Donostia Zinemaldiaren 73. edizioaren Belodromoko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai astearte honetan, abuztuaren 19an, 10.00etan. Programazioak Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atalaren bi emanaldi hartuko ditu barne (irailaren 24an eta 26an, biak 18.30etan), Daniel Sánchez Arévaloren 'Rondallas' film berria (hilaren 23an, 19.00etan) eta Leiva musikariari buruzko 'Hasta que me quede sin voz' (hilaren 25ean, 19.00etan) lanak estreinatzeaz gain.
Auditoriumak 2.000 pertsona baino gehiago har ditzake eta itxiera galaren emankizuna ere hartuko du, EITB Gala, Kontzertua & Proiekzioa, Euskadiko Orkestrarekin eta SGAErekin batera antolatutako ekimen tradizionala dena, eta Ikastetxeak Belodromoan jardueraren goizeko emanaldiez gain.
Belodromoko emanaldietarako sarrera bakoitzak 8,75 euro balio du eta Zinemaldiaren nahiz Kutxabanken webguneetan erosi ahal izango dira. Emanaldi bakoitzeko lau sarrera baino ezin dira erosi, eta erosketa bakarrean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, %25eko deskontua aplikatuko da. Halaber, Donostia Kulturaren txartelarekin eta Kutxabanken Gaztetxartelarekin ere aplikatzen dira deskontuak.
Lehen aldiz egingo da EITB Gala Belodromoan, eta bertan, datorren udazkenean ETB1en ematen hasiko den 'Euskal Herria Hegan' programaren lehen atala estreinatuko da, 'Gipuzkoa hegan' izenekoa, irailaren 21ean, arratsaldeko 18.00etatik aurrera.
Belodromoak ere Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa hartuko du, irailaren 20an 18.00etan.
Bi ikuskizun hauetarako sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da dagokion gonbidapena jasotzea. Gonbidapenak irailaren 13tik 19ra egongo dira eskuragarri Donostia Zinemaldiak Kursaalen prestatutako informaziogunean, baita Donostiako Boulevardean kokatutako turismo-bulegoan eta Belodromoko kontzertuaren egun berean ere.
EITB Galaren kasuan, gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean eskuratu ahalko dira, bai eta Kutxabanken webgunean ere, abuztuaren 19tik aurrera.
Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko agertokia ere izango da Belodromoa. Sei eta hamaika urte bitarteko haurrei zinema eta zientzia lotzen dituen pelikula baten proiekzioaz gozatzeko aukera ematen die honek, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera antolatuta.
Azkenik, Zinemaldiaren azken egunean, irailaren 27an, Belodromoak itxiera galaren zuzeneko emanaldia hartuko du. Halaber, Sail Ofizialari amaiera emango dion filma eta laster iragarriko den beste pelikula bat ere proiektatuko dira.