Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberria izango da Klasikoen Irakurketa Jarraituaren 17. edizioaren protagonista. Ekitaldia datorren ostegunean egingo da, ekainaren 6an, goizeko 8.00etatik 14.00etara. Hautaketa honekin, Bilbo Zaharra euskaltegiak euskal literaturaren nazioartekotzea azpimarratu gura du.

Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) hasiko du ekitaldia, goizeko 8:00etan, New Yorketik iritsi berri (han bizi da 2018tik). Lan honen lehenengo lerroak irakurri ondoren, 200 bat lagunek, txandaka, liburua irakurriko dute goizean zehar udal antzokiaren foyerrean jarritako mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen eremu guztietako ordezkariek parte hartuko dute: kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, erakundeetako, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek, eta abar.

Zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatuko da. Bideo horietan, Bilboko institutuetako ikasleak irakurtzen agertuko dira, baita diasporako kideak eta munduan zehar dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere.

Ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da, Arriagako plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren web-gunean. Bestalde, Abandoko eta Zazpikaleetako metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelak ikusi ahalko ditugu egunotan.

Euskal literaturaren nazioartekotzea

“Bilbao-New York-Bilbao” eleberria hautatuz, Bilbo Zaharra euskaltegiak aldarrikatu gura du euskal idazleak nazioartean ere badaudela, eta haien lanak hizkuntza askotan irakurtzen direla gaur egun. Kirmen Uriberen eleberri hau 13 hizkuntzatara itzuli da.

Aurreko urteetan irakurri diren lanak: Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe), Martutene (Ramon Saizarbitoria), Gero (Pedro de Axular), Peru Abarca (Juan Antonio Mogel), Haur besoetakoa (Jon Mirande), Hamaika pauso (Ramon Saizarbitoria), Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaia), Obabakoak  (Bernardo Atxaga), Harri eta herri (Gabriel Aresti), Narrazio Guztiak (Joseba Sarrionandia), Metamorfosia (Franz Kafka), %100 Basque (Itxaro Borda), Kresala (Txomin Agirre), Otto Pette (Anjel Lertxundi), Ipuin hautatuak (Mariasun Landa) eta Linguae Vasconum Primitiae (Bernat Etxepare).

Gaur eta bihar arratsalderako Forum Bilbo Zaharra hitzaldiak programatu dira. Bi izango dira, biak ere Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan: Memoria historikoa Kirmen Uriberen lanetan, Mari Jose Olaziregiren kontura, gaur, asteartea, ekainak 4, eta Nondik datoz istorioak, Kirmen Uriberen eskutik, bihar, asteazkena, ekainak 5.