Ekainaren 13tik 15era bitartean, Arriaga Antzokiak El rey que fue obraren hiru emanaldi jasoko ditu. Bertan, hausnarketa bat proposatuko digute Espainiako errege emeritu Juan Carlos I.aren aiurri eta izaera existentzialari buruz.
Albert Boadellak zuzenduko ditu Ramón Fontseré eta Joglarsen antzeztaldea. Duela hamar urte elkarrekin egin zuten azken proiektuan, El coloquio de los perros izenekoan, Boadellak, antzerkigile gisa, Fontserèri utzi zion konpainiaren zuzendaritza.
Orain, El rey que fue antzezlanarekin, konpainia katalan ospetsua beti izan den moduan agertzen da, talde ziztatzaile eta garratz, baina aldi berean dotore gisa. Oraingoan, Joglarsek berriz heltzen dio zauria ukitzen duen komediantearen irudiari, ikuslea bere herrialdearen bilakaera politiko eta sozialaren aurrean jartzen duen artistaren irudiari, alegia.
El rey que fue antzezlanean, ikusleek Joglarseko kideak ikusiko dituzte oholtzan: Ramon Fontserè, protagonista gisa (Juan Carlos I.a Borboikoarena egiten), Pilar Sáenz, Dolors Tuneu, Martí Salvat, Javier Villena eta Bruno López Linares. Dramaturgian Albert Boadellak eta Ramon Fontserèk parte hartu dute, Boadella bera arduratu da proiektuaren zuzendaritza artistikoaz eta Alberto Castrillo-Ferrer izan da zuzendari laguntzailea.
Muntaketan, Joglarsek errege emerituaren bizitzan jartzen du arreta, bere garaikideen artean iritzi guztiz antagonikoak eragiten dituen pertsona ospetsu bat baita. Desberdintasunez betetako bizitza bat da, kontrastez jositakoa: une tragikoak, sakrifikatuak, esperpentikoak, eroak, eskuzabalak, dibertigarriak, zorigaiztokoak eta ausartak ditu. Horri dagokionez, pentsa dezakegu Shakespearek gaur egun Juan Carlos I.aren historia bizi izan balu, agian bere kontakizun bikainak inspiratu zituzten erregeek baino gehiago erakarriko zukeela. Joglarsek ildo poliedriko horrekin muntatu du obra, umorearen eta tragikoa den horren artean ibiliz. Errege emerituak urteetan zehar erbestera eta bakardadera eraman duten uneak eta egoerak oroitzen ditu. Errealitatearen eta eldarnioaren artean, hainbat gertaera ekarriko ditugu gogora, erregearen jokabide eztabaidagarriak justifikatzeko edo deitoratzeko aitorpen eta aitzakiekin batera.
Sinopsia
2023. urtea. Persiar golkoa. Errege emeritu, zahar eta erbesteratuak aberri urrun eta maiteko zaporea sentitu nahi du. Festa bat antolatu du luxuzko belaontzi batean, itsas zabalean paella gozo bat dastatzeko. Kazetariak, lagunak, jekeak eta senitartekoak gonbidatu ditu. Zer atera daiteke gaizki? Inora ez doan bidaia bat. Juan Carlos I.aren bizitzaren berrikuspen humano eta zorrotza, eta azken 50 urteetako Espainiarena. Shakespeareren ukitua duen tragedia, ostrazismoan bizi den errege bati buruzkoa, agertokira iraganeko mamuak, erabakiak, damuak eta harrokeriak dakartzana. Zer gertatu zen gauzak horrela amaitzeko?