Joan den asteazkenean, azaroaren 27an, Korrontzi taldearen 20. urteurrena ospatzeko Bilboko udal musika bandarekin batera grabatutako disko bateratua aurkeztu zuten.

Ekitaldia Bilboko Udaletxeko Prentsa Aretoan egin zeb, eta bertan izan ziren Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta Bilbao Musikaren Zuzendaritza Administrazio Kontseiluko lehendakaria; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Agus Barandiaran, Korrontziko burua eta sortzailea; eta Andrés Camio "Jitu", Elkar Musikako zuzendaria.

Obrak taldearen 20 abesti enblematikoenak biltzen ditu CD bikoitz bateanElkar estudioetan grabatua, eta erronka musikal eta artistiko handi baten emaitza da: Korrontziren errepertorioa musika banda baten formatura egokitzea. Trikitixa nabarmentzen da elementu nagusi gisa, grabaziorako bildu ziren Bilboko Udal Musika Bandako 40 musikari baino gehiagok aberastua.

Disko honekin Korrontziren bi hamarkadako ibilbidea omentzen da, euskal musika eta kultura munduan zehar eraman dituen laukotea. Proiektua errealitate bihurtzeko, zuzendaritza lanetan Jose Rafael Pascual-Vilaplana bandako zuzendari titularra aritu da, eta Xabier Zabala maisuki arduratu da musika moldaketez. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa izan du.

Orainerako eta etorkizunerako ondarea

Diskoa asteazkenean, azaroaren 27an, kaleratu zen eta abenduaren 5etik 8ra Landako Gunean egingo den Durangoko Azokaren edizioan oso presente egongo da. Diskoa euskal tradizioaz ikuspegi berri batekin gozatzeko gonbidapena da, bi hamarkadako historia ospatuz eta etorkizunari sormenez eta gogo biziz begiratuz. Bilboko Udal Musika Bandaren eta Korrontziren arteko lankidetza, asmoen adierazpen bat da: euskal kulturari balioa ematea eta munduari gure sustraiak transmititzeko modu berriak aztertzea.

Album hau abuztuaren 17an Bilboko Plaza Barrian Aste Nagusian eskainitako kontzertuari gehitzen zaio. Ekitaldi honek bi taldeen arteko lotura aurreratu zuen eta bertaratutakoek euskal folkaren aberastasuna eta aniztasuna formatu berritzaile batean ezagutzeko aukera izan zuten.