Euskalduna Jauregiak zazpi ekitaldiz osatutako programazio berezia eskainiko du abuztuaren 15etik 7ra bitartean, Bilboko Aste Nagusia dela eta, 'Euskalduna Nagusia' lelopean. Egitarau berezi honek publiko mota guztientzako antzerkia, musika, umorea eta esperientzia bereziak bilduko ditu. Astearte honetan goizean, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak eta Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusi Iñigo Iturratek programa aurkeztu dute.
Atze-ohiala ikusgarritasunez altxatuko da, jendaurrea mirestuko duen formatu handiko ikuskizun batekin: ‘Los pilares de la Tierra, el musical’, Ken Follett-en bestseller-aren moldaketa ikusgarria. Madrilen arrakasta izan ondoren, lehen aldiz iritsiko da Bilbora. Musika zuzenean, eszenografia murgiltzailea eta luxuzko aktore-zerrenda, abuztuaren 15etik 31ra bitartean gozatzeko, abuztuaren 14an aurre-estreinaldi esklusibo bat egingo delarik.
Etxean ekoitzitako ikuskizun bat da beste apustu handia: ‘Mastodophonika’. Musikazko ikuskizun indartsu eta hunkigarria da, gure sustraiak, tradizioa eta nortasuna aldarrikatzen dituena, Mastodonte taldea (Asier Etxeandia eta Enrico Barbaro), Euskadiko Gazte Orkestra eta Leioako San Juan Bautista Abesbatzaren eskutik. Emanaldiak irailaren 5ean eta 6an izango dira.
Publiko guztientzako eskaintza egokia aurkezteko helburuarekin eta Euskalduna Bilbaora hurbiltzen den pertsona orok bere gustuetan ondoen sartzen den ikuskizuna hautatzeko aukera izan dezan, ‘Euskalduna Nagusia’ programazioak beste lau ikuskizun ditu: ‘Pecados - El cabaret de la carne’, umorea eta musika uztartzen dituen ikuskizun ausarta, gizarte-kritika ere egiten duena; ‘Pijama para seis’, nahaste-borrastezko komedia dibertigarria; ‘La llamaban Loca’, Bilboko historiako pertsonaia ikoniko bat gogora ekartzen duen ekoizpen bizkaitarra; eta euskarazko programazioarekiko apustu berri gisa, Ugaitz Alegria eta Ainhoa Etxebarriaren eskutik datorren ‘Tongola’ umorezko bakarrizketa saioa.
Eta jaiak aire zabalean gozatzeko momentu aproposa direnez, aurten ere Euskalduna Klubaz gozatzeko aukera izango da, giro informaleko gunea, musika eta gastronomia eta apartarekin, Aste Nagusi osoan zehar irekita egongo dena. Horrez gain, familiek zita berezi bat izango dute euskarazko bisita gidatu doakoekin, haur publikoari zuzenduta. Mari Jaiak eta Gargantuak gidatuko dute Kongresu Jauregiaren sekretuetan barrena ibilbide berezi bat.
Arrizabalagaren hitzetan "kaleetan giro aparta izango dogu: txosnak, musika, umeentzako jolasak... kolorea eta poza nonahi. Baina ez da guztia kalean geratzen: eremu itxietan be kultur eskaintza zabala izango dogu, eta hor Euskalduna Bilbao da protagonista nagusia. Aste Nagusian, Euskaldunako programazinoa kontsultetea ezinbestekoa da. Antzerkia, musika, umorea, euskeraz eta erderaz, publiko guztientzat egokitutako eskaintza izango dogu. Programazino berezi hau abuztuaren 15ean hasiko da, eta irailaren 7ra arte luzatuko da. Aniztasuna eta kalidadea izango dira ardatz nagusi.
Iturratek, bere aldetik, honako hau azpimarratu du: "gure helburua argia da: guztiontzat lekua eskaintzea, kultura eta jaiak eskutik helduta, eta horretarako, elkarlanean aritu gara beste behin sektoreko eragileekin, bertako artistentzat aukerak sortzen dituen programazio batekin".