Durangoko Azoka azken txanpan sartu da. Bihar itxiko ditu ateak, baina oraindik ere aukera dago euskal kulturaren plazak eskaintzen dizkigun proposamen guztietan murgiltzeko. Gaurkoan, adibidez, hizkuntza gutxituen eta kultura ezberdinen topalekua bilakatu da Durango. Bertan, sortzaile kurdu eta euskaldunak eta idazle irlandar, frisiar, valentziar eta esloveniarrak batu dira.
2016an Durangoko lau gazte Kobanera joan ziren, Siriako iparraldean dagoen Rojava eskualdeko hirira. “Bidaia horretan konturatu ginen kurduak ez ezik, hizkuntza gutxituak edo kultura ezberdinak ere bazirela. Bertan herri, kultura eta erlijio asko daude, eta interesgarria iruditu zitzaigun kultura aniztasun hori, kultura ezberdinen arteko lankidetza hori nola lantzen duten hona ekartzea, kulturari garrantzi handia ematen baitiote. Esan dezakegu bost kultura handi daudela (yazidiak, armeniarrak...) eta herri horietan guztietan hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituztela eta administrazioan nola lantzen duten interesagarria iruditzen zitzaigun plazaratzea eta, era berean, kontrapuntu bat egitea Euskal Herrian bi hizkuntza, hiru hizkuntza nola gestionatzen ditugun. Ideia horrekin sortu genuen proiektu hau”, azaldu du Jon Bingen Landabidea Suargi Elkarteko kideak.
Abiapuntu honetatik, Durangoko Azoka, Kurdistango eta Euskal Herriko kulturgileen topalekua bilakatu da eta egunean zehar hiru ekitaldiz osaturiko egitaraua izango da Suargi Elkartearen ekimenez.
Hasteko, Kurdistan + 100 Etorkizuneko errepublika baten istorioak liburua aurkeztu dute Ahotsenea literatura gunean. Liburuan Kurdistango hamahiru idazlek parte hartu dute eta, beraz, 13 kontakizunekin osatu dute argitalpena. Kurduek izango al dute inoiz herrialde propiorik? galderari erantzun diote eta 2046. urtean girotuta dago, hain zuzen ere, Mahabadeko Errepublikaren mendeurrenean. Etorkizunari buruzko hausnarketak eta irakurketa ezberdinak egiten dira Meral Simsek eta Jin Swani idazle kurduek aitortu zuten bezala. Izan ere, XX. mendean zehar, eta XXI. mendean oraindik ere, kurduei behin eta berriz traizioa egin, erreprimitu eta oinarrizko eskubideak kendu zaizkie (herritartasunetik hasi eta norberaren hizkuntza hitz egiteko askatasunera arte), urrats bakoitzean beren asmo politikoak zapaldurik ikusiz.
Gai horrekin lotuta, Hizkuntza gutxituetan kultura egiten solasaldia dago Talaia Durangoko museoan. Euskarak eta kurduak ofizialtasunerako dituzten aukera, mehatxu eta traben eztabaida kritikoa plazaratuko da bertan eta Simsek eta Swani idazle kurduez gain, Sevinaz Evdike zuzendari kurduak, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarrak, Roberto Awanari musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak izango dira.
Europako idazleak
Gune berdinean, arratsaldeko 18.30ean, Europako idazleekin berbetan mahaingurua hasiko da. Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Europako hizkuntza gutxituetako eta txikietako literaturak nazioko eta nazioarteko merkatuei arreta gehiago eskaintzeko eta nazioarteko sare iraunkor bat eraikitzeko, Lit-Up (gora literatura) proiektuaren parte da eta hainbat ekimen antolatzen dituzte.
Euskararen erabileraren bilakaera, egoera eta norabideaz hausnartzerakoan, Ana Urrestarazu Euskal Editoreen Elkarteko kidearen hitzetan “egoera zaila da. Hizkuntza handiek beti pisu izugarria daukate, orduan horrelako sareak sortzea oso inportantea da”.
Zentzu horretan, Hartzea ematea DA! gaiaren inguruan arituko dira, frisieraz, eslovenieraz eta valentzieraz idazten duten hiru idazle ezagunekin. Syds Wiersma, Jedrt Maležič eta Nuria Sendra, hurrenez hurren.
Eguna borobiltzeko, artista kurduen eta euskaldunen arteko musika emanaldi berezia eskainiko da Ahotsenean.