MUNTAKETA lanak amaituta, aurten Landako Gunea beteko duten 248 erakusmahaiek irrikaz espero dute Durangoko Azokak ekarriko dituen 930 nobedadeak, denak 2022 urtean argitaratuak. Guztira, 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 ikus-entzunezkoak eta papergintzakoak egongo dira eskuragarri euskal kulturaren plazan. Azokaren 57. edizioak ateak irekiko ditu abenduaren 7tik 11ra bitartean eta aipatutako nobedadeez gain, 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin eztanda egingo du. “Euskal kultura bor-bor izango dugu edizio honetan eta mundiala izatea espero dugu. Azken urte bietan, testuinguru konplikatua izan arren, orain euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua helduko da, bere gune eta espazio guztietan”, aurreratu zuen Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak.

Parte hartuko duten argitaletxeen eta diskoetxeen datuei dagokionez, 176 parte-hartzaile batuko dira Landakon eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorriko dira Azokara. Nabarmentzekoa da ere, azken bi urte bereziren ostean pandemiaren aurreko kopuruetara bueltatu dela eta autoekoizleen plazan, bere aldetik, 15 autoekoizlek parte hartuko dute, sormen-lan ezberdinekin. 57. edizioak dakarren beste berrikuntza bat Landako Gunean liburutegi txiki bat eskuragarri egongo dela da. Bertan, Azokan saltzen diren hainbat nobedade esku artean ibili eta irakurtzeko aukera izango da, baita QR batzuen bidez abesti eta diska ezberdinak entzuteko aukera izango da.

Durangoko lehenengo Euskal Liburu eta Disko Azoka 1965ean ospatu zen. Gerediaga Elkartea

Durangoko Azokak ateak irekiko ditu abenduaren 7an Ikasle Goizarekin. 1.500 ikasleren bisita espero da eta guztientzat tailerrak antolatu dira. Aurtengo beste berritasun bat abenduaren 9an etorriko da Gazte eztanDA! egunarekin. Gazteei begira Durangoko Azokak antolatu duen egitarau berezia izango da eta egunean zehar Azokako gune guztietan hainbat kultur ekitaldi, jarduera eta ekimen izango dira. Hala nola, gazte-bazkaria, jinkana eta elektrotxarangen jaia egongo da Durangoko kaleetatik, ElektroPottotte eta OstiKda taldeen eskutik.

Egitaraua

Euskal kulturaren plaza izango da Durangoko Azoka. Argazkia: Gerediaga Elkartea

eztanDA! lelopean datorren Azokak, euskal kulturaren eta sorkuntzaren 250 kultur ekitaldi baino gehiago izango ditu sei guneetan sakabanatuta eta ohiko aforoak berreskuratuta.

Elkartegian kokatuko da Saguganbara gunea eta bertan familiei begirako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak ez dira faltako. Etxepare saria irabazi duen Kiratsa liburuaren aurkezpena; Potx eta Lotx aireportuan pailazoen ikuskizuna; Eider Eibarren Maeiour euskaraz marrazten dugu! web-jokoaren aurkezpena edota Ene Kantak dantzan ikuskizuna, esaterako.

Landako guneko Areto Nagusian Kabi@ eta Talaia espazioak izango dira. Kabi@, mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egiteko txokoa izango da abenduaren 7an eta 9an, berriz, Gamer Gela nobedadea ekarriko du. Ekimena Game Erauntsia taldeko kideekin burutuko da eta Rolariak taldeak ere hainbat mahai-jolas eramango ditu.

Talaia, bere aldetik, zabalkunde lanen eta liburu aurkezpenen gunea izango da abenduaren 8an, 10 ean eta 11n. Azken espazio honek, kultur arloko gai ezberdinen gaineko hausnarketarako tartea ere izango du. “Euskal literaturaren nazioartekotzeaz eztabaidatuko dute, esaterako, Euskadi Literatura saridunek; edota kultura eraldatzaileari buruz gaztetasunetik hausnartuko dute gazte sortzaileek”, azaldu zuen guneko arduradun Izaskun Ellakuriagak.

