Feminizatuagoa, gazteagoa eta hedatuagoa. Bertsolaritzaren erretratu orokorra ikaragarri aldatu da azken hamarkadetan eta horren erakusle izango da, beste behin, Bizkaiko Txapelketa. “Aurten emakumeak %33a izango dira, eta, adin batez bestekoa 28 urtekoa da”, aurreratu du Igor Elortza bertsolariak, soziologikoki horrek suposatzen duen guztia nabarmenduz. Bi urterik behin ospatzen den lurraldeko lehiaketa nagusia urriaren 1etik abenduaren 16ra bitartean jazoko da. Hamar saiotan –sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala– lurraldeko 43 bertsolari nagusiak lehiatuko dira; besteak beste, Nerea Ibarzabal (aurreko edizioko txapelduna) edota Jone Uria (txapeldunordea). Mungitik Gernika-Lumora, Berriztik Santurtzira, txapelketa Bizkaiko bazter guztietatik igaroko da. Finala, Bilbao Arenan izango da, zortzi bertsolari onenen partaidetzarekin, eta, dagoeneko, sarrerak salgai daude.  

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea eta txapelketaren arduraduna den Ione Narbaizak argitu duenez, txapelketa udaberrian jokatu zen aurrefasearen ondorioa da. “Kanporaketetan eta finalaurrekoetan sei bertsolarik kantatuko dute, eta, finalean, aldiz, zortzik”, azaldu du gaurko aurkezpenean. Sailkapenari dagokionez, kanporaketa bakoitzeko irabazleak finalaurrekoetarako sarbidea izango dute, eta, gainontzeko partaideak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Finalaurrekoetan iazko finalistak izango dituzte zain: Aitor Etxebarriazaga, Gorka Pagonabarraga, Xabat Galletebeitia, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita. Finalera heltzeko antzeko logika erabiliko da: hiru finalaurrekoetako irabazleak sartuko dira eta gainontzeko bostak puntuazioaren arabera. 

Narbaizak aurreratu duenez, saioak honela banatuko dira. Kanporaketak: urriaren 1ean, Mungian; urriaren 8an, Gernika-Lumon; urriaren 15ean, Arrigorriagan; urriaren 22an, Erandion; urriaren 29an, Igorren; eta, azaroaren 1ean, Lekeition. Hiru finalaurrekoak Berrizen, azaroaren 11n; Santurtzin, azaroaren 18an; eta, Lemoan, azaroaren 25ean, izango dira. Finala, berriz, Bilbao Arenan ospatuko da abenduaren 16an. Saio guzti guztiak 17:00retan hasiko dira. “Dagoeneko salgai daude sarrerak baina txartel-leihatila saio guztietan zabalduko da aurretik amaitzen ez badira”, zehaztu du Narbaizak, saio guztien gorabeherak sare-sozialen bidez jarraitzeko aukera egongo dela argitu aurretik.

EGUNGO ARGAZKIA

Lau alditan Bizkaiko txapeldun izandako Igor Elortzak bertsolaritzaren egoera, azken hamarkadetan, nabarmen aldatu dela azpimarratu du. “1990. urtea daukat gogoan. Arriagan lehenengoz parte hartu nuen txapelketaren argazkia. Orduan, bi edo hiru eskualdetako bertsolariak ginen; adin batez bestekoa –Unai Iturriaga eta bera kenduta, oso gazteak baitziren–, oso altua zen, 50 urtekoak ziren nagusi; eta denok ginen gizonezkoak”, gogoratu du. Zentzu horretan, egun eskualde “kakotx artean ez hain euskaldunetako bertsolariak” ere badabiltzala azaldu du, baita “guraso ez euskaldunen seme-alabak” ere. Genero eta adin tartean eman diren aldaketek soziologikoki ere beste eraldaketa batzuk eragin dituela argudiatu du. “Gaiak begiratzeko modu ezberdinak ekarri ditu, baita artistikoki ere, bestelako ikuspegi eta gustuekin”, hausnartu du bertsolari durangarrak. Entzulegoan ere eman da bilakaera bat: “Gu hasi ginen sasoian, entzuleak sartzen ikusten nituenean, denak zetozen Land Roverretik jaitsi berri, eta, orain, Berlineko metroa ematen du”.  

Aurten txapelketa testuinguru “berezi” batean ospatuko dela adierazi du Elortzak; izan ere, Bizkaiko Bertsolari Elkarteak 40 urte betetzen ditu. Edonola ere, txapelketa, bertsozaletasunaren eta bertsogintzaren aldetik, oso berezia dela aldarrikatu du. “Bertsolarientzat plaza garrantzitsua da, aldian behin bertsokera lantzeko, eta, landutako hori entzuleei erakusteko aukera aparta izaten delako”, argudiatu du Elortzak. “Berba eta kantu hutsez sortzen egongo dira bertsolariak eta horren gailurra izango da bete-beterik egongo den Miribillako finala”, iritzi du.

Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren esanetan, “gure gizartean oso errotuta dagoen kultura adierazpena dugu bertsolaritza”. Horregatik, elkarlan publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du Foru Aldundiaren babesa duen ekimen honetan. “Garrantzitsua da gure gurea den bertsolaritza kalera ateratzea, plazaratzea, txoko guztietara eramatea, gizartean oihartzuna izatea, gure lurraldeko ondarea delako bertsolaritza, gure kulturari nortasuna eta balioa ematen diolako, eta, horregatik, berebiziko garrantzia daukate honelako txapelketek”, plazaratu du. Horregatik, bizkaitar guztiei luzatu die saioetara gerturatzeko gonbita. “Bertsozale modura, txapelketa batera noanean pentsatzen dudana da inoiz entzundako bertsorik onena entzuteko aukera izango dudala saio horretan, eta, aurten ere, jarrera horrekin joango naiz”, gaineratu du Elortzak bukatzeko.