lehen bi edizioetan izandako arrakasta ikusgarriaren ondoren, aurten ere sarrera doakoa izango da eta hainbat denda eta argitaletxe bilduko dira bertan. Long Play (Barakaldo), Chicxs de la calle (merchandising), Meatzalde Beats (bigarren eskuko CD eta biniloak), Munsterama (Santurtzi), Re-Loop Shop (Logroño) eta Vinylora (Gasteiz) bezalako establezimenduek beren disko, arropa eta produktuak eskainiko dituzte azokako standen artean.

Gainera, Iruñeko Katakrak liburu denda eta argitaletxea eta Barakaldoko Mano del Friki denda, zinema, telesail, komiki eta manga munduarekin lotutako bildumagileentzako artikuluetan espezializatua, ere parte hartuko dute.

Egitarauan, hainbat aurkezpen eta solasaldi interesgarri izango dira. Fernando Alfaro musikariak (Surfin’ Bichos, Chucho) eta Javier “Jerry” Corral kazetariak euren azken liburuak —Mundo turbio eta Fiesta y rebeldía— aurkeztu eta sinatuko dituzte. Halaber, Reincidentes, Biznaga, Bala eta Sandré taldeetako kideak Iker Barbara kazetariarekin solasean ariko dira, Hiriko Soinuak jaialdian eskainiko dituzten kontzertuen atariko modura.

Musikazaleentzat, azokak Gonzalo Portugal (Last Fair Deal) eta Gaizka Insunza (Audience) artisten kontzertu akustikoak eskainiko ditu, Bunker azokaren espiritu independentea eta hurbila islatuaz.

Azkenik, Paule Bilbao —arte terapian espezializatutako psikologoa eta Arima taldeko abeslaria— tailer berezi bat eskainiko die Barakaldoko Bituritxa Lanbide Heziketako ikasleei, sormenaren eta musikaren bidez emozioak lantzeko. Jardunaldia amaitzeko, parte-hartzaileek Hiriko Soinuak jaialdiko barrutitik bisita pribatu gidatu bat egingo dute.