Zugaza Zinema, Irudienean espazioa bilakatuko da, Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera emateko. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Horietako bat, Paul Urkijoren Irati filmaren emanaldi berezia ere izango da, abenduaren 10ean, hainbat gonbidaturen parte-hartzearekin.

Szenatokia arte eszenikoei lotuta egongo da beste urte batez, San Agustin Kultur Gunean. Aurten pieza laburren erakusketa egongo da. Abenduaren 8tik 11ra arte 12 talde arituko dira, hiru talde egunero, bakoitza bi edo hiru saiorekin, guztira 29 saio eskainiz. Hainbat genero landuko dira: komedia, drama, bertsoak, musikalak, pole-dance...

Azkenik, Ahotsenea sortzaileen gunea izango da beste urte batez. Plateruenako oholtzara 47 talde igoko dira euren azken lanak aurkeztera. Besteak beste, Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein... Solasaldien gunea Musika Eskolan egongo da aurten ere, eta bertan aurkeztuko dira eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak... Sortzaileen artean, Katixa Agirre, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Anari Alberdi edo Anjel Lertxundi izango dira.

Ohiko guneez gain, aurten ere Durangoko Arte eta Historia Museoan ekitaldiak ere antolatuko dira. Abenduaren 8tik 11ra hainbat erakusketa egongo da ikusgai. Bestetik, apirilean zendu zen Iñaki Segurolari omenaldia egingo zaio eta Pol-len edicions argitaletxe kataluniarrak euren proiektua aurkeztuko du.

Azoka ‘on line’

Kulturzale eta sortzaileei ahalik eta baliabide gehien eskaintzeko helburuarekin Azoka presentziala eta digitala uztartuko dira. Horrela, erakusmahaitan salgai egoteaz gain, nobedade horiek guztiak Azokako on line dendan ere eskuragarri egongo dira, abenduaren 7tik 10era bitartean, www.durangokoazoka.eus webgunean. Bertan, hainbat emanaldi streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Azoka hasi baino lehen eta amaitu ostean ekitaldiak ere egongo dira. Adibidez, abenduaren 5ean DA! PRO sortzaileentzako topaketa profesionalak antolatuko dira San Agustin Kultur Gunean eta Bizenta Mogel bibliotekan. Era berean, Azoka amaitzen denean, abenduaren 12tik aurrera, Zu non, han DA! proiektua hasiko da, eta Azokan salgai egongo diren hainbat nobedade 132 liburu-dendatan eskuratu ahal izango dira. Gainera, lehenengo aldiz, sortzaileek euren lanen aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herriko 45 liburu-dendatan. 

Durangoko Azoka

57. edizioa

NOIZ. Abenduraren 7tik 11ra bitartean euskal kulturaren plaza bilakatuko da beste behin ere Landako Gunea eta Durangoko Azokak 57. edizioa ospatuko du.

930

Nobedade. Guztira 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak egongo dira eskuragarri eta liburutegi espazioa jarriko da hainbat liburu aldez aurretik ikusi eta irakurri ahal izateko, baita QR bidez abestiak entzuteko aukera izango da. 

‘eztanDA!’

Parte-hartzea. 176 parte-hartzaile izango ditu eztanDA! lelopean datorren edizioak eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorriko dira Azokara.

250

Kultur ekitaldi. Talaia, Kabi@, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia eta Ahotsenea prest daude 250 kultur ekitaldi baino gehiago eskaintzeko. 

248 

Erakusmahai. Azken bi urte bereziren ostean, kulturaren plaza pandemiaren aurreko datuetara itzuli da eta 248 stand izango dira Landako Gunean.

‘On line’

Denda digitala. Abenduaren 7tik 10era bitartean, aurreko bi edizioetan egin zen bezala, nobedade horiek guztiak Azokako www.durangokoazoka.eus webgunean ere eskuragarri egongo dira, Azoka presentziala eta digitala uztartuz.