Laura Soto Sobejano artistak 'El poema físico. Un taller de escritura y poesía oral' izeneko laborategia eskainiko du. Ekimen hau Bilbao Eszenaren, Bilboko Udaleko Antzerki Baliabideen Zentroaren, prestakuntza-eskaintzaren barruan antolatuta dago.

Sorkuntza eta esperimentazio poetikoko laborategi bat da, testuen lanketan eta garapenean zein ahotsaren, gorputzaren eta presentzia eszenikoaren bidezko eszenaratzean oinarritua. Helburua da parte hartzen duten pertsonek poesiaren kontzeptua gainditzen lan egitea, hitza eta gorputza erabiliz paperetik haratago dauden aukerak deskubrituz.

Tailerrak zortzi orduko iraupena du, bi orduko 4 saiotan banatuta, azaroaren 26an eta abenduaren 3an, 10ean eta 17an. Ordutegia 19:00etatik 21:00etara izango da eta BILBAO ESZENAKO lokaletan emango da (Juan Gardeazabal kalea 3, 48004 Bilbao).

18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, arte eszenikoen sektoreko profesionalei, amateurrei eta/edo zaleei. Gainera, prestakuntza baliagarria izan daiteke idazleentzat, testuak ahozkotasunera eramateko kezkarekin, edo oro har arte eszenikoei lotutako lana egiten duten artistentzat.

Sorkuntza-laborategiaren prezioa 30 eurokoa da, 25 euro Bilbao Eszenako, ADDEko, EABko eta Artekaleko bazkideentzat. Izena emateko epea azaroaren 13tik 20ra egongo da zabalik, eta interesatuek kultura@bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez emandako inprimaki bat bete beharko dute. Hautatutako ikasleei posta elektronikoz jakinaraziko zaie azaroaren 21ean, eta, une horretan, matrikulazioa formalizatzeko eta ordainketa egiteko eman beharreko urratsen berri emango zaie.

Laura Soto Sobejano Arte Ederretako lizentziaduna da eta bi liburu argitaratu ditu: "Incendiaria" (Arrebato Libros, 2019, Laura Sam bezala) eta "Géiser" (Casimiro Parker, 2020, Laura Soto bezala). Artista Spoken Word Bilbaoren sortzaile eta koordinatzailea da. Poesia eszenikoko topaketa horrek gaur egun Poematika, Ahozko Poesiaren eta Arte Bizien Jaialdia du izena eta hiru edizio egin ditu. Gainera, La voz en contra diska Juan Escribanorekin batera, No eres libre eta Scroll disziplina anitzeko Derek V. Bulcke artistarekin eta beste kolaborazio batzuetan parte hartu du, besteak beste.