Síguenos en redes sociales:

Goi mailako zazpi kontzertu eskainiko ditu Arriaga Antzokiak datozen egunetan

Igande honetan bertan hasita eta hurrengo hamar egunetan zehar, Arriaga Antzokiak goi mailako zazpi kontzertu jasoko ditu. Lehenengoa Silvia Pérez Cruz izango da, zeinak ostiral honetan bertan Toda la vida, un día izeneko disko berria kaleratu duen.

Datorren astea hasteko, hilaren 24an, astelehenean, Iker Laurobak Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren barruan emanaldi bat egingo du. Musikariarekin batera arituko dira Urbil Artola eta Leire Letu, eta hirukote formatuan Harkaitz Cano, Leire Ugadi, Jon Martin, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi euskal idazle eta bertsolari ezagunekin batera konposatutako abestien errepertorioa eskainiko du.

Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, asteartean, Vistel Brothers izango da BJC Arriagan zikloak datozen bi asteetan programatuta dituen bi hitzorduetako lehenengoaren protagonista. Jorgek (tronpetista) eta Maikel Vistelek (saxofonista) 20 urteko ibilbide artistikoa egin dute, bai Kuban, bai Kubatik kanpo, ikusleei agertokitik sinpatia eta energia positibo handia oparituz. Bere musika jazz modernoaren eta musika afrokubatarraren joeretan oinarritzen da, eta horixe eskainiko dute Arriagan, musikari bikainek lagunduta, hala nola Reinier Elizarde kontrabaxu jotzaileak, Lukmil Pérez bateria jotzaileak eta Fernando Favier eta Yuvisney Aguilar perkusionistak.

Asteazkenean, hilaren 26an, Ermonela Jahoren txanda izango da, gaur egun nazioarteko lirikan modan dagoen abeslari lirikoetako bat. Duela gutxi kritika bikainak jaso ditu New Yorkeko METean egindako jardunaren ondoren. Soprano albaniarra 2022an Urteko Artista izendatu zuten International Classical Music Awards sarietan eta 2021ean bere Anima Rara diskoa ere saritu zuten, non Pucciniren zein Verdiren ariak abesten dituen. Orain Bilbora helduko da, Rubén Fdez. Aguirre pianistarekin batera. Lehen aldia da elkarrekin emanaldi bat egiten dutela, eta berariaz sortutako programa berezi bat eskainiko dute, diskoko aria batzuekin eta bikote artistikoak aukeratutako beste konposizio batzuekin.

Musika gehiago

Ostegunean, hilaren 27an, beste musika emanaldi bat izango dugu Arriagako agertokian, Eñaut Elorrietarena hain zuzen ere. Abeslaria Fantasia izeneko bere azken lana aurkezteko biran dator Arriagara, Elorrietaren ibilbide bikainean beste urrats bat den horrekin. Oraingoan, Aitor Etxebarriaren laguntza izan du ekoizpen lanetan, melodia ederrez beteriko disko bat sortzeko, tonu barekoa, entzunaldi bakoitzean aberatsago bihurtzen dena. Abesti horiek zuzenean jotzen direnean hartzen dute distira handiena, eta are handiagoa Arriagako besaulki patioko giroan.

Hurrengo hitzorduak, eskari handiena izan duenetako batek, Luz Casal ekarriko du Arriagara. Bere bi kontzertuetarako —apirilaren 30erako eta maiatzaren 1erako— “txartelak agortuta” kartela jarri behar izan dutenez, galiziar abeslaria giro ezin hobean egongo da bere lan berria aurkezteko Bilbora iristen denean. Las ventanas de mi alma, bere webgune ofizialaren arabera, “bere ibilbideko lanik pertsonalena eta autobiografikoena” da, eta “rockaren eta soinu klasikoenen artean dabil”.

Azkenik, maiatzaren 2an, asteartean, BJC Arriagan zikloaren beste hitzordu bat izango dugu, Bilbaina Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak antolatuta. Maureen Choi Qu4rtet, jatorri korearreko Maureen Choi biolinista iparramerikar bikaina buru duen eta Daniel García Diego (pianoa), Mario Carrillo (kontrabaxua) eta Michael Oliverak (bateria) osatutako taldeak kontzertua emango du. Kontzertu horretan, zalantzarik gabe, bere ezaugarri diren eta, zuzenean ikusi ezean, azaltzen hain zaila den elkarren arteko lotura hori agerian jarriko dute, bere sotiltasun eta musikaltasun bereziarekin.