Egunerakotasunaren zaratatik ihes egitean, isiltasuna baino tranzsendentala dena gailentzen da. Eta zeregin eta aginte-ahots horiei lepoa ematerakoan, Miguel Hernandez poetak esango lukeen bezala, hiru zauri nabarmentzen dira: heriotza, bizitza eta maitasuna. Trinitate horren inguruan aritu ziren atzo Jon Gerediaga, antropologia kulturalean doktorea, eta Iñigo Martinez Peña, filosofia irakasle eta idazlea, Gutun Zuria jaialdiaren baitan. Ahopean esan izenburupean ospatutako solasaldian asmoa konfiantzazko giro bat sortzea izan zen, bertaratutakoek bere iritzi eta usteak azalera zitzaten.

Solaskideak aspaldi ezagutzen dute elkar eta filosofiak egungo auzien inguruan dioenaz trebatuta daude. “Garai batean ikasleekin lan filosofiko poetiko bai egin genuen hiru zauriei buruz. Horiek dira ardatz, azken finean ez dago horien harira azken hitzik esateko modurik. Zentzu batean gure bizitzan daramatzagun zuloak dira, eta zulo horiei buruz berbetan dihardugu bizitza osoan zehar”, adierazi zuen Iñigo Martinezek solasaldia baino lehen zenbait hedabiderekin izan zuten elkarretaratzean. “Horren inguruan edozer gauza esan daiteke, baina mugarri batzuk jarri nahi ditugu”, argitu zuen, bere aldetik, Jon Gerediagak. Berak, zehazki, hitz poetikoei buruz hitz egin zuen.

Eta zergatik ahopeka? Martinez Peñak berriki kaleratu duen Pantailen garaipena saiakeran iradokitzen denez, gure garaian zenbait gehiegikeria daude. “Testuinguru horren ifrentzutik ihes eginez ahopean esan nahi ditugu gauza batzuk, titular handiak lortzeko asmorik gabe, baina zurrunbilo horietatik ihes egiteko tarte bat eskainiz jendeari”, argitu zuen Jon Gerediagak. Izan ere, filosokoazko saiakeren idazleak azaldu zuenez, azken 30 urteotan munduaren zarata hirukoiztu egin da dezibelioei dagokienez. Azken finean, ideia kontrastea egiteko ahopeka hitz egitea da. “Inguruan jazotzen diren bahiketa, tiroketa eta gerren berri dugu une oro, eta, tartean, gertatzen diren gauza batzuk, maitasunaz hitz egitea, esaterako, inozokeria dirudite. Ez dago leku bat gauza horietaz hitz egiteko, ez bada ahopean esandako elkarrizketa bat”, iritzi zuen Gerediagak.

Mandamendu hipermodernoak kaleratu ostean plazaratu du Iñigo Martinez Peñak Pantailen garaipena. “Kritika bat da, baina aldi berean beste bide batzuk zelan jorratu daitezkeen aztertzen da, agian erresistentziarako esatea gehiegi litzateke, baina garaipen hori ezin da erabatekoa izan. Ikusezinaren eremuaren alde egiten da liburuan, egungo pantailismoa aztertuz”, azaldu du. Bere esanetan, liburuaren egitura oso sinplea da. “Begirada hori espazioaren puntu ezberdinetan jartzean datza, horren arabera, kapituluz kapitulu jorratzea. Goitik behera, sateliteak; barrurantz, eskanerrak; atzera begira, biltegi zibernetikoak; aurrera begira, algoritmoen aurreikuspenak; aurrez aurre, selfiak... Amaiera ikusezinaren aldeko aldarri bat da, zentzu psikologiko eta pedagogikoan, politikoan eta erotikoan ere bai”, argitu zuen filosofia irakasleak bere azken lanaren inguruan.

Irakurketak

Bi solaskideak haien irakurketei buruz ere mintzo ziren. “Niri gustatzen zait defendatzea egon behar duela leku bat helburu pragmatikoetatik kanpo dagoen hitz poetiko batentzat. Hitz poetiko bat ez dagoena ekintzara edo diskurtso ekonomiko batetara bideratuta, baizik eta hitz poetiko autonomo bat kasi harridura ikur bat dena bizitza miresteko”, kontatu zuen antropologia kulturalean doktorea denak. Zentzu horretan, Friedrich Hölderlin edo Rainer Maria Rilke hortik doazela azaldu zuen. Azkenaldian irakurri dituen azken lanen harira, berriz, Iñigo Martinez Peñak Alemanian bizi den filosofo korear bat aipatu zuen, Byung-Chul Han. “Modan dagoen pentsalaria da, baina ez dakit filosofia eta moda bateragarriak diren. Egia da liburu oso finak ateratzen dituela; agian, gaur egungo bizimodurako saiakera irakurterrazak dira. Izan ere, gaur egun norbaitek Kanten Arrazoi hutsaren kritika irakurtzen jarraituko ote du?”, itaundu zuen.

Irakurketez hitz egiteaz gain, Eros eta Thanatosen arteko talkaz ere aritu zuren. “Iñigok behin esan zidan maiteminduta egotea beharrezkoa dela poesiaz disfrutatzeko. Esaldi horren harira, nire interpretazioa beste bat izan zen: maite ditugun pertsonak halako intentsitate bat hartzen dutela, eta, intentsitate hori, beharbada, ez dela ona gauza batzuetarako, osasun mentalerako, esaterako. Baina justu hitz poetikorako espazio emankorrak dira”, adierazi zuen Jon Gerediagak.

Lekurik ote dago oraindik filosofiaren eremutik maitasunaz hitz egiteko? Iñigo Martinez Peñaren ustez, bai. “Hor dago klasiko bat, Oturuntza, Platonena. Behin eta berriz bueltatzeko oinarrizko testu bat da; baina, hala ere, gaur egunera ekarriz, badago Byung-Chul Hanen analisi bat deitzen dena Erosen agonia. Hor planteatzen du maitasunak egoera hauskor batean jartzen bagaitu, eta era berean gizakiaren autonomia goraipatzen badugu, agian zailagoa dela maitasunaz aritzea”, ondorioztatu zuen idazleak.