Denbora gutxiren buruan belaunaldi bateko bi bertsolari ezagun eta herrikoi galdu ditugu: Gregorio Larrañaga Mañukorta joan zitzaigun orain asko ez dela, 78 urterekin; eta hamar gehiago zituen Txomin Garmendiaren hiletan bildu ginen irailak 16an Villabonako eliza nagusian, Txominen familia, lagun, bertsolari eta bertsozale asko. Hiletakoan argi ikusi genuen bertsolarien munduan oso ezaguna eta maitatua zela Txomin, 50eko hamarkadan Sebastian Eizmendi Loidisaletxe errezildarrarekin batera lehenengoz kantatu zuenez gero jendaurrean. Eta ibilbide luzea eta oparoa eginda joan zaigu, urteetan zehar Euskal Herriko herri, lagunarte eta txoko askotan kantatu eta bertsozaleak gozatu ostean.

Txapelketa askotan ere parte hartu zuen: Euskaltzaindiak antolatu ohi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusietan, finalean izan zen 1965ean, 1967an, 1980an eta 1982an; Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela berak jantzi zuen 1967an; 1962an hasi eta 1972ra arte Loiolako Herri Irratiak antolatu ohi zuen Bertsolari Gazteen Sariketan lehenengo saria irabazi zuen 1962an, irrati hartako entzuleek beren botoz halaxe erabakita; 1959an gazteen arteko saria irabazi zuen Aginagako txapelketan, eta herri arteko bertsolarien lehiaketan txapeldunorde izan zen 1999an. Auspoa sailean arrasto oparoa utzi du Txominek, eta hor argitara emandako lanen zerrenda ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: kronika sailean, Bizitzaren arian (1982), Denbora-pasa (1982), eta Gipuzkoa biotz-begietan (1983an Iñaki Linazasororekin elkarlanean), eta 2008ko nere egunkaria azkenengo bere lana hor gelditu dira; eleberri alorrean, Bordaberri (1983), eta Bertsoen kurpilla (1983), Erririk-erri (1984), eta Beltzak eta zuriak mendian ardiak (1985) bertsotan.

Joakin Berasategiren babesean Sendoa argitaletxeko liburu saltzaile izateaz gainera, garai batean, Gipuzkoako periodikoetan, Deian eta Aiurri herri-aldizkarian askotan idatzi zuen, eta Arrate Irratian eta abar banatutako kronikak ere gogoan izatekoak dira. Eta, nola ez, aipamen berezia egin behar diot azkenengo urte hauetan Txominek eskura eman izan didan hainbat eta hainbat bertso idatziri “bestela hortxe galduko dituk-eta” erantsiz. Baina ez dira galduko, jatorrizko paperak Koldo Mitxelena liburutegiko Antonio Zavalaren artxibora pasatuak baitira, betiere eskaneatu eta kopia bat nire artxiboan gordez, gaur edo bihar, abagune bat etortzen denean argitara emateko ere.

Kronika-zirriborro hau burutzeko, nire esker ona eta aitormena egin nahi diot 1962an Berrobiko bere baserrian ezagutu nuen Txomin Garmendia handiari.

Sinesmen handikoa hintzen, Txomin, eta goza ezak betiko bakean!

Eta hire familia, ahaide eta lagunei, nire sentimendua.

Ohorezko euskaltzaina