Pasadan uztailean, Gardeako Santa Kruz baselizaren inguruan indusketa arkeologikoa egiteko proiektua jarri zuen abian Laudioko Udalak, Laudioko ondare historikoari balioa emateko eta ikusarazteko.

Udalerriko eraikin erlijioso zaharrenetako batean egindako esku-hartzean, arkeologo-taldeak zundaketak, indusketa-lanak, erregistro grafikoa eta fotografikoa, planimetriak eta materialen inbentarioa egin ditu.

Zundaketak eraikinaren ondoko terrazetan egin ziren, haranetik gora dagoen eta Gardeagotxi izenez ezagutzen den eremuan asentamenduren bat egon zen ala ez egiaztatzeko. Hala ere, egindako bost azterlanek ez dute inguru horretan herrixka bat zegoela adieraz zezakeen material edo hondar organikorik aurkitu.

Indusketa lanak baselizaren barruan egin ziren, presbiterioan, hain zuzen ere. Lan horiekin, arkeologo-taldeak 964. urteko dokumentu batekin zerikusia izan zezaketen egiturazko elementuak eta materialak aurkitu ahal izatea espero zuen. Dokumentu horretan Gardean San Biktorri eta Santiagori eskainitako tenplu bat zegoela aipatzen da. Baina, azkenean, lanek ezin izan dute baieztatu eliza zaharra gaur egun Santa Kruz baseliza dagoen lekuan zegoenik.

500 URTEKO TXANPONA

Presbiterioan egindako indusketak ere gaur egun desagertuta dagoen aldarearen inguruan egin ziren, eta zimendatze-zangan txanpon bat agertu zen ustekabean. “Oso aurkikuntza baliotsua izan da. Ez bere balio materialarengatik, baizik eta bere kronologiak duen garrantziagatik; izan ere, azterketa serio baten faltan, Gaztelako Enrique IV. erregearen erregealdian sortu zen. XV. mendearen amaieratik zirkulazioan zegoen txanpona da, eta ziur asko Errege Katolikoetaraino jarraitu zuen, horiek ez baitzuten txanponik egin euren erregealdiaren lehen urteetan, euren aurrekoen txanpon-ugaritasuna zela eta. Beraz, garrantzi handiko erreferentzia kronologikoa ematen digu”, aurreratu du Juanjo Hidalgo arkeologoak.

Egindako ikerketaren ondoren, arkeologo taldeak ondorioztatu du 1.500 urtearen inguruan, Gardeagotxin, Gurutze Santuari eskainitako tenplu berri bat sortu zela, hau da, aurretik ez zegoela besterik. “Ez dugu ikusi tenplu horren inguruan etxerik edo herrixkarik izan denik. Bagenekien baseliza egurrezko egiturarekin eraiki zela, garai hartako lehen baserrien antzera, oinarritik teilaturainoko oin zuzen autosostengatzaileen bitartez, tiranteen eta egurrezko kaxa eta zirien mihiztaduraren bitartez lotuta.

“Lan horri esker, tokiaren garrantzia indartzeaz gain, gure udalerriko bizimoduari buruzko ezagutza galtzea saihestuko dugu. Udaletik udal ondarea berreskuratzeko eta ahalik eta ondoen mantentzeko bidean jarraituko dugu”, hitzeman du Ander Añibarro alkateak.